Emilio Iturriondobeitia, aurtengo Kandido

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 3a, 12:09

Emilio Iturriondobeitia izango da aurtengo Kandido pertsonaia, Kaletxikiko jaietan. Pozik hartu du izendapena, eta  jai egunetan bertaratzeko gonbidapena luzatu die bai auzotik kanpo bizi diren kaletxikitarrei, baita andoaindar orori: “Goikoplazatik aise jaisten zara aldapan behera, Kaletxikira. Eta behin behean zaudenean, kosta egiten da aldapan gora abiatzea”.

Zergatik uste duzu hautatu zaituztela?
Emilio Iturriondobeitia: Ez dakit, bada, ziur. Pentsatzen dut kontuan hartuko zutela auzoan bizi naizela eta jaiak estimatzen ditudala. Badira urte batzuk jai batzordekoek tentatu izan nautela. Hortaz, baietz esan diet azkenean...

Ba al dakizu zertan datzan Kandidoren zeregin protokolarioak?
E.I.: Pentsatzen dut jai hasierako eta bukaerako ekitaldietan ohorezko papera hartu beharko dudala, Txikitxoen ondoan. Formal eta irribarretsu ibili beharko da egunotan, eta batik bat, gauak moderazioarekin hartu; gainerakoan, a ze itxura goizetik betaurreko beltzak jantzita azaltzea kalean!
Soka dantzarekin daukat zalantza: kalamidadea naiz arin-arin eta fandangoa dantzatzeko orduan, eta ez dakit bada nola moldatuko naizen...

Zer esateko asmoa daukazu jaien irekierako diskurtsoan?
E.I.: Zaila dago originala izatea... Gogoraraziko dut jaiak guztiok goza dezagun antolatzen direla, eskerrak emango dizkiet antolatzaileei egiten duten ahaleginagatik... Hori bai, auzoan jaioa ez izan arren kanpotik hurbiltzen direnak azpimarratu nahi nituzke, ezinbestekoa baita beren presentzia Kaletxikiko jaiak arrakastatsuak izan daitezen.  

Jai zalea al zara izatez?
E.I.: Bai. Ez naiz jende andana zalea, baina badakit edozein jaiekin gozatzen; kontua, egitaraua apurka eta neurriko dosietan hartzen jakitea izaten da. Zarata eta estresarekin identifikatzen dira festak, eta egia da; hala ere, urte osoa daukagu lasaitasuna bilatzeko. Alde horretatik, iruditzen zait aurtengo San Pedro jaiei on egingo diela astebete atzeratu izanak.
Sanjuanak bukatu berritan, jendea nahiko asetuta geratzen baita; nagituta egoten da Kaletxikikoei puntua harrapatzen hasteko.   
Gehiago edo gutxiago, ezagutzen ditut Andoaingo gainerako jaiak. Santakruzak dauzkat apartekotzat zalantzarik gabe, baina beste auzoei ere bisitatxoa egitea gogoko dut; opor egunetan etxean baldin bagara bai, gutxienez. Bestalde, Sanjuanak ahotan hartuta batzuen batzuek adierazi ohi duten topikoari egin nahi nioke aurre: ez da egia eskasak direnik. Esaterako, benetan magikoa da suaren inguruan gauean egiten den ospakizun osoa; ez dauka parekorik!
 
Zein duzu ekitaldi kuttunena San Pedro jaietan?
E.I.: Bat aipatzekotan, danborrada esango nuke. Urtean bitan ateratzen naiz Andoainen, Peña Santa Krutz elkartearekin aurrena eta jai hauetan, ondoren. Badauka bere xarma: goitik behera jantzi, elkartean bildu, kalera irten, txarangarekin bat egin eta danborra jo...
Argi dago gazteentzat eta emakumeentzat Kaletxikikoa ekitaldi erakargarria bihurtu dela azken urtetan, eta pozgarria da hori.  

