Jesus Ibañez kaleari itsatsitako musikaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 20a, 13:32

Gora Kaletxiki txarangarekin, susana cencilloren soinuak taldearekin, gabonetan La Salle-Berrozpe ikastetxearekin, errepublika egunean banda errepublikanoarekin... salta askotan murgilduta dabil.

Kalea eta doinu alaiak. Andoaindarren artean inkesta egingo bagenu binomio horrekin nor identifikatzen duten galdetuz, Jexus Ibañez Txupi izendatuko lukete askok. Nork ez du ikusi herriko hainbat jaietan Gora Kale Txiki txarangarekin, Susana Cencilloren Soinuak taldearekin, Gabonetan La Salle-Berrozpe ikastetxearekin, Errepublika egunean banda errepublikanoarekin... Sanjuanetan ere ez du hutsik egingo, eta txarangarekin aterako da.

Zein egunetan irtengo zarete kalera?
Jesus Ibañez: Bi txandetan. Hilaren 23an, arratsaldez eta San Juan egunean eguerdi partean.
 
Zenbat musika tresna jotzen dituzu?
J.I.: Juanito Loinaz Jainkoa-rekin akordeoia ikasi nuen eta harekin ibiltzen naiz kalean batez ere. Los Rubi taldearekin eta Luziano Uribesalgo abeslariarekin teklatuak jotzen ditut. Hala ere, esan behar dut orain hiru bat urtetik hona bonbardinoari heldu diodala txarangan. Izan ere, txarangak Tolosako inauterietan ikusten nituen aldiro, inbidietan egoten nintzen, ezin kabiturik. Nik ere horiek bezala gozatu nahi nuela erabaki nuen arte. Horretarako, jakina, metalezko instrumenturen bat ikastea beste erremediorik ez zegoenez...   
 
Ez al da nekagarria kalean gora kalean behera ibiltzea, instrumentua eskuetan?
J.I.: Akordeoiaren hauspoa ireki eta itxi behar horrekin neka-neka eginda bukatzen dut batek besoetatik eta bizkarretik, baina oraingoz poliki moldatzen naiz, kapaz naiz sei kiloko akordeoiari eusteko. Beste gauza litzateke 9 kilokoa eraman behar izatea, besoa hondatuta baitaukat istripu bat edukiz geroztik. Osasunak eta musikarako grinak irauten duen bitartean... Bonbardinoarekin, berriz, ez daukat arazorik, erraz eramatekoa da bi eskuekin.
Gainera, zenbait artimaina ikasi ditugu txarangarekin, taldeko beteranoen kexen ondorioz. Besteak beste, piezak gehiegi ez errepikatzen saiatzen gara. Kaletxikiko aldapa egingo zaigula gogorrena uste du jendeak, baina ikasita gaude jada: erdi bideraino iraungo duen musika pieza jotzen dugu. Nekezagoa egiten zaigu Goikoplazarako aldapa pikoa, kalejiraren amaieran izaten baita!

Etxean zer moduz daramate zure musikari fazeta?
J.I.: Fama txarra erantsi izan zaigu betidanik, musikariei. Baina parranda eta zurruta zalearena ez dut uste erabat egiazkoa denik; kalean orduetan eta orduetan musika jotzen aritzeko, osasuna eta abilitatea eduki behar baita. Hori bai, konpromisoak etengabeko egokitzen dira, asteburuetan batik bat, eta familia suertatzen da kaltetu nagusien. Nire emazteak kaleko musikari bezala ezagutu ninduen; bazekien musika erraietaraino sartuta zeukan pertsona batengana arrimatu zela, eta urte hauetan nola edo hala eraman izan du nire bizimodu aldrebes hauxe. Benetan eskertzekoa da etxean erakusten didaten pazientzia!   

Zenbatetan irteten zarete txarangarekin urtean zehar?
J.I.: Hogeitik gora alditan bai! Batzuen batzuk kobratzekoak izaten dira, baina beste batzuk gizarte elkarte jakinen aldekoak izaten dira, laguntzakoak deitzen diogunak. Hamaiketakoarekin konformatzen gara halakoetan.

Zein izaten da zuretzat emanaldirik gogoangarriena?
J.I.: Joaten garen tokietara, guztietan bikain hartzen gaituzte eta horrekin gustura itzultzen gara etxera. Hori bai, emanaldi bat apartatu beharko banu, irailean Donostiako alde zaharrean egiten duguna aipatuko nuke. Etiopia Utupia Gobernuz Kanpoko Erakundeak deituta joan ohi gara; 20-25 musikari biltzen gara, eta egiatan, kale estu hauetan sortzen den soinua, txaranga batek lor dezakeen soinurik zoragarriena izaten da.    
 
