Ahoa Bete Hots jardunaldiak abian dira atzotik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 13:33

Amaia Vazquezek, Itziar Zubizarretak eta Asisko Urmenetak eskaini zituzten atzo Ahoa Bete Hots jardunaldietako lehen eguneko saioak. Bertsogintza eta antzerkigintza landuko da gaurkoan eta umorea eragiteko ariketak egiteaz gain, antzerkian emozioak lantzen ikasiko dute bihar, jardunaldiak amaitu aurretik. Mintzola ahozko lantegiko komunikazio saileko kideek igorri dute atzoko kronika:

Emozioek itzartu zuten atzo goizean Mintzolaren egoitza. Goizeko bederatziak pasatxo eman zitzaion hasiera VI. Ahoa Bete Hots jardunaldieiEmozioak eta umorea ahozkotasunean. Hainbat ikuspegietatik landuko da emozioa hiru egunotan eta horren erakusle izan zen atzoko saioa, ikuspegi sozial eta orokor batetik hasi eta ipuingintza, marrazkigintza eta bertsogintza ere izan baitziren talai. Kantuzale Elkarteko kide eta jardunaldien antolaketan parte hartu zuen Juan Luis Aranburuk egin zituen aurkezpen lanak, eta hark hartu zuen Amaia Vazquez psikologoa aurkezteko ardura.

Vazquezek jendaurreko jardunean egiten den emozien kontrolaren inguruko hitzaldia eskaini zuen. "Emozio" hitza latineko "astindu" hitzetik datorrela gogoratu zuen baina hala ere, astindu hori gordetzen saiatzeko ahalegina egiten dugula gizartean. Ildo horretatik azaldu zuen "desikasi" egin behar dugula: "gure emozioen lagun egin behar gara, ez irakatsi zaigun moduan horien aurka borroka egin. Adierazi egin behar dugu sentitzen duguna eta sentimendu horiek zeharkatu”. Emozio horiek norabide zehatz bati begira maneiatuko ditugu: "poza da gure iparra eta horren arabera kudeatuko ditugu emozioak".

Ondotik, Itziar Zubizarretak, Galtzagorri Elkarteko kideak eta Bularretik Mintzora proiektuaren arduradunak hartu zuen lekukoa. Ipuin klasikoak hartu zituen adibide ipuingintzan emozioekin egiten den trataera aztertzeko: "Andersenek sekulako hizkuntza literarioa erabiltzen zuen bere ipuinetan. Gerora istorioa sinplifikatzeko egin den ariketan ordea, emozioak irentsi dira eta horiekin batera istorioa eraldatu eta baita moraleja edo irakaspen mezua ere". Zenbaitetan gordinak diruditen mezuen atzean agertzen den sinbologia ere azaldu zuen, eta baita ohiko istorioetan agertzen diren elementuak, iniziazio errituak kasu.

Atsedenerako tartea eta gero, Asisko Urmenetak bere saioari heldu zion. Euskal Irria izeneko hitzaldia eskaini zuen, komikiak baliatuz, gizarte bateko kulturak umorean zer nolako eragina duen erakutsiz eta alderantziz, marrazki jakin batek gizarte jakin batean eragin dezakeena azalduz: "umorea ez da sekula neutroa". Euskal umoreari dagokionez, auzokoak karikaturizatzean poliziaren irudia baliatzeko joera dugula azaldu zuen eta aitzitik, "sexua gutxi samar agertzen da".

Hitzaldia amaituta, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariak lagun hartuta, Marrazkirriatutako Bertsoak bat-bateko saioa eskaini zuen, batak marrazten eta beste biak bertsotan (eta marrazten ere bai) inprobisatuz.

 

Gaur, uztailak 2, bertsogintza eta antzerkigintza

Jone Miren Hernandezek abiatuko du bigarren eguneko saioa; bertsolaritzan jarriko du begirada EHUko antropologia irakasleak eta ikertzaileak. Umorea osagai nagusitzat duten bertsolari txapelketak ezagutaraziko dituzte gero Lorea Arburuak, Imanol Epeldek eta Oxan Altunak. Atsedenaldiaren ondotik, Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariak ekingo dio Nola landu emozioak antzerkian tailerrari. Itziar Irigoien Ahoa Bete Hotseko batzorde kideak egingo ditu aurkezle lanak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!