Euskal kantu dantzagarriak, Goikoplazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 20a, 13:30

Demode Quartet laukoteak ikuskizun berritzailea eskainiko du ekainaren 23an, asteartearekin. David Rosco urnietarra taldekideetako bat da.

Goikoplaza euskal kantuez girotuko dute, baina modu berezi eta umoretsuan. Tartean, abeslari iruñearrekin batera, David Rosco urnietarra arituko da. Joli Pascualenak ikuskizunaren xehetasunak eskaini ditu.

Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo Xabier Lete, baina samba, reggae edo afrikar erara abestuko dituzue. Nolatan moldaketa hori?
Joli Pascualena: Ikuskizun honetan, abestiak egin baino lehen, Patxi Barco eta Kepa Errastik gidoia egin zuten. Beraien ustez, estilo guztiek gure kulturan oinarria dute: afrikar musikak, reggae-ak, sambak, bollywoodak… Horixe hartu genuen kontuan abestiak moldatzerakoan; beraz, abesti bakoitza zein estilotara eraman pentsatu genuen.

Nola sortzen dituzue? Zertan inspiratzen zarete?
J.P.: Entseguetan ateratzen dira ideiak, estiloak eta egitura posibleak. Sormenari eta umoreari askatasun osoa ematen diogu, eta hortik aurrera, etxerako lanak ere egiten ditugu ahotsak armonizatzeko. Etxean egindakoa entseguetara eramaten dugu azken ukituak eta moldaketak egiteko.

Estilismoa asko zaindu ohi duzue. Zein arropa edo elementu berezi eramango duzue oholtza gainera?
J.P.: Udarako ezin hobea! Txuriz jantzita joango gara euskal zapiarekin egindako detaile askorekin (zapatak, txanoa, gerrikoa, pajarita…).

Zergatik zuri eta serio itxura hori, umorez betetako ikuskizuna bada?
J.P.: Umorea eta jantzi dotoreak guztiz bateragarriak dira. Dena den, gure pertsonaiek serio itxurarekin azaldu nahi dute euskal musikaren teoria hori, eta horretan ere umorea badago.

Umore hori kontzertuetan ikusleengana iristen dela nabaritzen al duzue?
J.P.: Bai, gustura hartzen dute gure ikuskizuna eta umorea. Oso umore zuria da, gure arteko tira-birak eta harrikadak agertzen baitira. Ikuskizuna bukatzean, ikusleak irribarrea ahoan dutela etortzen zaizkigu, eta hori da gure lanaren alde onena. Horrela konpentsatzen dira lan egindako ordu guztiak.
Abesteaz gain, dantza eta instrumentu batzuk ere sartzen dituzue. Zergatik?
J.P.: Gure ikuskizuna ia ordu eta erdikoa da, a capella abesten dugu gehienetan eta arnasa hartzeko une batzuk oso ondo etortzen zaizkigu. Horrez gain, oso ongi pasatzen dugu instrumentuak jotzen eta koreografiak dantzatzen.

Beharrezkoak al dira zuen doinuekin osagarri izateko?
J.P.: Beharrezkoak ez dira, baina dantzatuz eta instrumentuak joz, ikuskizunari kolore gehiago gehitzen diogula uste dugu, eta gainera, emozio ezberdinak ukitzen laguntzen digute.

Inoiz ikusi ez zaituzten norbait, zerekin harrituko da Andoaingo kontzertuan?
J.P.: Egiten ditugun abestien moldakeekin. Ziur nago ez dutela inoiz pentsatu kanta horiek erritmo eta estilo berri hori izan dezaketenik.

Arrez ezagutzen ez zaituztenak harritzera ere iritsiko al zarete?
J.P.: Bai, berriro harrituko dira. Izan ere, asko dira behin baino gehiagotan ikuskizun bera ikustera etortzen direnak, eta askotan, abestiak ezagutu arren berriro barre egiten dutela aitortzen dute. Hori da antzerkiaren magia: emanaldi bakoitzak zerbait ezberdina edukitzea.  

Zuzenekoetan ahotsak konpenetratzea eta oreka lortzea ez da erraza izango. Zer da zailena?
J.P.: Abesti bakoitza estilo ezberdinetakoa da eta estilo bakoitzak ahotsaren kalitate, dinamika eta erritmo ezberdina eskatzen du. Hori gainera, koreografiarekin eta pertsonaian mantentzearekin bateratu behar da. Hori da, nire ustez, denetan zailena.

Horrelako kontzertu batek ariketa fisiko eta mental handia eskatzen al dizuete?
J.P.: Bai. Gorputza berotzeko eta testuari errepaso txiki bat emateko denbora behar izaten dugu. Abestu baino lehen, laringea berotzeaz gain, gorputza ahotsari laguntzeko prest jarri behar dugu; hori baita gure instrumentuaren oinarria.

Toki askotan abestu duzue, duela gutxi baita Basteron ere. Zer suposatzen du zuentzako Andoaingo Sanjuanetan abesteak?
J.P.: Ekainaren 23ko gau berezi horretan berriro bueltatzeak andoaindarrei gure lana gustatzen zaiela eta berriro ikusi nahi dutela esan nahi du. Horregatik, ohore handia eta, aldi berean, ardura handia da guretzat.

Zein izango da zuen erronka kontzertu horretan?
J.P.: Betiko erronka lortu nahiko genuke oraingoan ere: gainontzeko munduko soinuek euskal musikatik edan duten teoria jendeari sinistaraztea. Gure pertsonaiek, behintzat, horixe erakutsiko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!