Noiz sortu zen Gora Kale Txiki txaranga?
J.I.: 2007an izan zen hori. Kale Txikiko jaiak girotzeko asmoz, musikari batzuk bildu eta kalera irtetera animatu ginen, batere entsaiatu gabe! Ez genuen beste inongo pretentsiorik, baina hain ondo atera zen, talde iraunkorra eratzea erabaki genuela. Harrezkero, Kaletxikiren izena zabaltzen ari gara bazterretan, eta esan dezakegu, trukean, Ontza elkarteak biltzeko lekua eta geure afaritxoak egiteko babesa eskaintzen digula.

Txarangen munduan gehiegi ikusten ez den filosofiari eusten diozue...
J.I.: Egia esanda, nahiko haustaileak gara hiru perkusioz (txapa, kaxa eta bonboa) eta sei-zazpi metalez osatzen diren txarangen formatu klasikoarekin. Emanaldia hitzartua dagoen egun horretan zenbat gauden prest kalera irteteko, horrenbestek osatuko dugu txaranga.  
Hori horrela izan dadin, zenbait gauza hartu behar dira kontuan. Hasteko, txarangak edonorentzat dauzkala irekiak ateak. Kideen adin tartea ikusi besterik ez dago: 8 eta 9 urtekoak dira gazteenak, eta Luxio Aranburu eta Jose Luis Fernandez Fitero zaharrenak 80 urterekin. Benetan poza ematen du hainbat belaunaldietako musikariak elkarrekin ikustea eta horren ondo moldatzea denok ere. Gazteentzat irtenbide polita da txaranga, eta ikaragarri gustura ibili ohi dira zaharragoekin. Egia da musika eskolan ikasten dutela, eta beren emanaldiak ematen dituztela jendaurrean. Baina Basterotik ateratze eta kalea zapaltze horrek ez dauka preziorik horientzat; egundoko eskarmentua hartzen dute musika munduan!
Taldean nahiko asanblearioak garela esango nuke, nahiz eta niri egokitu zuzentzea txaranga kalean garenean. Olagainen ostiraletan egiten ditugun entseguetan erabakitzen dugu nora joan, zer jo...

Musika pieza ugari estreinatzen dituzue urtean zehar...
J.I.: Egia da! Kaletxikinko jaietan, urrutira joan gabe, Rumba Gora Kale txiki pieza estreinatuko dugu, Joxe Mari Oiartzabalek sortu duena guretzat. Sortzailea da bera, eta ez hori bakarrik, abestiak instrumentu bakoitzera moldatzeko gaitasuna dauka. Azken aldian, Tolosako inauterietan jotzen den Ana edo Ituntxulo elkarteko ereserkiaren moldaketak egin dizkigu.  
Pieza berri horiek etxean ikasi, entseguetan probatu behin eta berriro, akatsak zuzendu... ahalegin handia eskatzen digu guzti horrek, baina zer esango dizut, pribilegio bat da bera bezalako fenomenoa ondoan edukitzea! Jada ohikoa egin zaigu entseguetan azaltzea, eskuetan abesti berri baten edo zahar baten partiturak eskuetan dituela. Oraindik orain, Azpeitiko musikari ezaguna batek aitortu dit zenbat inbidia eragiten dion gure egoerak, "Azpeitikoa balitz gizona, honezkero jarriko genion bere izena bertako musika eskolari".
 
400. urteurrenaren harira kaleratuko diren bi disketako baten bultzatzaileetakoa zara...
J.I.: Herriko elkarteen ereserkiak bilduko dituen diskaren prozesuan parte hartu dut batez ere. Behin betikoa ez den grabazio pirata lortu dut, eta autoan entzuten dut tarteka. A ze gozatuak hartze ditudan! Benetan, harritu egingo da jendea ikusita oso kalitate oneko diskak egin direla!
Oporren ostean kaleratzekoak dira bi diskoak, eta ziur naiz egundoko arrakasta edukiko dutela herrian. Herritarren gozamenerako izango dira, eta betirako geratuko dira erabilgarri. Denbora gutxian, altxortzat joko dira Andoaingo kultur ondarean.

Los Rubi taldearekin ere jarraitzen duzu dantzaielak ematen.
J.I.: Bai, Luziano eta Fernando Uribesalgo anaiekin eta Luis Trekurekin. Baina gero emanaldi gutxiago ateratzen zaizkigu. Ezkontzak, batez. Kintoen afariak, elkarteetan jaiak eta halakoak, besterik ez. gehiago aritzen gara Luziano eta biok osatutako formatu txikian. Egoerarik bitxienetara egokitzen gara; jo izan dugu Leitzaranen, Bertxingo parajean, hildako baten errautsak zabaltzeko ekitaldi batean ere.  DJ-en estiloak irauli egin dute mundu hori. Egin kontu: orain ez asko arte, Tolosan baziren lau bat talde oso kalitate onekoak, izugarri mugitzen zirenak han hemen, astebururo: bada, lauek utzi behar izan diote jotzeari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!