Erreka hotela, txakur eta katuentzako ostatu berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 09:58

Txakur eta katuei zuzendutako Erreka hotela zabaldu berri du Oscar Medina Lasak izen bereko baserriaren parean, Amasako Aranerreka bailaran.

Txakur hezitzaile eta trebatzailea da Oscar lanbidez eta ingurune paregabean aurkitu du bere langintzan aurrera egiteko aukera. Orain artean Donostian aritu da etxe ezberdinetako txakurrak zaintzen eta aurrerantzean, txakur gehiago batera hezteko asmoa du Amasan. Oscarren aiton-amonak amasarrak ziren, Erreka baserrikoak. Bertan bizi da egun Oscar eta baserriaren pareko terrenoei erabilera emanez, txakur eta katuei zuzendutako hotela irekitzea erabaki du. “Erreka izena jarri diogu hotelari ere, aiton-amonen baserriari ohore eginez”, azaldu du.
Txakurrekiko bere zaletasuna ez da aspaldidanikoa, orain lau urte gurasoek txakurra etxera ekarri zutenean hura hezteko ikastaro bat egin ondoren, bide horri eutsi eta ikastaro gehiago egitea erabaki zuen, harik eta bere ofizioa hantxe aurkitu zuen arte.

Beharrezko zaintza ziurtatuta
Oporretara edo asteburupasa doazenei, egunean zehar lanean ari direlako zaindu ezin dituzten norbanako edo familiei, ehiza denboralditik kanpo txakurren kargu egin ezin duten ehiztariei edota, besteak beste, euren katu edo txakurrak zaindu ezin dituzten adineko pertsonei zuzenduta zabaldu du Oscarrek Erreka hotela. Txakur hezitzailearen ustez, krisiak ez du horretan eraginik izan eta jende askok du txakurra etxean. “Gero eta txakur gehiago ikusten dut nik kalean. Txakur jabeek oso ondo zaintzen dituzte txakurrak, ia euren umeak balira bezala. Nik konfiantza osoa erakutsi nahi diet jabeei, txakurrak behar bezala zainduko ditugula ziurtatuz. Txakurrak gure artean pozik, lasai eta gustura senti daitezen nahi dugu”. Txakurrena bezala katuen hotela ere izango da Erreka eta haien jabeek nahi duten denbora tartean utzi ahal izango dituzte beren animaliak bertan. Pertsonei zuzendutako hotelaren pareko baldintzak izango ditu animalien hotel honek ere. “Nahi adina egun egon daiteke bakoitza. Txakur edo katu bat baino gehiago ekartzen duenarentzat merkeagoa izango da egonaldia. Udako denboraldia negukoa baino garestiagoa da…”. Eskualde mailakoak ez ezik, Gipuzkoa osoko txakurrak hartzeko asmoa du Oscarrek. Gainera jabeek animaliak Amasaraino ekarri beharrean, etxerainoko zerbitzua ere eskainiko du. “Hala eskatzen digunari, etxetik hotelera ekarri eta hoteletik etxera itzuliko diogu bere txakur edo katua”.

Hiru gunetan banatuta
Hiru gune ezberdin izango ditu Erreka hotelak:
  • Txakur handiei zuzendutako 6 box, bakoitza bere gune estali eta irekiarekin. Ohea eta jateko gunea izango dituzte.
  • Txakur txikiei zuzendutako 12 etxola txiki, Oscarrek beste inon ikusi ez duen negutegi bereziaren baitan: Udan fresko mantenduko da barrua, neguan epel. Ohea eta jateko gunea izango dituzte. Indibidualak edo kolektiboak izan daitezke.
  • 10 katurentzako espazio berezitu babestuak, bakoitza bere leihoarekin. Beste katuekin elkartzeko ohiturarik ez duten katuak bakarrik egongo dira eta gainerakoek elkarren artean jolasteko gunea izango dute.

Zerbitzu ugari
Hiru gune nagusi horiez gain, zerbitzu gehiago ere eskainiko dituzte Amasako hotel berezian: Batetik, hiru zatitan banatutako 6000m2ko terreno irekia du, txakurrak aske ibil daitezen. Bestalde, txakurrak pasiatzeko zerbitzua eskaintzen du Oscarrek, “inguruak horretarako aukera ezin hobea ematen digulako. Erreka ere gertu-gertu igarotzen denez, txakurrek bertan jolastu eta freskatzeko aukera izango dute”, zehaztu du. Txakur edo katuren bat gaixotuz gero, albaitaria arduratuko da haiek artatzeaz. Hala ere, txakur edo katuak min hartuko balu, zauria sendatzeko gela egokitu du hotelean bertan. Baita, oso heldua delako edo arazoren bat duelako txakurren bat bakartu beharko balitz, hura besteengandik bereizita edukitzeko gela ere. Eta nola ez, txakurrei zuzendutako bainugela ere badute. Bertan txakurrak bainatu eta lehortzeaz gain, ilea mozteko aukera ere izango dute. Modu horretan, hoteleko egonaldiaren ondoren, garbi eta txukun jaso ditzakete berriz ere jabeek txakurrak etxean.

Eskaintza ezberdina
Txakur eta katuei zuzendutako hotel ezberdinetan barrena ibili da Oscar azken boladan eta berak eskaintza ezberdina egin nahi duela dio. Txakur eta katuei tratu indibidualizatua emateko asmoa du, haietako bakoitzari oso gertuko zaintza eskainiz. Ondorioz, oso argi dauka txakur-jabeak eskatutako bideari jarraituz egingo duela lan. “Hainbat jabek ez dute beren txakurra besteekin elkartu nahi izaten, beste batzuei taldean heztea gustatzen zaie. Guk bakoitzak eskatzen digunaren arabera zainduko ditugu”. Hala ere, Oscarrek ez du zalantzarik egiten txakur askok halako lekuak elkarbanatzerakoan, askotan euren jarrera guztiz aldatzen dutela esaterakoan. “Txakurrik oldarkorrena lasaiena izan daiteke jabearengandik urruntzen denean. Txakur askok guztiz aldatzen dute beren izaera taldean daudenean”.
Erreka hotela gertutik ezagutu nahi duen orori ateak zabalik dituela jakinarazi nahi dio arduradunak, “etor daitezela lasai”.

Txakur eta katuentzako janari berezia
Hotelaren baitan, oinarrizko materialak eskainiko dituzten denda ere izango dute. Eta bertan txakur eta katuei zuzendutako Naku pentsu hidratatu gabea ere eskainiko dute. “Pentsu berezi hori urarekin nahastu eta mikrouhinetan berotu behar da. Pisu arazoak dituzten txakurrentzat nahiz pisua hartzea kosta egiten zaienentzat oso lagungarria da janari hau”, adierazi du Oscarrek, Gipuzkoan beste leku batean soilik saltzen dutela esatearekin batera.

Hotelaren webgunea:
www.errekahotelcaninofelino.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!