Altaf Mohamed: “Kebabeko bezero gehienak gazteak dira”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 22a, 10:31

Altaf 35 urteko pakistaniarra da, eta bi Kebaben arduraduna da, bata Andoaingo Kale Berrian dagoena, eta Urnietako Idiazabal kalean bestea. Geroz eta aiseago moldatzen da euskaraz, jatorri ezberdineko jendea euskararen inguruan biltzen duen Banaiz Bagara elkartearekin ia urtebete ikasten pasa ondoren. Bezeroei poliki-poliki hitz egiteko eta pazientzia edukitzeko eskatzen die.

Noiztik zabiltza kebab izeneko negozioarekin?
Altaf Mohamed: Orain zazpi urte Andoainen taberna irekitzera animatu nintzen. Nahiko ondo joan da hasieratik, eta horrexegatik, Urnietan bigarrengoa irekitzea erabaki nuen orain bi urte; nire anaia hangoaz arduratzen da eta ni hemengoaz. Andoain handiagoa da biztanle kopuruari begira, kale mugimendu gehiago dauka, eta horregatik lan gehiago sortzen zaigu han. Urnietan oraindik ez gara oso ezagunak, egia esanda.

Zer eskaintzen duzue bietan?
A.M.: 40 bat aukera ezberdin eskaintzen ditugu, Turkiako sukalde tipikotik ateratakoak. Oilaskoarekin edo txekor haragiarekin egindako kebabean oinarritzen dira. Tabernan bertan zerbitzatzen dugu, baina etxerako zerbitzua ere badaukagu, telefonoz hots eginez gero. Inguruko herrietatik ere hots egiten digute (Hernani, Zizurkil, Aduna…). Ondotxo ikasita dauzkagu herri horietako kale izendegiak, eta etxe eskaratzeen zenbakiak. Maiz, telefonoz bestalde dagoenaren ahotsa entzutearekin batera, badakigu nor den eta zer nahi duen!

Badauka konplikaziorik sukaldeko lanak kebabeko negozio batean?
A.M.: Ez da oso konplikatua, egia esanda. Ez duzu sukaldean oso aditua izan beharrik. Alemaniatik Gasteizen dagoen biltegira ekartzen da generoa, nahiko egina, eta ondoren Euskal Herriko kebab komertzio guztietara banatzen da. Zailtasunik handiena, suarekin tamainan jokatzeko orduan gertatzen da. Aldi berean, ondo zaindu behar zenbat gatz, esne edo yogurta botatzen zaion.

Zein motatako bezeroak gerturatzen zaizkizue?
A.M.: Gazteak dira gehienak. Hemengo gazteak jada ohitu dira kanpotik ekarritako jaki eta platerak jatera. Gertukoak egiten zaizkie pitzak, macdonalsak… Helduek errezeloak edukitzen dituzte kanpotik datorren horrekin, ezezaguna egiten zaielako edo. Hori bai, tabernan dagoen heldu horri, kebab zatitxo bat eskaini eta probatzera animatzen direnak, goxoa dela aitortzen didate.

Noiz edukitzen duzue bezeroen eskari gehiago?
A.M.: Asteburuetan izaten da mugimendurik handiena, zalantzarik gabe. Gazte koadrilak afaltzera-eta etortzen dira tabernara bertara, edota telefono bidezko eskaera egiten digute. Azken horiek, denek ere ordu bertsuan nahi izaten dute, eta pazientzia edukitzeko eskatzen diegu, ordu erdi eta ordubeteko tarte horretan iritsiko zaiela-eta etxeraino eskatu dutena.

Zer moduz bezeroekin?
A.M.: Primeran, bai Andoainen baita Urnietan ere. Harro esan dezaket gure tabernetan inoiz ez dela arazorik izan, ez eta borrokaldirik ere. Badira tabernara maiz etortzen direnak eta horien artean adiskide ugari dauzkat, konfiantzakoak. Bada bat, egunero etortzen dena baserritik. Horrekin euskara ikasten ari naiz egunero pixka bat. Zer esan nahi du honek, zer hark…, galdetzen diot, eta berak zintzo erantzuten dit.

Baduzu euskara ikasteko interesa?
A.M.: Noski, nire bezero askoren hizkuntza da eta nik ere horiekin euskaraz moldatu nahiko nuke noizbait, naturaltasun osoz. Zaila da, baina erronka jarrita diot nire buruari. Banaiz Bagara elkarteak etorkinentzat Andoainen ostiralero jartzen duen euskara ikastarora joan nintzen ia urtebetez, Petra Elser irakaslearekin, eta izugarri aurreratu ahal izan nuen. Jarraitu izan banu iruditzen zait honezkero euskaraz primeran hitz egiten jakingo nuela. Kontua da ezin dudala negozioa utzi, eta ezinezkoa zaidala klaseetan parte hartzea.

Zer moduz moldatzen zara bezeroak euskaraz mintzatzen zaizkizunean?
A.M.: Gogoko dut jokabidea. Elkarrizketa laburrak direnean, zertxobait ulertzen diet. Bestela, lasai! oihukatzen diet. Kontsumizioaren inguruko hitz trukaketak ondo eramaten ditut, ulertzen diet zer eskatu didaten; gero hortik aurrera, gehiago kostatzen zait hizketan askatzea.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?
A.M.: Pakistango ofiziala (Urdu-a), nire jaioterrian herritar xeheek hitz egiten dutena (Panjabi-a), greziarra, gaztelania, ingelesa eta euskara zertxobait.

Noiz heldu zinen hona?
A.M.: Grezian zortzi urte egin nituen eta ondoren Espainiara etorri nintzen, orain dela zazpi bat urte. Eraikuntzako alorrean aritu nintzen, baina krisiarekin amaitu zen hangoa. Lasarten bizi nintzen orduan, eta lagun batek animatu ninduen Andoainen kebab bat ireki nezan.

Bizitza erdia etxetik urrun daramazu. Herri minik sentitzen ez?
A.M.: Bai, alajaina! Han gurasoak eta bi anai-arreba utzi nituen eta gustura asko itzuliko nintzateke hara. Bere sustraiek erakartzen dute gizakia, baina gogorra da errealitatea munduan. Beharrak bultzatzen du emigrazio gehiena, gurea bai behintzat! Zuek euskaldunak ere, lehen Ameriketara joan izan zarete, eta azkenaldian Alemania, Frantzia eta horietara abiatzen zaretenean, ez zoazte plazerragatik, lan bila baizik. Egin kontu, Euskal Herrian hiru egunetan lantokian irabazten dena lortzeko, Pakistanen hilabete osoa behar da.
Pakistanek baditu baliabide naturalak, berez ez da txiroa, baina munduan leku gehienetan gertatu ohi den bezala, ondasuna oso gaizki banatuta dago, injustizia da nagusi. Soberan daukanak ez dio eman nahi ezer ez daukanari…. Hura ekonomikoki hobetzen denean, orduantxe erabakiko dut itzultzea seguruenera.
Bien bitartean, tarteka etxekoei egiten dizkiedan bisitekin kontsolatzen naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!