Yoga, haur eta gaztetxoentzat ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 10:21

Senai osasunerako terapien zentroak hainbat tailer, ikastaro eta kontsulta bideratzen du urtean zehar. Bada, uztaileko asteazkenetan, 3-12 urte bitarteko haurrentzako yoga saioak eskainiko ditu.

Pello Gallo eta Amaia Martinez, Senai zentroko kideak dira, –Amaia baita biomagnetista ere–. Nagore Horna, berriz, Donostiako Madhurai taldeko kidea da, Andoainen haurrentzako yoga saioak bideratuko dituena. Hiru kideen artean azaldu dute euren egitasmoaren nondik norakoa.
Orain bost urte, zentroa zabaldu zutenetik eskaini dute Senain haur nahiz helduek yoga egiteko aukera. Txikienen kasuan taldeak osatzea zaila dela dioten arren, ez dute saiakera baztertu eta hasierako apustuari eusten diote oraindik ere. Aurten, uztaileko asteazkenetan izango da aukera hori. Nagorek haurrei zuzendutako yogaren helburu nagusia, ondo pasatzea dela adierazi du: “Haurrek yoga ezagutu eta ekimen arrunt moduan har dezaten gustatuko litzaiguke. Handitzen direnean, umetan yoga egiten zutela eta ondo pasatzen zutela akorda daitezen”. Era berean, yogari esker, konturatu ere egin gabe, haurrek eragin on asko jasotzen dutela nabarmendu du, “jolasetan oinarrituta, besteak beste, erlaxatzen, euren buruak ezagutzen, onartzen edota maitatzen ikasten dute. Baloreak lantzen ditugu ipuin, jolas, erlaxazio ariketa nahiz masajeen bitartez”.

Adinka banatuta
Senai zentroko kideen nahia, adinka banatuta, haurren hiru talde osatzea litzateke, adin tarte bakoitzean yoga lanketa ezberdinak egin nahiko bailituzkete. Pelloren ustez, 3-5, 6-9 eta 10-12 urte bitarteko hiru talde osatzea litzateke egokiena. “Txikiek mugimendua gogoko dute eta animaliekin lotutako yogako posturak lantzen ditugu batik bat, ipuin nahiz ariketa ezberdinen bidez. Handixeagoak direnean, erronkak gustatzen zaizkie gehiago: orekazko posturak tartekatuta, esaterako, ikasturtean zehar nola aurreratu duten ikustea gustatzen zaie”, azaldu du Nagorek. Umeekin lan egiteko oso irekita egotea ezinbestekoa dela dio eta imajinazio handia behar dela, yogak ateak guztiz zabalik dituelako. Saioek, oro har, zati dinamiko eta lasaiagoa izan ohi dute, “umeek mugimendua behar dutenez, lehen zatian dantzak, beroketa ariketak eta jolasak tartekatzen ditugu. Erlaxazio eta arreta nahiz imajinazioa lantzeko ariketa lasaiagoak egiten ditugu bukaeran. Asko gustatzen zaigu irudikatu dutena marraztuz saioak amaitzea, bakoitzari zer ateratzen zaion ikusteko”.

