Erraldoi txikia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 20a, 13:30

Lander Fernandez Mendikute zazpi urteko mutil koskorra da eta izugarrizko zaletasuna dauka buruhandi eta erraldoiekin. Bere neurrira egindako erraldoi txikian sartu, eta Andoaingo konpartsarekin kalean gora kalean behera ibili ohi da. Sanjuanetako hitzorduari ere ez dio hutsik egingo Landerrek.


Nafarroan oporrak igarotzen ditu familiarekin, eta jaiak ederki asko ezagutzen ditu. Hantxe piztu zitzaion buruhandi eta erraldoiekiko zaletasuna, markaz kanpokoa. "Iruñea, Lizarra, Gares eta Arangoitiko jaiak harrapatzen ditugu batez ere; herri horietan konpartsak kalera ateratzen direnean, haien atzetik ibiltzen gara. Arangoitin, nire erraldoia ateratzeko aukera edukitzen dut".   
Asier, osaba, iaioa da eskulanetan eta hark moldatu zion erraldoia. Inoiz jaso izan duen oparirik kuttunena, zalantzarik gabe. "Gorputza berak egin zuen, eta burua, erosi egin genuen Iruñean; Nafarroako errege bat da. Erraldoiak ez du pisu askorik eta aisa eramaten dut. Osabak lau gurpil jarri zizkion, baina apenas erabiltzen ditut, kale-jirako azken aldera nekatuta sentitzen bainaiz bakarrik".
Landerrek Sanjuanetan, Santakrutzetan eta inauterietan ateratzen du kalera erraldoia, batez ere. Andoaingo konpartsaren aurretik joan ohi da normalean. "Nire kezka konpartsaren aurretik noan ala ez jakitea izaten da. Bestelakoan, ondo pasatzen dut erraldoiaren barruan".
Arreta eragiten du Landerren erraldoiak, haur eta gaztetxoak hurbiltzen zaizkio: "Batzuk barruan sartu nahi izaten dute, eta beste batzuk argazkia ateratzeko eskatzen digute".
Bera bezala jarduteko beste haurren bat animatuko balitz Andoaingo konpartsarekin, ongietorria egingo lioke Landerrek. "Erregearen edo erreginaren erraldoiarekin etorriko balitz, bikote polita sortuko genuke, eta dantza eta guzti egingo genuke". Lander heldu izateko desiatzen dago. "Egunen batean Andoaingo konpartsan parte hartuko dut, buruhandi bezala. Etxean, Nafarroako Caravinagre eta Aragones izeneko pertsonaien buruhandiak dauzkat. Haiek jantzita aterako nintzateke".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!