Irunberri elkarteari babesa adierazteko eguna, larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 26a, 11:26

Ekainak 27, larunbata. Egitaraua:
11:00 Prentsaurreko koloretsua.
12:00 Kale animazioa.
14:30 Herri bazkaria.
16:00 Haur txokoa.
18:00 Babes katea.
18:30 Musika emanaldia.

Herrikoen aldeko adierazpena:

Herriko tabernak defendatzera goaz, eta defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak”. Zarautzen herrikoetako ordezkariek agerraldi jendetsua egin zuten ekainaren 20an, eta bertan elkarteei babesa adierazteko deia luzatu zieten herritarrei. “Inork ez dezala pentsa ostegunean ezer amaitu zenik. Ez dugu sententzia onartzen. Herriko tabernak defendatuko ditugu, eta defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu euskal herritarrak”. Itxura guztien arabera, ehundik gora herriko taberna konfiskatuko dituzte. Eta ondoren, Estatuak herrikoen ondare hori guztia enkantean salgai jarriko du. Zarautzeko agerraldian adierazi zutenez, epaia basakeria judizial eta politikoa da: “Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1936ko gerran egindako konfiskazioaren parekoa”.  Gaur gaurkoz, herriko tabernen konfiskazioa eta itxiera nola izango den jakiterik ez dago.
Aurreko ostiralean, jaien hasierarekin batera, dozenaka herritarrek bat egin zuten Goikoplazan deitu zuten elkarretaratzean. Amaieran epaiaren balorazio politikoa egin zuten, asanbladan, eta Irunberriz gozatzeko deia egin zuten: “Irekita dagoen bitartean Irunberrira agertzeko deia egin nahi dugu. Eurek itxiko dute, guk ez. Eta irekita dagoen bitartean bizia emango diogu”.

aUZItegi nazionalak lehenik, auzitegi gorenak ondoren
35/02 sumarioaren baitan, iazko uztailaren 30ean 110 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Tartean Beterri-Aiztondo eskualdeko Irunberri (Andoain) eta Iratzar (Amasa-Villabona) elkarteak. Aurtengo ekainaren 18an Auzitegi Gorenaren epaia iritsi da, eta itxura guztien arabera, Irunberri taberna eta elkartea itxi eta estatuaren esku geratuko dira.
IRUNBERRI, EKIMEN HANDIKOA
Sukaldea eta jangela dituen bazkideentzako txokoa izateaz gain, Irunberrik taberna zerbitzua eskaintzen du. Hori guztiaz gain, elkartea gizarte eta kultur mailako erreferentzia garrantzitsua da. Azken hilabeteetan antolatu duen ekitaldi sortaren errepasoa egitea besterik ez dago. Atzekoz aurrera aipatzen hasita, Santakrutzetan herriko elkarteen arteko bakailao txapelketa urtero antolatzen du. Aurten, berrikuntza modura, haur fanfarrea ere antolatu zuten. Urte osora luzatzen diren jarduerak antolatzen ditu. Askoren artean, inauterietan dantzaldia, otsailean pala txapelketa mixtoa, urte zaharreko karaokea, Irunberriren urteurreneko kultur astea abenduan, gau beltza urrian, eta baita hilabete berean euskal artisau garagardo azoka edota futbolin txapelketa ere. Abuztuan ohikoa dute sorgin gaua antolatzea.
Alde batera utzi gabe tarteka antolatzen dituzten kontzertu, hitzaldi edota ikus-entzunezkoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!