Irizar taldeak autobus elektrikoak egingo ditu Adunan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

2016an, pauso garrantzitsua ematera doa Irizar, Adunan lantegi berria irekiko baitu. Sorabillan bizi den Irizarko lehendakari eta finantza zuzendari Gorka Herranzek eman ditu azalpenak.

Irizar taldeak hainbat berrikuntza egin du autobus garraioaren arloan. Zehaztuko al zenituzke aldaketa horiek?
Irizar, Europa mailako karrozeria fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat izan da distantzia labur, ertain eta luzean. Duela lau urte pauso garrantzitsuak eman zituen eta karrozeria lantzetik autobus integralak egitera igaro zen. Modu horretan, marka sendotzen eta Europan autobus fabrikatzaile onenetariko bat izateko urratsak ematen ari gara; Champions mailan jokatzen duen enpresa izatekoa, alegia. Gasoleo erregaizko autobusak egiten ditugu, laurogeita hamar herrialdetara esportatzen ditugunak. 2008tik aurrera merkatuak behera egin zuen arren, eskaintza bermatzen saiatu ginen. 2010-11tik aurrera, ordea, berriz ere ekoizten ari gara. Momentu honetan, gasoleo erregaizko sei autobus fabrikatzen dugu Irizar Ormaiztegi lantegian egunean eta merkatuak aurreko maila berreskuratzen duenean, distantzia ertainetako autobus kopurua mantendu egingo dela uste dugu.

Elektromugikortasunari lotuta, buru-belarri lanean ari zarete. Zein asmo duzue Adunan altxatuko duzuen eraikin berrian?
Orain lau urte pasatxo, autobus elektrikoa errealitate izan zedin lehen pausoak eman genituen eta jada, 2014an, lehen unitateak martxan jarri ziren bai Donostian edota Bartzelonan. 2015 urtean 8-10 autobus elektriko entregatuko ditugu. Poliki-poliki, goruntz doa alor hori eta halaxe erakusten digute jasotzen ari garen erreakzioek ere. Badirudi hiriko garraio publikoan garraio elektrikoa txertatzen joango dela pixkanaka. Irizarrentzat jarduera berria da hiriko autobusak egitea, orain artean ez baikenuen halakorik egiten. Jauzi bikoitza da guretzat, hiriko autobusak ez ezik, elektrikoak egiten hasi baikara. Kutxadura arazoa handia da hainbat hiritan eta baita poluzio akustikoa ere. Garraio elektrikoaren alde egiten ari den jende, hiri eta erakunde asko dago eta guk ere garraio mota horren aldeko apustua egingo dugu. Dudarik gabe, autobus elektrikoek etorkizunean goruntz egingo dutela uste dugu. Une honetan hilabetero autobus elektriko bat fabrikatzen ari gara eta epe ertainera begira, Irizarrek beste egitura bat behar zuela jabetu eta Adunako lantegia sortzea erabaki genuen. Egitura berri hori bideratzen duela hainbat urte hasi ginen eta duela urte dezentetatik genekien Adunako lur sail horien berri. Kokaleku egokia iruditu zitzaigun. Krisi garaiak aurrera egitea gerarazi bazuen ere, oraingoa momentu egokia dela uste dugu eta beharrezko inbertsioak egingo ditugu. 2016 urte bukaerarako Adunako eraikina bukatuta egotea espero dugu.

Nolakoa izango da Adunako lantegi berria? Zein eragin izango du eskualdean?
33.000 m2 izango ditu eraikinak, baina horietatik 12.000-18.000 m2 eraikiko dira 2016ko lehen fasean. Eskaerak baieztatu ahala joango da hazten gerora. Martxa hartu artean, oraindik ez dakigu zenbat langile beharko dugun, baina, dudarik gabe, lantegiak mugimendua sortuko du eskualdean. Guk beti esaten dugu pertsona formatuak behar ditugula. Edozein lekutatik etor daitezke langileak gurera eta, noski, bertakoek ere izango dute aukera.

Zer moduzko harrera izan dute lehen autobus elektriko horiek? Zein ezaugarri ditu?
Irizarko dozena erdi autobus elektriko hirietan barrena dabiltza eguneroko zerbitzuak eskaintzen eta kudeatzen dituzten enpresak oso gustura daude. Horrek lasaitasuna ematen digu guri. Egun osoko autonomia dute autobus horiek, gelditu gabe. Gauean kotxe-tokira iritsi eta bost orduz kargatu ondoren hurrengo eguneko ibilbidea egiteko prest egoten dira. Gu harro sentiarazten gaitu autobus elektriko hori Irizar taldeko enpresa askok parte hartuta abian jarri den proiektua izatea. Kasu honetan, Jema (elektronika), Datik (garraiorako irtenbide inteligenteak), Creatio (gure taldeko I+D zentroa), Hispacold (klimatizazioa), Masats (irisgarritasuna). Taldeko proiektua da, oso indartsua; Euskal Sareko zentro teknologikoak ere parte hartu duena.

