Sari garrantzitsua Mikel Ibargoien kazetariari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 12:39

Mikel Ibargoien urnietarrak euskal kazetarigintzaren sari ospetsuenetakoa jaso zuen Andoainen, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko aipamen berezia hain zuzen. ETBn lanean aritu ondoren, Info 7 irratian eta Gaur 8 hedabidean emakume kirolarien inguruko saila zuzentzen du, eta bere lan horregatik saritu dute.

Garazi Kamio saioaren aurkezleak atariko bikaina eskaini zion urnietarrari, epaimahaiaren erabakia irakurri aurretik: “Emakumeok kirol profesionalean bagabiltza, erabat desagertzen gara besteen begietara. Hori besteen begietara da, sarituak ederki ireki baititu gu guztion begiak. Komunikabide batzuetako letrak lausotu egiten dira, ordea, emakumeen izenak agertzen direnean. Euskal Herrian izan badugulako AEBko futbol ligan atezaina den emakumea. Eli Sarasola du izena, eta hori denok dakigu ezta? Ai Eli, gizonezkoa bazina! Eskerrak norbaitek begiak irekitzen laguntzen duen”. Jarraian, Arantza Aguadok epaimahaiaren idazkariak, sarituaren merituak irakurri zituen: “Oso lan interesgarria, ikuspuntu desberdinetik jorratua, mahai gainean jartzen duena gaiaren konplexutasun osoa. Emakumeak elkarrizketatuz adierazten du aldi berean nola eraman ditzaketen aurrera beren kirolari, ikasle, langile, familia eta emazte bizitzak oraindik ere matxista samarra den gure gizartean”.
Eta ikusleen txalo artean urnietarra oholtza gainera igo zen, saria jasotzera: “Epaimahaiari eskerrak eman nahi dizkiot, niretzat oso pozgarria da. Atzetik egindako lanak fruituak ematen dituelako eta, zentzu berean, etorkizunean lanean jarraitzeko indarra ematen duelako. Duela gutxi ametsei buruz idatzi nuen eta hori gogora ekarri nahiko nuke. Idatzi horretan nioen guk ametsen bitartez zoriontasuna bilatzen dugula, gure desioen sorburu ere badirela aipatzen nuen. Ilusio horrek piztuta ametsak errealitate bihurtzen saiatzen gara. Ametsak mota askotakoak daude. Txikiak izan daitezke, estresak jota gaudenean adibidez lagunekin asteburu pasa joatearekin amestea. Eta gero badaude beste amets potoloago batzuk. Potoloen multzo horretan sartu nuen Rikardo Arregi Kazetaritza Sari hau jasotzea. Bertara aurkeztea erabaki nuenean nire ametsa irabaztea zen, eta amestea libre denez, sari nagusia irabaztea amesten nuen. Ez da posible izan baina epaimahaiaren sari berezia jaso dut eta esan dezaket, beraz, ametsa neurri batean gauzatu dudala. Oso pozik nago, Gaur 8 hedabideari ere eskerrak eman nahi dizkiot. Gai berari buruz astean behin saioa eskaini dugu Info 7 irratian eta helburua berdina zen: Emakume kirolariei behar bezain besteko protagonismoa eta ahotsa ematea. Gaur gaurkoz emakumezko kirolariak hedabideetan beti geratzen dira bigarren, hirugarren, laugarren edota bostgarren plano batean, erabat gutxietsita, nahiz eta haien lorpenak geroz eta handiagoak direla ikusi. Hedabideotan lan egiten dugunok badugu erantzukizun hori, emakumeek egiten duten lan hori itzaletik argitara ateratzen”.
Bukatzeko, gonbite zehatza luzatu zuen: “Berdintasunaren bidean nork bere alea jartzea garrantzitsua da. Eta horretarako proposamen bat egingo dizuet: Gararekin banatzen den Gaur 8n jarraituko dugu emakume kirolarien gaineko erreportajeak eta elkarrizketak jorratzen eta Info Zazpiko kirol leihoa ere irailean itzuliko da. Zuen aletxoa jartzeko, badazizue, irratia piztu, Kirol Leihoa entzun eta Gaur 8ko artikuluak irakurri”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!