Sagarrondotik, Oinkariren ikuskizun berria taularatzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 09:48

Sagarrondo baten bizitza irudikatuko du Oinkari dantza taldeak uztailaren 11n Villabonako Olaederra kiroldegian aurkeztuko duen Sagarrondotik dantza ikuskizun berriak.

Ikasturte amaierako saioa izango da Sagarrondotik, Oinkariko nagusien taldeak beharrean, 14-15 urteko 35 dantzarik parte hartuko dutena. 7 mutil eta 28 neska arituko dira taula gainean eta urte guztian ikasitako onena erakutsiko dute jendaurrean.
‘Itsasoaren emazteak’ aurreko ikuskizunean bezala, oraingo honetan ere Agurtzane Intxaurraga aktorea (HIKA teatroa) emanaldiaren zuzendari nahiz gidoilaria da. Berarekin batera, Eneko Gil eta Noemi Viana dantzari garaikideek (Anakrusa dantza konpainia) osatu dituzte emanaldiko koreografiak. Eneko Arteaga Oinkari dantza taldeko arduradunak azaldu duenez, antzerki nahiz dantza profesionalean, goi mailan, punta-puntan lanean ari dira hirurak ere. Ez da abiapuntu makala, beraz. Ikuskizun berriari begira, bi erronka nagusi dituztela jakinarazi du Enekok: dantzariekin sorkuntza eta interpretazioa lantzea. “Dantzari gazteek sorkuntza prozesu osoa gertutik ezagutzeko aukera izan dute eta intrerpretazioa lantzen ere berebiziko lana egin dute. Dantzari horietako asko Oinkariren nagusien mailara igaroko da laster eta etorkizuneko proiektuetan parte hartzeko, haientzat pauso garrantzitsua izan dela uste dut; ikuskizun hau osatzerakoan konturatu egin baitira zer nolako diziplina eskatzen duen horrelako emanaldiak aurrera ateratzeak”, azaldu du. Prozesu gogorra izan da dantzari nahiz ikuskizuna koordinatu duen Enekorentzat, baina egindako lanaren fruituak jasotzear direla, ahaleginak merezi izan duela uste du.

Ezberdina eta berritzailea
50 minutu iraungo du ikuskizunak eta argi dotorez argiztatutako eszenatokian audio bidezko musika entzungo da, garai hauetan baliabideak urriagoak direnez, aurrekontuak ez baitu musikariak zuzenean aritzeko adina ematen. Hala ere, esperimentu berri moduan hartu dute Oinkariko kideek esperientzia eta irrikitan daude zuzeneko emaitza eskaini nahiz ikusteko. “Oso emanaldi polita izango da, ezberdina, berritzailea. Ikusleek ez dute ohiko dantza klasikorik ikusiko taula gainean eta zirrara sortuko die dantzari gazteen jardunak”, aurreratu du Enekok.
Sarrerak, 6 eurotan salgai daude www.kutxasarrerak.com gunean edota Villabonako Amasa kafetegian.


Ikuskizuna, hitzetan laburbilduta

Sagarronditik begira dabiltza
Oinkariko neska mutilak.
Sagarraren zaporea izango ote du
hortaz gure ikuskizunak?
SAGARRONDOTIK
Sagarra jo! sagarra jan! sagarra kosk!
Paradisuan dabiltza bekatu bizian
gorriaren gorriz aztoratuta sagarrak.
Eta haien barruan ase ezinda harrak.

Sagarraren ondoko itzalean,
aulkia gazteen belarrietan,
txorien txirulia
zuen altzoan sagar botila.
Norentzat ote da dantzatxu hori?
Sagarra jo! sagarrak bildu! sagarrak jan!
SAGARRONDOTIK
neu ere gorritzen naiz
zuek dantzan ikustean.


Negarra eragiterainokoa
‘Itsasoaren emazteak’, aurreko dantza ikuskizunaren hamalau emanaldi eskaini ditu Oinkari dantza taldeak dagoeneko Gipuzkoa eta Bizkaian barrena batik bat, eta izugarrizko arrakasta izan du kostaldeko herrietan bereziki, ikusleei negarra eragiterainokoa. “Itsasoa gertutik bizi(tu) dutenei barru-barruraino iristen zaie emanaldia”, aitortu du Enekok. Hala ere, emanaldia ez da nahi zuten leku guztietara iritsi, hainbat antzoki txiki geratzen baitziren saioa eskaini ahal izateko. Ondorioz, emanaldia egokitzeko saiakeran ari dira dantzari kopurua murriztuz eta itsasontzia irudikatzen duen plataforma eszenatokitik kenduz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!