Liam Ibai Wesney, Zelanda Berritik Andoainera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 28a, 10:15

Liam Ibai Wesney eta Dakota Petarina Ann urtarrilean ezkondu ziren; Nelson hirian (Zelanda Berria) bizi dira eta Andoainera etorri dira oporraldiaz gozatzera. Liam andoaindarra da jaiotzez, Wesney Hurtado familiako senideen artean anaiarik zaharrena. Sanjuanak bete-betean bizi izan dituzte, eta hango eta hemengo ohituren arteko ezberdintasunak azaldu dizkiote Aiurriri.

Liam, Zelanda Berrian bizi den kide bakarra zara familian...
Liam Wesney: Bai. 2005ean, Andoain utzi eta hara bizitzera joan ginen; 2009an, itzuli egin ginen. Nolanahi ere, orduantxe ikasketak amaitu nituen, eta ikusita hemen lan kontua nahiko beltz jartzen hasita zegoela, han geratzea erabaki nuen. Berehala topatu nuen lanpostua, multinazional batean. Gutxira Dakota ezagutu nuen; oso kirol zaleak eta bizi garen tokiko tradizio zaleen zaleak gara biok ere, eta ondo moldatu izan gara hasieratik. Nelson hirian bizi gara; Euskal Herriaren antza handia dauka klima eta paisajearen aldetik.  
Dakotari agindua nion Euskal Herrira etorri eta bertako ohiturak, bizimodua erakutsiko nizkiola. Egunotan biok ari gara ilusio hori betetzen. Dakotari izugarri gustatu zaizkio Euskal Herria eta euskaldunen izaera.

Euskalduna izanda, zer sumatzen duzu faltan Zelanda Berrian?
Liam: Euskal Herrian dagoen bizitza soziala! Han ez da koadrilaren kulturarik ezagutzen. Alegia, hemen dagoen joera, kalera atera orduko lagunekin edo ezagunekin biltzeko, gauzak egiteko... Hori dela eta, hasieran, gogorra egin zitzaidan hango bizimodua.
Kalera irten, eta ez duzu inor ikusten. Lana eta bazkaria etxetik kanpo egiten da, eta nahiko berandu etxeratu. Jende guztia autoan mugitzen da alde batetik bestera. Paraje zabalak dira haiek, eta jendea etxeetan bakartuta bizi da. lagunarteko giroaz gozatu nahi izatera, etxe partikularren batean festa txikia antolatu beharrean zara. Ez dago santutegiari begirako jaiak antolatzeko ohiturarik, eta jende bilkurak, musika kontzertu edo errugbi partidatan sortzen dira.

Dakota, zuri zerk harritu zaitu gehien Euskal Herrian?
Dakota Petarina Ann: Euskaldunen nortasuna ireki eta abegikorrak, lehenengo eta behin. Etxeko atea ireki eta daukazuen guztia eskaintzeko pronto zaudete beti. Jatorri maoriarreko jendearen antza hartzen duzue jokabide horretan. Zelanda Berriko zuriak, aurreneko kolonoen ondorengoak, normalean ez dira horren eskuzabalak.
Aurreneko egunetan barregarria egin zait zein erraz ateratzen zareten kalera kafea hartzeko, zenbatetan egiten dituzuen hitzorduak. Iruditzen zait ohitura horrek jendartean egoteko gogoarekin zerikusia daukala. Konturatzen hasita nago motibazio handia daukazuela lagunekin gauzak elkarrekin egiteko, eta aldi berean gizarteari onurak ekarriko dizkioten jaiak edo ekimenak antolatzeko. Horrek denak adierazten dit erroak bertara itsatsita dauzkazuela, herria bizirik mantentzeko nahia daukazuela.
Bada beste detaile bat onerako harritu nauena. Izugarri poztu nau gaztetxoak kalean jolasean ikustea! Zelanda Berriko kaleak hutsik egoten dira, gaztetxoak denak etxean, play stationarekin eta antzeko jokoekin aritzen dira bakarka.   

