“Zure buruarekin egoten ikasten duzu espetxean”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 09:53

Hamabost urtez espetxean egon ondoren, aske dago Ander Geresta zizurkildarra.
Etxekoen, lagunen eta herrikideen harrera jasota, egunerokotasunera moldatzen ari da orain.

Hamabost urte espetxean pasa ondoren, berriro etxean. Zer moduz aurkitzen zara?
Gizartea, tokiak...., dena oso aldatuta dago; ahalik eta lasaitasun handienaz ari naiz aldaketa horiek guztiak barneratzen, pixkanaka. Begiak zabaldu, eta ingurua, jendea edota giroa nola aldatu diren ikusten ari naiz, presarik gabe. Bestalde, dena eman nahi dut bikotekidea, alabatxoa eta etxekoak zaintzeko, orain arte beraiek izan baitira ni zaindu eta mimatu nautenak. Hala ere, askotan sentitzen dut babestuko nauen norbaiten beharra. Eskutik heldu eta aldaketa hauetan barrena gidatuko nauen jendea daukat inguruan eta horrek asko laguntzen dit. Espetxeko egunerokotasunean, oso jende gutxirekin egoten nintzen eta orain, bat-batean, jendez inguratuta ikusten dut nire burua. Egoera berri horretara ohitzeko premia ere badut oraindik.
Gainera, askatasun sentsazioa pixkanaka barneratu beharra daukat, izan ere, oraindik arraro egiten baitzait nahi dudanean kalera ateratzeko aukera hori izatea.
Bestalde, espetxean dagoen jendearekin gogoratzen naiz etengabe. Han barruan bizi diren egoerak, oraindik ere bertan dauden lagunak...

Espetxean pasatako urteotan, nola jaso duzu Euskal Herriaren inguruko berri?
Egunkariak irakurriz, telebistako teletesto zerbitzua jarraituz eta, bereziki, bisiten bidez. Euskal Herrian gertatzen ari denaren inguruko jakin-min ikaragarria izaten dugu barruan gaudenean. Fisikoki ezin dugunez gerturatu, informazioa jasoz lortzen dugu etxetik gertuago sentitzea. Nolanahi ere, eta informazioa jasotzen dugula ere, Euskal Herritik atera gineneko argazki finkoa mantentzen dugu buruan. Ez da batere erraza gertutik bizitu ez duzun zerbait barneratzea. Horregatik, espetxe barnean nengoela jaso nuen informazio hura kokatzea eta dagokion lekuan jartzea egokitzen zait orain.

2000. urtean atxilotu zintuzten Bordelen. Nola gogoratzen dituzu egun haiek?
Frantzian atxilotu ninduten, eta horrek lasaitasun pixka bat eman zion egoerari, nahiz eta tentsio momentuak ere izan ziren. Espetxealdiko lehen hilabeteetan, handik ihes egitea da buruan darabilzun ideia bakarra. Preso gehienek bizitzen dugu gogo hori. Denborarekin, eta fisikoki alde egitea ia ezinezkoa denez, beste modu batera ihes egiteko ahaleginean hasten zara; ametsen bidez.
Espetxera iristea, bestalde, nahiko ikaragarria da. Hogeita bat urteko gaztea nintzen atxilotu nindutenean, eta ez nekien oso ondo zerekin egingo nuen topo. Bertan aurkitutako gainerako euskal presoen babesak asko lagundu zidan egoera hari aurre egiten. Pixkanaka han barruko martxa hartu nuen. Frantsesa ikasi eta egokitzen joan nintzen.
Borroka honetan sartzen zarenean, badakizu hurrungo fasea espetxea izango dela. Erresistentzia modukoa da, eta gogorra egiten da, baina borrokaren beste zati bat bezala bizi baduzu, eramangarriagoa egiten da. Kide batek beti esaten zuen espetxe barneko borrokaldirik garrantzitsuena irribarrea mantentzea eta irribarre horrekin ateratzea zela. Irribarre horrek ematen dizu beste borroka guztiei aurre egiteko indarra.

Etxetik kilometro askotara bete duzu espetxealdia. Zer suposatu du horrek zuretzat eta ingurukoentzat?
Bisitaldiek bi alde dituzte. Batetik, lagunak eta etxekoak etortzeak ikaragarrizko indarra ematen dizu baina, bestetik, ardura handiz bizitzen dituzu bisitaren aurreko eta ondorengo orduak. Nik oso gaizki pasatzen nuen bisitan etorritakoak onik itzuli zirela jakin arteko tarte hori. Etxean zeudela ziurtatutakoan, nire onera etorri eta orduan hasten nintzen bisitaldian bizitutakoak barneratzen eta gozatzen. Zortez ez dugu istripu larririk bizitu, bikotekideak eta lehengusuak izandako susto txiki bat besterik ez. Hala ere, beldurra beti hor dago.

Frantziako espetxeetan pasa zenituen espetxealdiko lehen urteak. Kontaiguzu...
Frantzian, oso baldintza ezberdinak dituzte preso prebentiboek eta dagoeneko epaituak izan direnek. Prebentiboak oso baldintza gogorretan egoten dira; telefonorik gabe, eguneko 21 ordu ziegan pasaz... Behin epaiketa pasa eta zigorra finkatuta, egoera erabat aldatzen da: Ia egun osoa igaro dezakezu patioan, kirola egiteko aukera duzu, bisitak ere luzeak izaten dira, telefono deiek ere ez dute denbora mugarik... Kanpoko jendearekin harremana izatea errazten du horrek guztiak; etxekoekin edota bikotekidearekin esaterako. Hiru arreba ditut, eta telefonoz edota bisitaldien bidez bizitu izan ditut haien nerabezaroak, ikasketak, parrandak, etab.