Irizarko lehendakari ez ezik, Irizar taldeko finantza arduraduna ere bazara. Biak ere, ardura handiko postuak dira…
Bi paper betetzen ditut, bai. Zortzi urte baino gehiago daramat lehendakari gisa, kooperatiba osatzen duten bazkideek hala bozkatuta. Harrotasunez ordezkatzen dut Irizar ekitaldietan, baina erantzukizun handiko ardura da, barruan nahiz kanpoan hartu behar diren erabakietan koherentzia mantendu behar delako eta taldearen estrategietan parte izan behar dudalako, kooperazioan lan egiten duten pertsonen eskaerei erantzunez nahiz kooperatibaren eta pertsonen interesak zainduz. Duela hainbat urte dibertsifikazio geografikoa egitea erabaki genuen eta Maroko, India, Mexiko edota Hego Afrikara joan ginen. Azken bospasei urte hauetan, berriz, jauzi garrantzitsua eman dugu eta produktu berriak merkaturatuz, Europa nahiz Europatik kanpo ordezkaritza komertzialen sarea sortzen ari gara. Dibertsifikazio industriaren alde egin dugu eta dozena erdi enpresa gehitu dugu Irizar taldera azken bost urteotan, krisialdiak gogor jo duen urteak izanagatik. Teknologiaren aldeko apustu garrantzitsua ere egin dugu eta horrela sortu da gure Creatio I+D taldea. Marka indartzen saiatzen ari gara.
Bestalde, 20 urtez ari naiz Irizarko finantza zuzendari lanetan. Esperientzia asko bizi izan dut urte horietan zehar eta, besteak beste, kooperatibaren hazkundea ikusi dut bai fakturazioan (iritsi nintzenean 40 milioi fakturatzen zen, orain 550 milioi euro), bai pertsonalean (400 pertsonatik 2500 baino gehiagora jauzia), bai filialetan (orduan filial bakarra zegoen, egun 25 baino gehiago)… Gure enpresak munduko toki ezberdinetan daude eta ordu aldaketen gainetik, finantza arloan haiei erantzuten eta jarraipena egiten saiatzen gara.


Irizar, Iturzaeta memorialaren babesle
Gaztetxotatik kirol zalea eta kirol asko egindako pertsona da Gorka Herranz, igeriketa batik bat. Egunak denerako ematen ez duenez, alor horretan nahikoa geldirik omen dago azken boladan, baina kirol ezberdinen jarraipena egitea gustatzen zaio, tartean baita pilotarena ere. Irizar taldeak, besteak beste, Andoainen azken urteotan antolatzen den Iturzaetaren omenezko pala txapelketa babesten du. “Orain hiruzpalau urte eman zidaten memorialaren berri eta oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Beste proiektu askotan bezala, diruz laguntzeko aukera aztertu genuen kooperatibako kontseilu sozialeko hamabi kideok eta Gipuzkoan pilota eta palaren alde egiten den proiektu interesgarria iruditu zitzaigun”, azaldu du Gorkak. Memorialeko partida guztiak ‘in situ’ jarraitzea ezinezkoa egin zaio Gorkari, baina hainbat finalaurreko eta finala ikusteko aukera izan du eta oso partida onak iruditu zaizkiola adierazi du, kirolaz gozatzeko aukera ezin hobea. “Memoriala kudeatzen dutenek seriotasunez egiten dute lan eta urtez urte indarra hartzen ari da txapelketa”. Antolatzaile guztiak zoriondu ditu. Euskal kultura, kirola eta euskara sustatzeko ekimenei ematen dio Irizar taldeak bere diru-laguntzen herena, Gipuzkoa nahiz Euskal Herriko elkarte ezberdinei beste herena eta laguntza behar duten herrialde txiroagoei azken herena.


Historia pixka bat

 

  • Jose Franzisko Irizar ormaiztegiarra errementaria zen lanbidez, eta baserriz baserri ibiltzen zen tresnak konpondu eta egiten. 1889 urtean sortu zuen Irizar enpresa eta haren hiru semeek hartu zuten laster lantegiaren ardura. Burdinezko tresna ezberdinak eta gurpilak lantzen aritu ziren zenbait urtetan, eta gurdien konponketa lanak ere egiten zituzten.
  • 1922an sortu zuten trakzio mekanikoa zerabilen lehen autobusa, Julian Apaolaza bezeroak Frantzian erositako txasisean oinarrituta. Horrelaxe hasi ziren Irizar anaiak autobusen munduan murgiltzen, eta geroztik, garapen izugarria izan du enpresak.
  • 1963. urtean sortu zuten Irizar kooperatiba, 48 bazkideren artean. Autobus modelo ezberdin ugari sortu dute geroztik Irizarko kideek; haietako batzuk nazioartean sarituak izan dira gainera.
  • 1995ean mundu mailan zabaltzen hasteko pausoa eman zuten. Txina, Maroko, Brasil, Mexiko, India, Hegoafrika..., lantegi ugari zabaldu zuten.
  • Egun, 3300 langile inguru ditu Irizar kooperatibak. Elektromugikortasunaren inguruko ikerketan murgilduta dabiltza, eta eremu horretara bideratuko dute Adunako lantegi berria.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!