Ekain Zubizarreta, Anger taldeko kideari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 20a, 13:29

Aurtengo San Juan jaietako lehen gauean, Anger taldeak zuzenean jo du Nafarroa plazan. Kontzertuaz, azken diskoaz eta taldeaz hitz egin du Ekain Zubizarreta baxu-jotzaile andoaindar-arrasatearrak. Gertuko jendearen aurrean jotzeak ilusioa egiten diola aitortu du.

Lehengo urteko azaroan “Sute perfektua” diskoa kaleratu zenuten. Zer moduz doa aurkezpen bira?
Ekain Zubizarreta: Egia esan, nahiko ondo. Eten batzuk izan ditugu arrazoi pertsonalengatik; aita izan nintzenean, bateriak hatzamarra apurtutakoan… Arazotxo horiez gain, oso gustura gabiltza. Sentsazio ona izan dugu zuzenekoetan, eta diskoak zuzenean potentzia hartzen duela ikusi dugu. Gainera, erantzun ona jaso dugu eta horrekin pozik gaude.

Tolosako Bonberenean grabatu zenuten. Zer moduzko esperientzia izan da?
E.Z.: Bonbereneakoa disko luzea grabatu dugun lehenengo aldia izan da. Dena den, aurretik etxeko jendearekin harremana bagenuen. Beti etxean bezala sentitu gara, kontzerturen bat ematera joan garenean, hainbat ekimen medio abesti batzuk grabatzera joandakoan… Beraz, harremana lehenagotik bagenuen.
Orain arte, beste esperientzia batzuk izan ditugu grabaketetan; beste jende eta toki batzuetan. Oraingo honetan, ordea, Karlos Osinaga Txapekin grabatzeko aukera suertatu zitzaigun. Txap betidanik izan da gure erreferente eta gogoz ginen berarekin lan egiteko. Aukera hori atera zenez, Bonberenean egitea erabaki genuen.
Esperientzia oso ona izan da. Grabaketa oso prozesu ederra izan da; lan egun gogorrak baina, aldi berean, politak izan baitira. Txap-ek ekarpen polita egin du eta oso gustura geratu gara.

Zuen diskoan “Zaindu maite duzun hori” kanta sartu duzue. Lehenengo aldia da bertsio bat grabatu duzuela. Nolatan?
E.Z.: Urte hauetan zehar askotan jo izan ditugu bertsioak, baina hau da disko batean sartu dugun lehenengo aldia. Beti izan dugu horrelako esperimentuak egiteko zaletasuna, tendentzia berriak edo beste estilo bateko musika gurera ekartzeak erakartzen gaituelako. Arrasaten horrelako ekimenetan hartu izan dugu parte; bertsio kontzertu batean, kasu.
Ruper Ordorikaren kantua Arrasateko Elkartasun Egun baterako prestatu genuen. Zuzenean probatu genuen eta emaitza polita izan zuen. Disko honetarako konposatzen ari ginela, guk sortutako beste kantuekin bat zetorrela ikusi genuen. Ondorioz, grabatzea eta sartzea erabaki genuen.

Taldean hasiera-hasieratik zaude eta urte hauetan guztietan kontzertu mordoa eskaini duzue. Berezienetako bat aipatuko al zenuke?
E.Z.: Pertsonalki ez naiz ikono zalea. Zentzu horretan, ez daukat talde bat, kontzertu bat… Esate baterako, azkeneko kontzertua Berri Txarrak taldearekin eman genuen Bilbon eta oso kontzertu polita izan zen; motza baina zuzena. Jende asko zegoen eta gure sentsazioak onak izan zirenez, gustura geratu ginen. Bat aipatzearren, oraintxe horixe aipatuko nuke. Baina, esan bezala, ez naiz ikono zalea.

Hala ere, nahiz eta lehenengo aldia ez izan, Andoainen jotzea zuretzat berezia izango da, ezta?
E.Z.: Bai. Ilusio gehiago egiten du gertuko jendearen aurrean jotzeak. Gainera, hemen ere zale batzuk baditugu; azken diskoa gustatu egin zaie eta beraien erantzuna iritsi zaigu. Horregatik, beraiei ere gure diskoa zuzenean erakutsi nahi diegu eta espero dugu gustatuko zaiela.
Dena den, orokorrean, guretzat beste kontzertu bat bezalakoa izango da. Dena ematera eta gozatzera joango gara. Espero dut jendea inguratuko dela eta guztiek izango dutela disfrutatzeko aukera.

Niña Coyote eta Chica Tornadorekin Bilbon jo zenuten, Ingo Al Deu?-ko taldeekideak herrikideak dituzu… Zer moduzkoa da beraiekin duzun harremana?
E.Z.: Batera jo genuen, baina ez genuen harremana asko sakontzeko aukerarik izan. Ez gara asko ezagutzen. Ingo al Deu?koekin, ordea, badaukat harremana eta sekulako poza ematen dit beraiekin eszenatokia elkarbanatzeak. Gogoz nago.

Anger-ek 17 urte daramatza, aita izan berri zara. Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
E.Z.: Disko honekin oso gustura gabiltza. Lan egiteko orduan eta musikalki oso eroso gaude; baina, bestetik, ikusten dugu gure bizitza pertsonalek beren ziklo naturala jarraitzen dutela eta etorkizunean beste egoera batera pasako garela taldearekin. Garbi dugu ez dugula bukatutzat emango, baina intentsitatea asko jaitsiko da. Oraingoz, urte honetan abendura arte ahalik eta kontzertu gehien eskainiko ditugu, eta ondoren, erritmoa lausotuko dela aurreikusten dugu. Ez dut amaiera data bat jarri nahi, baina printzipioz, eskainiko ditugun zuzenekoak 2015ean zehar izango dira.

Nola biziko dituzu aurtengo Sanjuanak?
E.Z.: Aurten egunez gozatuko ditut festak. Gure kontzertuaz gain, Axeri dantzan aterako naiz hirugarren aldiz; egun horretan asko disfrutatzen dut. Bestela, ez dut ezer berezirik egingo; kalean ibiliko naiz bertako giroa ikusiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!