Asteasu eta Nepal, elkarlanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 09:50

Nerea Linazasorok gertutik ezagutzen du Nepal eta haurrentzako harrera etxe bat eraikitzen laguntzen ari dira bertan. Asteasuarrek elkartasuna erakutsi dute ekimenarekiko.

Nola egin zenuten Nepal herriarekin harremana?
Orain 22 urte senarra eta biok Indiara eta handik Nepalera joan ginen. Izugarri gustatu zitzaigun herrialdea eta nepaldarrak oso jende atsegin eta abegikorrak iruditu zitzaizkigun. Berriz bueltatzeko gogoz geratu ginen eta orain hiru urte itzuli egin ginen bi semeekin batera. Gure asmoa mendian trekking bat egin eta herrialdea ezagutzea zen, baina haraino gindoazenez, nepaldarrei laguntzeko ekintzaren bat egitea pentsatu genuen. Hala, Internet bidez, hango haurren harrera etxe batekin jarri ginen harremanetan eta Asteasuko eskolan, Amasa-Villabonako Erniobea institutuan eta Tolosako Hirukiden diru-bilketa eginda, etxe hartan ura jartzeko deposito eta bonbak erostea lortu genuen, baita etxerako hainbat material ere. Geroztik, Uday izeneko nepaldar mutil batekin harremana mantendu dugu eta harrera etxe hura utzi ondoren, Katmandutik kilometro gutxira dagoen Panauti herrixkan beste harrera etxe txiki bat sortzen ari da. Ekimen hori aurrera eraman dezan, Udayri laguntzen ari gara orain.
Etxe horietara boluntario asko joaten da umeei ingelesez hitz egiten erakutsi edota etxean bestelako lanak egiten laguntzera. Oso aukera polita da gazteentzat, ikasketak bukatu ondorenean, esaterako.

Zer nolako harrera etxea izango da?
Hango bizimoduak behartuta, etxea sarritan aldatu behar izaten dute nepaldarrek eta egoera oneko harrera etxe bat egitea bururatu zitzaigun, haurrak hazten direnean, gazteei ofizioak erakusteko aukera emango diena. Izan ere, askotan umeei erakutsi arren, helduagoak kalean geratzen baitira. Mendi aldeko herrixkak oso pobreak dira eta bertako umeak jaisten dira batik bat herrietako harrera etxeetara. Hemen garai batean bezala, herrietara joateko ez daukate kotxerik. Mendietako herrixketatik oinez joaten dira umeak eskolara eta batzuk ez dituzte bidali ere egingo.
Berriki izan da senarra bertan, harrera etxe berria bideratzeko hainbat bilera egin baitute han. Jendea laguntzeko prest azaldu da eta aurrera egingo du ekimenak. Uday laguna, gida da eta jende asko ezagutzen du. Nepalgo azken lurrikaren ostean, jende askoren laguntza jaso du.

Nola eragin zuen Panautin azken lurrikarak?
Herrian, etxe asko pitzatuta egon arren, haietako asko ez da erori. Hala ere, jende asko etxerik gabe geratu da eta senarra bertara joan zenean motozerra eramateko eskatu zioten, mendiko enborrak moztu eta negua pasatzeko txabolak eraiki ahal izateko. Mendian, berriz, goserik ikusi ez zuela esaten zuen, baina ez zegoen etxe bakar bat ere zutik. Inguru polita, baina gogorra da. Hemengo parajeak berde eta polit mantentzeko euria behar bada, han mendi handi eta dotoreak izateko salneurri garestiagoa ordaintzen dute; lurrikarak, esaterako. Pena da nepaldarrek lurrikaren ordaina jasan beharra.
Komunikabideek oihartzun handia eman zioten lurrikarari gertatu zenean, baina senarra hiru aste geroago joan zen eta oraindik ere egunero jarraitzen zuten erreplikek.

Elkartasuna
Nepalgo herriari elkartasuna erakutsiz, festa antolatu zuten Asteasun joan zen ekainaren 19an. Haurrentzako korrika lasterketa, ipuin kontaketa, bi saskiren zozketa, afari nepaldarra nahiz Haritz Mujikaren bertso saioak osatu zuten egitaraua. “Ordizian 60 nepaldar bizi da eta haietako lau etorri ziren bertako janaria prestatzera. Dal bhat platera prestatu ziguten, urte guztian zehar eguerdiz nahiz gauez jaten dutena: arroza, dilista-purea, barazkiak eta hango saltsak. Samosa izeneko jakiak ere oso harrera ona izan zuen”. Larraulgo aterpetxeko sukaldea utzi zieten afaria prestatzeko eta Nepalgo banderatxo eta musikarekin girotutako udaletxeko arkupetan bildu ziren afaltzera.
Antolatzaileak gustura geratu ziren herritarren erantzunarekin eta eskerrak eman nahi dizkiete Asteasuko Udalari, herriko komertzio nahiz tabernei, festa antolatzen lagundu zuten bolondresei, Haritz Mujika bertsolariari nahiz Idoia Sanchez ipuin kontalariari. “1000 euro jaso genuen denera eta diru hori, guzti-guztia, harrera etxea osatzen laguntzeko bidaliko diegu. ONG askok mesfidantza sortzen dute gizartearengan. Guk lortutako guztia bertara bideratuko dugula ziurtatzen dugu”, azaldu du Nereak. www.helplinenepa.weebly.com gunean etxea osatzeko pauso guztiak jarraitu ahal izango dira, argazkiak ikusi nahiz dirua zertan gastatzen den jakinaraziko da. Facebook kontuak: Helplinenepal / Uday Banjara.

Laguntza
  • Ekimena diruz lagundu nahi duenak, La Caixako ES07 2100645468 0200060899 kontu-korrontean egin dezake diru-sarrera.
  • Nepaldar festaren argazkiak Iturri-Ondo jatetxean jarri dituzte salgai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!