Familiako lau kideek nola ospatu ohi dituzue jaiak?
E.I.: Familiari erabat egokitutako jaiak dira. Heldua lasai asko joan daiteke sagardo egunera, bere haurra puzgarrietan dibertitzen ariko dela badakielako.
Gure kasuan, etxeko balkoira atera eta begi bistan jartzen zaigu jai gunea. Bertatik bertara dauzkagu jaiak, eta ez zaigu asko kostatzen eskaileratan behera jaistea! Beharbada, bi alabek Lulak eta biok baino sakonago bizi ohi dituzte: zapia jartzeko ekitaldian parte hartzen dute, Gora Kaletxiki txarangako musikariak dira...
Nola ikusten dituzu San Pedro jaiak?
E.I.: Badaukate meritua jai batzordekoek, Patxik, Ramon Zalakainek eta besteek, diru eskasarekin hiru egunetako jaiak antolatzeko! Azken urtetan, eraldatzeko gaitasun azpimarragarria erakusten dute jaiek: proposamen berriak egiten dira, jaiei diseinu berria itsatsiz. Esaterako, ikusi dute agortu samar zegoela Ontza eta Batzokiaren arteko desafioa, eta Andoaingo bi auzoren arteko lehia planteatu dute. Goiburukoek jende asko erakarriko dute, eta igande arratsalde polita datorkigu.  
Izatekotan ere, jaiak tren geltoki inguruko auzora zabalduko nituzke. Ez naiz formula majikoaren jabe, baina nola edo hala bertan bizi diren gazteak erakarriko nituzke bertara, festa ere eurena dela senti dezaten. Ez da lan erraza, izan ere sentimendu hori pizteko, lehenbizikoz, Kaletxiki auzoa eta auzotarrak gertutik ezagutu behar baitituzu, eta errealitatea da herrira hurbiltzeko horko auzotarrek ez dutela Kaletxikiko lotura egiten, Erroitz kaleko ibilbidea zeharkatu baizik. Bazkardo ere gehiago hartuko nuke kontutan; egia esan, bertako askok joera handiagoa eduki izan dute betidanik Kaletxikiko jaietara hurbiltzeko.     

Zu noiztik zara kaletxikitarra?
E.I.: 1992an etorri ginen bizitzera, Lula (Garcia) emaztea eta biok. Jende abegikorra topatu genuen auzoan aurreneko egunetik, eta berehala sentitu ginen bertakoak. Harrezkero, bi kaletxikitar ekarri ditugu mundura: Uxue eta Eider.

Nortasun berezikoak omen zarete...
E.I.: Egia da, bai. Lekuak markatzen du. Gogoratzen naiz Uxuek, txikitan, nola adierazten zuen temati: "ni ez naiz andoaindarra, ni kaletxikiarra naiz". Horrekin dena esana dagoela iruditzen zait. Bi kaletxikitarrek munduko edozein parajeetan topo eginez gero, berehala hasten dira Kaletxiki goraipatzen, zenbateko nostalgia ari diren sentitzen...
Auzoan pertsona gutxi bizi gara. Gehiago izango dira Kaletxikitik urrun bizi diren kaletxikitarrak, bertan bizi direnak baino. Nolanahi ere, auzoak erakarmen handia du eta kanpoan bizi den kaletxikitar horrek nekez huts egingo dio jaien hitzorduari.

Kaletxikitar ez den horri, jaietara azal dadin, zer esango zenioke?
E.I.: Besterik ez bada ere, anima dadila sartu-irten bat egitera edota pote bat hartzera. Horixe esango nioke.
Goikoplazatik aise jaisten zara aldapan behera, Kaletxikira. Eta behin behean zaudenean, kosta egiten da aldapan gora abiatzea.
Ez pentsa alferkeria kontua denik, edo gauza psikologikoa denik. Jaiekin gozatzen ari zaren seinale izaten da, besterik ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!