Yoga egitearen garrantzia
Yoga izaera ezberdinetako haurrek burutzeko ekimen egokia da Nagoreren ustez. Hala ere, yogak miraririk egiten ez duela argitu du, “izan ere hainbat gurasok haurrak diren baino lasaiago nahi baitituzte eta haiek yogara bideratuz lortu nahi izaten dute asmo hori. Baina hori ez da posible; haurrak, haurrak diren momentutik mugitu egin behar baitute”. Haur txikienen kasuan, Senaitik egiten duten proposamena, gurasoek ere umeekin batera saioetan parte hartzea da. Parte hartze hori oso aproposa eta koherentzia handikoa dela uste du Amaiak, “haurrak saioetan ikusten duena gero etxean lan baitezake gurasoekin batera”. Haurrek masajea edo erlaxazioa zein gozagarria den ikasten dutenean izugarri disfrutatzen dutela dio Nagorek eta, lasai egoten edota gure burua ezagutzen ohituta ez egoteaz gain, horretan inork erakusten ez digulako, yoga egitea oso garrantzitsua dela uste du. “Horregatik, beste hainbat terapiarekin batera, hasieratik egin dugu Senai zentroan yogaren aldeko apustua. Patologiaren bat izan edo ez, haur asko tratatzen dugu zentroan eta askotan konturatzen gara haurrak arnasten jakingo balu edo norbaitek lasaitzen gidatuko balu, ez litzatekeela iritsi den puntura iritsiko. Yoga oso baliogarria da oinarriak jasotzeko, modu baketsuan ematen da eta bizitza guztirako ikasgaia da; txikitan bezala, heldutan ere gara daitekeena”, azaldu du Amaiak. Haurrak ondo arnasten jaiotzen direla gaineratu du Nagorek, baina bizitzan zehar pixkanaka erraztasun hori galtzen joaten direla, malgutasunarekin batera. Eta, dudarik gabe, mantentzeko ahalegina egin behar dela, “osotasunari begira, berriz ere haurrak izateko esentziara itzuliz”. Arnasketa oso garrantzitsua da osasunari begira. Egungo bizimoduan sortzen den estresaren ondorioz, ordea, askotan arnasketa azalekoa eta motza bihurtzen da, ondo egin daitekeela ahazteraino. Egunean hiru aldiz behintzat sakon eta ondo arnasteak nerbio sistema lasaitzen laguntzen duela gogorarazi du yogako irakasleak. “Askotan, norbaitek esan arte ez gara ohartzen gaizki arnasten dugunik, mekanikoa baita. Ariketa ezberdinen bidez txikitatik ondo arnasten ikastea oso gomendagarria da”.

Senai zentroaren eskaintza
Urtean zehar Pilates, Yoga, Tai Chi-Chi Kung, Reiki edota gimnasia hipopresiboko tailer eta ikastaroak eskaintzen dituzte. Biomagnetismoa, homeopatia edota haurrentzako arnasketa masajeak ere bai, baita haurdunaldiaren prestaketa nahiz ondorengo saioak ere. Berriki, musikoterapia edota mantra kontzertua eskaini dituzte eta oso esperientzia politak izan direla adierazi dute Pello eta Amaiak, izugarri gozatu dutela. Gai ezberdinen inguruko hitzaldiak eta konstelazioak ere antolatzen dituzte tarteka, “beti ere osotasunarekin lotuta, pertsonaren alderdi guztiak landuz: fisikoa, psikikoa eta emozionala”. Pozik daude krisi garai bete-betean, zailtasunak zailtasun, aurrera egitea lortu dutelako, jende oso interesgarria ezagutu dutelako eta aurrera begira ere proposamen erakargarriak egiten jarraitzeko asmoa dutelako.
Leitzaran eta Oria ibaiak elkartzen diren gunean bertan kokatzen da Senai zentroa, energia handia sortzen den tokian. Oso leku berezia da Pello nahiz Amaiarentzat, aspaldidanik osasunarekin lotuta dagoen inguru magikoa.

Madhurai taldea
Donostiako Madhurai taldeko kide da Nagore Horna. Bost kidek osatzen dute talde sortu berria. Bereziki emakumeari euren bidean laguntzen aritzen dira, bai haurdunaldian, erditzea prestatzen nahiz erditze ondorenean ere. Amatasunarekin lotutako gaiez gain, haurrei edo familiei zuzendutako yoga saioak eskaintzen dituzte. Baita Venus izeneko yoga saioak ere: emakumeek hormonen eraginez izaten dituzten gora-beheratan laguntzeko saioak. Bost taldekideek eskola berean egin zituzten ikasketak eta gerora, eskola ezberdinetan sakondu dituzte jakintza horiek.


Haurrentzako yoga
  • Uztaileko asteazkenetan 09:30-13:30.
  •  3-5 / 6-9 / 10-12 urteko haurren taldeak.
  • Senai zentroa (Kale Nagusia 28).
  • Izen-ematea: 943 243 600 / 659 579 966.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!