Asteasuko igerilekuak zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko uzt. 2a, 09:46

Ekainaren 13an zabaldu zuten Asteasuko igerilekua, eta harekin batera, baita bertako taberna ere. Mila Eizagirrek eta Mari Mar Chivitek hartu dute tabernaren ardura.

Uda iritsita, aisialdirako aukera berria zabalik dago Asteasun; irailaren 13ra arte, irekita izango da Usarrabi igerilekua. Goizeko 11:00etatik iluntzeko 20:00etara, bainua hartu eta belazean lasai egoteko aukera eskaintzen du igerileku irekiak. Eguraldia lagun, ehunka pertsona gerturatu da dagoeneko Usarrabi igerilekuaz gozatzera.
Igerilekua irekitzearekin batera, taberna zerbitzua ere martxan jarria dago. Mila Eizagirre eta Mari Mar Chivitek hartu dute zerbitzuaren ardura eta gustura daude jasotako erantzunarekin. “Dirudienez, terraza-gosez zegoen jendea eta mugimendu handia sortu da asteotan. Lehendabiziko egunetan eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu baina, hala ere, asteasuar asko animatu zen etortzera. Eguraldia hobetzearekin batera, berriz, asko hazi da jende kopurua”, azaldu du Milak.

Eskaintza zabala
Eguneko menuak, ogitartekoak, plater konbinatuak..., eskaintza zabala dute tabernan. Milak azaldu duenez, “tabernako bi arduradunok esperientzia luzea dugu sukaldeko lanetan eta gustura ari gara. Eguerdi aldera, ogitarteko asko prestatzen dugu eguna igerilekuan pasatzeko asmoz etorri direnentzat, baina bada menua edo plateren bat jatera gerturatzen denik ere”. Igerilekuen zerbitzua iluntzeko 20:00etan ixten badute ere, taberna zabalik izaten dute; afari goxoak eskaintzeko prest.

Mugimendu handia
Ekaineko laugarren astean, eguzkiak bazterrak berotzearekin batera, jendetza handia gerturatu zen igerilekura: “Ezustekoa izan da guretzat horrenbesteko mugimendua izatea. Lanez gainezka ibili gara, eta oso gustura gaude erantzunarekin”. Asteasuarrez gain, eskualdeko biztanle asko eta askok aprobetxatzen dute igerileku irekiak eskaintzen duen aisialdirako aukera. Horietako asko, gainera, bidegorrian barrena gerturatzen dira bertara, bizikletaz edota oinez.
Hiru hilabetez luzatuko da Asteasuko igerilekuen zerbitzua. Eguraldiak laguntzen ez duen egunetarako, eskaintza bereziren bat egiteko asmoa dute Milak eta Mari Marrek: “Umeentzako karta jokoak edo bestelako ekimenen bat antolatu nahiko genuke. Momentuz, ordea, eguraldia ondo portatu zaigu, eta ez dugu horrelakorik egiteko astirik ere izan”.

Otorduetarako tokia hartzeko
Igerilekuko tabernan otorduren bat egin nahi izanez gero, komenigarria da aurrez tokia hartzea, eguraldi ona egiten duen egunetan bereziki. Telefono zenbaki honetara deituz egin daiteke erretserba: 670 906 417 (Mila)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!