Harrera moduko zerbait egin berri dizute ingeleseko Andoaingo ikasleek...
Liam: Halaxe da. Nire gurasoen akademiako ikasleak ikasturte amaierako ekitaldia ospatzen ari zirela Basteron, ezustean, hor non aurreskua dantzatu ziguten! Dakotarentzat oso hunkigarria izan zen; oso identifikatua sentitu zen keinuarekin, izan ere maoriarrek ere beren erritualak baitituzte, eta horien artean kanpotik datorren pertsona estimatu horridago ohorezko dantza bat eskaintzen zaie.
Esan behar da, oporretan, akademiako zenbait ikasle Zelanda Berria eramaten dituela Roger gure aitak; Dakota eta biok ere han ibiltzen gara gidari lanetan, eta horrexegatik eskerrak eman nahi izan zizkiguten. Dakota eta bere anaia erdi maoriarrak dira –ama maoriarra dute, aita irlandarra–, eta beren kultura eta ohiturak erakusten dizkiete. Dakotak, maoriarrek euren artean antolatzen dituzten txapelketetan parte hartzen du, abestuz eta dantzatuz. Egundoko ahotsa dauka!

Maoriarren kultura oso gertutik biziko bazenu bezala ari zara hizketan, Liam...
Liam: Umetan, aitak kultur ekitaldi tradizional batera eraman gintuen eta txoratuta geratu nintzen harrezkero; esaterako, Haka (maoriarren gerra dantza) ezin ikusgarriagoa iruditzen zait. Geroztik, beraiek egin ohi dituzten taldekako txapelketen jarraitzaile egin nintzen; telebistaz zein zuzenean, emanaldi gutxi galdu izan ditut. Talde horietako bateko kide ere egin nintzen, antzerkia egiten zuena. Hantxe nenbilela ezagutu nuen Dakota. Tradizio horren berri jakite aldera, edonor sar daiteke youtuben eta idatzi, esaterako, Kapa Haka, Te Matatini, Poi (Maori) edo eta Haka hitzak.
 
Zer moduz moldatu izan dira historikoki Zelanda Berrin, bertako maoriarrak eta Europatik joandako kolonoak?
Liam: Australian baino askoz hobeto. Historiaz ez dakit asko, baina esango nuke nahiko txukun eraman izan dela bi kulturen arteko bizikidetza. Horren adierazgarri da, gobernu eta parlamentu mailan, zuriak eta maoriarrak elkarrekin ikusi daitezkeela gaur egun.
Ingelesak han azaldu zirenean XIX. mendean, bertakoei bake hitzarmena proposatu zieten, lur sailen truk. Tribu batzuk onartu egin zuten proposamena, ez horrela beste batzuek. Azken horien ondorengoetakoa da Dakota. Egia da ingelesek zenbaitetan hitzarmena ez zutela bete, eta liskarrak sortu zirela. Oraindik, maoriarrek, kendu zizkieten lurren jabetza aldarrikatzen jarraitzen dute.
Are gehiago, Zelanda Berrian badaude zonaldeak non maoriarrak beren hizkuntzarekin, beren arauekin, beren ohiturekin bizitzen segitzen duten. Zuriek ezin dute kasik bertaratu, soilik kazetariei uzten diete sartzen.
 
Liam, zer moduz zabiltza txikitan ikasitako euskararekin?
Liam: Dena ulertzen segitzen dut, baina pena ematen dit gero eta traketsago mintzatzen naizelako. Egun hauetan betiko koadrilarekin egon naizenetan, amorrazioa eman dit ezin izan diedalako berriketan jarraitu. Amak aldizkariak-eta bidaltzen dizkit euskara zein gaztelania praktika dezadan, baina akaso ez naiz behar bezala saiatzen. Dakota ere jada hasi zait bi hizkuntzak ikasi nahi dituela esanez, eta erakusteko. Horrek ederki izorratzen diola dio, Euskal Herrira etorri eta ezin hitz egin bertakoekin euren hizkuntzan, alegia. Bi urtean behin Zelanda Berritik Andoainera itzultzea erabaki dugu Dakotak eta biok.

Aholkatuko al zeniguke Zelanda Berrira bidaiatzea?
Liam: Bai, jakina. Galdetu bestela hemendik hara joan izan diren ingeleseko ikasle andoaindarrei. Maoriarren kultura edota paraje naturalak ezagutzeagatik bakarrik, merezi du benetan. Hori bai, nahiko garestia da eta bidaia bera ere oso luzea da; 25 ordu egin behar izan genituen hona etortzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!