Datorren ikasturtean igeriketan murgiltzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 13:32

Buruntzaldea IKTk 2015-2016 denboraldiarako izen-ematea zabaldu du. "Zure haurrak igeriketa taldeko partaide izan nahi badu, oraintxe du aukera!". Izen-ematea 2015ko uztailaren 26ra arte egongo da zabalik eta web orriaren bidez egin behar da, "Izen Emateak" atalean "Andoain" sakatuta. Datorren denboraldia irailaren 14ko astean hasiko da. Hauek dira  jaiotze urtearen arabera izango dituzten ordutegiak:

2007an eta 2006an jaioak: asteartea eta osteguna, 17:00etatik 18:00etara.
2005ean jaioak: astelehena, asteazkena eta ostirala, 17:00etatik 18:00etara.
2004an jaioak eta 2003ko mutilak: astelehena, asteazkena eta ostirala 18:00etatik 19:15era. 
2003 eta lehenagoko neskak eta 2002 eta lehenagoko mutilak: eskatu informazioa 696 506 632 telefonoa
 
Datorren ikasturtean pentsatzen jarri da Buruntzaldea IKT igeriketa taldea, eta dagoeneko deialdia luzatu diete gaztetxoei. Probatzeko eta taldean sartzeko gonbita egin diete, benjaminei bereziki. “Deialdia haur guztientzako da, baina jasotzaile nagusiak 2007an jaiotakoak dira; horiek hasiko liratekeelako ibilbide osoarekin”, azaldu du Borja Apeztegia klubeko kideak. Dena den, edozeinek izena eman dezakeenez, bakoitzaren ikaskuntza mailari egokitzen zaion taldean jarriko luketela aurreratu dute.
 
Gero eta hobeto igeri egiten ikasteaz gain, taldekideekin giro onean ibiltzen eta klubaren parte sentitzen dira haurrak. Gainera, kirolariek balio positibo asko ikasten dituztela adierazi dute entrenatzaileek: “Talde guztiak mistoak dira, kirol askotan ez bezala. Horrek, berdintasunaren aldetik, bata bestearen onarpenean asko irakasten du. Bestalde, esfortzuaren kultura barneratzen dute, bizitzako beste alor batzuetarako baliagarria egingo zaiena”.
 
Gainera, lehiaketetara bideratutako kirola denez, aurkarien lagun izaten ikasteko eta jende berria ezagutzeko aukera dute. “Ur barnean baino, uretatik kanpo dagoena da kirolera lotzen zaituena”, dio Mikel Esnal igerilariak. Lehiaketetan jende asko ezagutzeko aukera dagoela eta igeriketak bizitza osorako lagunak ematen dituela uste dute. Honenbestez, hasiera batean kirol gogorra badirudi ere, igeriketa erakarpen handiko kirola dela aitortu dute. 
Igerilari izateaz gain, entrenatzailea ere bada Mikel eta bere ustez, lehiaketek irakaskuntza handia eskaintzen dute. “Lehiak nola irabazi eta nola galdu erakusten du. Baita entenamenduetan ikasten ez diren balore asko ere: umiltasuna, errespetua, zure burua kontrolatzea…”, azpimarratu dute. Gainera, entrenamenduari zentzua ematen diona lehiaketa dela diote, horren baitan ikusten baitute zertan hobetu edo zein jokaera mota hartu.
 
Hori horrela, Borjak azaldu duenez, kirol bezala igeriketa gustatzen zaiona gerturatzen da taldera; bere entrenamendu, lehiaketa eta ikaskuntza sistemarekin. Lehengo urtean lehen aldiz aritu ziren ikasleak oso gustura ibili direla adierazi dute: “Beraien aldetik asko jarri dute, asko hobetu dute eta txikienak ondo moldatu dira”, dio Mikel Esnalek. Igeriketa zer den ikasten ari omen dira: arautegia, funtzionamendua, entrenamenduko dinamika… “Jakintza asko hartu behar dira eta oraingoz, igeriketa zer den ulertzen ari dira. Igeri egiten hastetik talde izatera pausu bat dago, eta horretan dabiltza”, azpimarratu du Borjak.
 
Horretan jarraitzeko, azken urteetako gorakadari eutsi eta haur gehiago gerturatzea gustatuko litzaieke. “Kirol polita da. Probatu gabe ezin da jakin, beraz, probatu dezatela”, animatu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!