Ikasleekin hainbat irteera egingo dira kolpe militarrean zehar gertakari ezberdinak bizi zituzten Euskal Herriko hainbat herrietara: Elgetako (Gipuzkoa) Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrora eta Intxorta mendi inguruko lubakiak ezagutzera, Larrabetzuko (Bizkaia) Burdinazko Gerrikoaren eremuko bunker eta lubakiak ikustera, Donostian barna bisita gidatua 1936an Gipuzkoan eta hirian gertatutakoak ezagutzera eta, azkenik, Oiartzungo Karrika auzoko deshobiraketa lanak ezagutzera edota Arkale inguruko defentsa sistema ezagutzera. Bisita gidatu horiek herrietako alkate batzuekin edota elkarte ezberdinetako adituekin egingo dituzte.
Hitzaldiei dagokienez, herri bakoitzean bana egingo da. Horrela, uztailaren 6an, Karlos Almorza matxinada frankistaren garaiko testuinguru historikoaz arituko da Asteasuko udaletxeko aretoan. Uztailaren 9an, osteguna, Esti Ripa Segurako partaidetzako teknikaria “Amantalek ixilean daramaten Gerra” (2014) dokumentalaren inguruan arituko da eta dokumentala ikusteko aukera egongo da Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean. Azkenik, uztailaren 16ean, osteguna, Amaia Kowasch eta Gotzon Bergerandik hitzaldi bat emango dute Adunako Udaletxeko aretoan Ezkabako (Iruñeako) kartzelaren eta bertako presoak laguntzeko emakumeek sortutako laguntza sarearen inguruan. Hitzaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, auzolandegiko ikasleez gain, inguruko herritar guztiak gonbidatuta daudelarik.
Herritarrek gazteek lubakietan egiten ari diren lanak ikusi eta ezagutu nahi izanez gero, aukera izango dute uztailaren 13ko astean goizetan Zaraiteaitz ingurura gerturatzeko. Bertara joateko laguntza behar izanez gero, jarri kontaktuan Asteasuko partaidetzako teknikari den Alicia Susorekin.