Funky eta jazz kutsuko dantzak jaietan Andoaingo haur eta gaztetxoen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 20a, 13:31

Leire Andreu eta Maialen Perez irakasleen esanetan, dantzariak ilusioz eta euren onena emateko prest igoko dira taula gainera ekainaren hogeita bian.

Funky-a eta jazz-a eskutik helduta etorriko dira Andoainera. Izan ere, Sanjuanetako astelehenean, ekainaren 22an, Allurralde kiroldegian aritzen diren Funky Hip Hop eta La Salle Berrozpe ikastetxeko dantza jazz taldeek dantza emanaldia eskainiko dute Goikoplazan. Ikasturte osoan ikasitakoa jendaurrean erakutsiko dute eta bi taldeetako haur eta gazteak gogoz daude andoaindarren eta, batez ere, beraien gurasoen aurrean dantza egiteko.
Batetik, 12-16 urte bitarteko gazteek Funky-a dantzatuko dute. Kiroldegian ikasten ibiltzen diren bi taldeak aterako dira oholtza gainera, eta Zumbarekin lotutako koreografiaren bat ere dantzatuko dutela aurreratu dute. Bestetik, HH4 mailatik LH4 mailara arteko La Salle Berrozpeko ikasleek jazz dantzak egingo dituzte. Ikasturtean zehar, talde bakoitzak hiru minutuko koreografia prestatu du eta familia egunean dantzatu ondoren, Sanjuanetan oholtza gainera igotzeko garaia iritsi zaie.

Leire Andreu eta Maialen Perez aritzen dira jazz dantzen irakasle lanetan eta adierazi dutenez, haurrak ilusioz daude eta beraien onena eman nahi dute oholtza gainean. “Izugarrizko poza ematen die gurasoen aurrean dantzatzeak. Hala, urduri, baina, aldi berean, gogoz daude”, nabarmendu du Maialenek. “La Salle Berrozperen egunean, eguraldia zela medio, ezin izan genuen dantza egin eta tristura handia hartu zuten. Haur asko negarrez aritu ziren”, adierazi du. Ordutik, Sanjuanak iritsi zain omen daude.

Orain bogan dauden abestiekin, zaharrenek Jazz dantzak Funky-arekin uztartuta egingo dituzte. Txikienek, ordea, dantza sinpleagoak ikasi dituzte. Urte guztian ikasturte amaierako emanaldi hauek buruan izan dituztenez, asko saiatu direla eta ondo dakitela uste du irakasleak.

Dantza, lagunak egiteko aitzakia
Bai kiroldegian, bai eta La Salle Berrozpen ere, taldean aritzen dira dantzan eta lagunak egiteko aukera ederra da Andoaingo gaztetxoentzat. Entseguetan oso giro ona izaten dutela eta lagun artean dantzatzen ibiltzeko aukera aparta dela uste du Maialenek. Gainera, dantza taldean ibiltzea sozializatzeko modu eraginkorra dela ikusten du: “Lan taldean integratzeak, lotsa galtzen eta harremak egiten laguntzen die”. Helburu nagusia haurrak ondo pasatzea dute; honenbestez, batzuetan dantza alde batera utzi eta jolasak egiten dituzte. “Erabat dantzan aspertu egiten dira, beraz, ondo pasa dezaten, ekintza ezberdinekin nahasten saiatzen naiz”, azaldu du irakasleak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!