2012an espainiaratu zintuzten. Aldaketa handia nabaritu al zenuen Frantziako espetxeetatik Espainiakoetara?
Bai, ikaragarria. Banekien Espainiako espetxeetan denboraldia pasatzea, askatasuna lortu aurretik eman beharreko pausoa izango zela eta aurrez prestatzen saiatu nintzen, baina ez zen erraza izan. Bikotea haurdun zegoen espainiaratu nindutenean eta banekien ez nuela bisitaldi edo telefono dei luzerik egiteko aukerarik izango. Aitatasuna, bikote harremana, senideekin egindako bisitak..., bat-batean murriztu egin zitzaidan hori guztia eta zaila izan zen. Izan ere, Espainiako espetxeetako baldintzak ez dira batere onak. Soto del Realen, esaterako, isolamenduan egotea egokitu zitzaidan eta ondoren, lehen graduan egon izan naiz beti. Eguneko 20 ordu ziegan pasatzea esan nahi du horrek. Infantilizatzeko, umetzeko arriskua ekartzen du espetxeak; dena eginda daukazu eta ordutegiak erabat finkatuta daude. Olatu horri jarraitzen badiozu umetu egiten zara, erabakiak hartzeko gaitasuna galtzen duzu. Horri aurre egiteko, diziplina ezarri behar diozu zure buruari eta zerbait egiten hasi. Irakurtzen, idazten, ariketa fisikoak egiten..., horrelaxe pasatzen nuen ziegan eman beharreko denbora. Espetxean egunak bukaezinak izango direla iruditzen zaio jendeari, baina han ere orduak pasa egiten dira. Horrez gain, kanpotik iristen zaizkizun gutunei eta telefono deiei ahalik eta zukurik handiena ateratzen saiatzen zara; oso garrantzitsua da indar hori kudeatzea. Bestalde, zure buruarekin egoten ikasten duzu espetxean. Komunikazio zurrunbilo batean sartuta bizi den gizarte honetan, jende askok ez daki bere buruarekin bizitzen eta espetxeak horixe erakusten du.
Espainiako espetxeetan, bestalde, konfrontazio eta tentsio giro handiagoa egoten da funtzionari eta euskal presoen artean. Frantzian baino gorroto handiagoz hartzen gaituzte.

Gazte-gaztea zinela joan zinen etxetik, zergatik erabaki hura?
Gaztaroa galdu dugula esaten du zenbaitek. Nik ez dut ezer galdu izanaren sentsaziorik; beste modu batera bizitu izan dudala baizik. Oso garbi nituen ideiak eta nire bizimodua hartutako erabakiaren ondorioa izan da. Sakrifizio moduan baino gehiago, konpromisoaren ondorio gisa hartu dut. Gainera, nahiz eta beste modu batean izan, bizitzak aurrera jarraitzen du.
Ttotto osabaren heriotza izan zen, zalantzarik gabe, momenturik gogorrena. Osabari agur esan ezina oso latza izan zen. Horregatik, atera nintzen egunean bertan pasa nintzen hilerritik, azken agur hori ematera.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure asmoak?
Oraindik ez dut burua horretan jarri. Elkar goxatzeko eta zaintzeko garaia dugu etxekook eta horretan ari gara buru-belarri. Lasai hartu nahi dut guztia; bai bizitza eta baita militantzia bera ere. Euskal Herria bizitzen ari den momentua ondo ezagutu behar dut lehendabizi. Lanean jarraitzeko agindua ematen dit barruak, baina zerbait eskaini ahal izateko, errealitatea ezagutu behar dut aurretik. Informazioren gizarte honetan, datu asko iristen da inguru guztietatik eta hori guztia kudeatzeko denbora behar dut orain.
Errealitate horri lotuta, ekainaren 21eko Gure Esku Dago-ko ekitaldian egoteko aukera izan nuen. Espetxe barruan jasotzen duzu horrelako ekitaldien berri, baina oso ezberdina da bertatik bertara bizitzeko aukera izatea. Jendeak transmititzen duen indarra berriro ere sentitzea ikaragarria izan da niretzat. Bultzada hori modu egokian bideratzen asmatu behar dugu orain.

Harrera goxoa
Ekainaren 6an atera zen Ander Monterrosoko espetxetik. Egun horretan bertan jaso zuen herrikideen lehen harrera.
“Erabateko ezustekoa izan zen niretzat. Eguna emozioz betea zihoan eta ekitaldi hark oilo-ipurdia jarri zidan. Arrebek dantza egin zidaten momentu hori, esaterako, ez dut inoiz ahaztuko. Ez naiz berez oso omenaldi zalea; omenaldirik onena jendeak lana egitea eta konpromisoak hartzea dela iruditzen zait, baina emozioen aldetik oso ekitaldi indartsua izan zen Zizurkilen eskaini zidatena, intentsitate handikoa”, adierazi du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!