Goiburuko eta Kaletxikiko auzokideen arteko desafioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 3a, 12:10

Bi auzoetako ordezkariek herri kirol ezberdnietan neurtuko dituzte indarrak: lokotxak biltzea, harria jasotzea, ingudea, pirrinka, txingak, laia eta zaku karrera.
Desafioak ikusmina piztu du bi auzuneetan eta herri osoan, oro har. Jokoan afaria izango dute, eta dagoeneko errebantxa jokatzea pentsatzen ari dira.

Kaletxikitik, honako kirolariak agertuko dira desafiorako prest Berrozpeko jolas tokian: Juanjo Agudo, Gorka Mateo, Iñaki Irulegi, Josu Otamendi, Amaia Lakalle, Irati Loiarte, Iñaki eta Imanol Etxeberria anaiak eta Mikel Irigoras.
Goiburutik, berriz: Miren, Estebe, Maitane eta Jon Lopez de Munain anai-arrebak, Garazi eta Imanol Usandizaga  anai-arrebak, Ion Beloki eta Ane eta Ander Zabala anai-arrebak. Mistoa izango da lehia, ikus daitekeenez.
Azken bost urteetan Batzokia eta Ontza elkarteen arteko indar neurketak burutu dira. Lau irabazi zituen Batzokiak, bakarra Ontzak. Aurtengoan, ordea, aldaketak egingo dituzte. Desafio berriko partaideak  Berrozpeko jolaslekuan bildu ziren aurreko larunbatean.
Dena esatera, Kaletxikikoak baino gehiago Goiburuko kideak sumatzen dira ilusioz eta gogoz gainezka. Eskarmentua pilatuta daukate San Estebango jaietan euren artean egin izan dituzten antzeko lehiei esker; lehenengo aldia dute, ordea, Andoaingo beste auzo baten kontra indarrak neurtzen.         
Desafioak ikusmina eragin du, eta Berrozpeko jolaslekua ikuslez lepo jartzea espero da.
Lehiakideek jokoan afaria izango dute. Desafioaren errebantxa Goiburuko jaietan errepikatzeko asmoa dute bi aldeek, abuztuaren hasieran.
Arratsaldeko 17:00etan hasita, Berrozpeko jolastokian girorik ez da faltako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!