Adineko mahaia osatuta eta botoak zenbatuta, Mikel Izagirrek egin zuen iragarpena: “Mikel Pagola Tolosa alkate izendatuta geratzen da”. Berehala hasi zen txalo zaparrada, ikusleen aldetik eta Udal ordezkari guztien aldetik. Mikel Pagola eserlekutik altxa zen eta Udal idazkariaren eskaerari erantzunez, zutik eta herritarren aurrean kargua zin egin zuen honako esaldia erabiliz: “Urnietako herriak 400 urte betetzen dituen honetan, Urnietaren eta urnietarren aginduz, gure arbasoak oroimenean eta herri ordezkarion aurrean, ohore handiz nire agindua ongi betetzea zin egiten dut”. Esaldia amaituta jendea txaloka eta zutik jarri zen, idazkariak aginte-makila eman zion bitartean.
LEHEN HITZAK ALKATE MODURA
Makila herritarrei erakutsi eta gero, bere eserlekura itzuli zen alkate bezala lehen hitzak eskaintzeko: “Eskerrak emateko eguna da, hasteko Urnietako Udalean azken lau urteotan elkarlanean aritu garen hamahiru zinegotziei. Gobernu taldekoei bereziki, Maribel, Dabid, Miren eta Koldo, gertuen izan ditudanak izan zaretelako. Baina baita oposiziotik ere, EH Bilduko eta PSE-EEko zinegotziek herriaren alde egin duzuen lanagatik. Ongi etorriak, bestalde, datozen lau urteotan udalbatza berria osatuko duzuen gainontzeko hamabi zinegotziei ere. Horien artean aurpegi berriak daude eta beste batzuek ordezkari izatea zer den badakite. Eskerrak maiatzaren 24an izandako Udal hauteskundeetan 1428 herritarrek eskainitako konfiantzagatik ere, eta era berean, beraiengandik jasotzen dugun erantzunkizunagatik. Aurrera begira, zuzentzen dudan lan taldeak gogo biziz ekingo dio legegintzaldiari. Talde gazte bezain trebatua dugu, eta azken lau urte hauetan egin izan dugun moduan, Urnietako Udalean kontsentsuak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartu nahi dugu. Gure jardunean lortu behar dugun helburu nagusia Urnietaren alde jardutea da, Urnietarentzat eta urnietarrentzat onena denaren alde jokatu behar baitugu. Gardentasun osoz arituko gara, une oro urnietarrei informazioa eskainiko zaie eta herritarrei parte hartzeko dinamikak eskaintzen jarraituko dugu. Astelehenetik aurrera erronka gogor eta motibagarri honi ekiteko indarrarekin eta gogoarekin gaude. Mila esker horretarako aukera eskaini diguzuen guztioi. Emandako konfiantzari hutsik ez egiten saiatuko gara”.
HITZ SENTITUAK SENIDEEI ETA BI ALDERDIKIDEI
Amaitu aurretik gogoan izan zituen gertukoenak, familia eta alderdikideak. Hunkituta, hitzak trabatu zitzaizkion une batean baino gehiagotan: “Ezin ahaztu familia, gaurkoan emazteak, alabek eta nire amak ordezkatzen duten familia. Eskerrik asko zuengandik jasotako laguntza eta animo guztiagatik. Hauteskunde egunean Bitoriano nire aita hil zela 26 urte bete ziren. Gaurkoan eskerrak eman nahi dizkiot berari ere, norberaren kontuak alde batera utziz besteen alde lan egiteak dakartzan onurak baloratzen berak erakutsi zidalako”.
Gaixorik dagoen Florentino Ugalde eta udaberrian hil zen Josu Garmendia herriko EAJko lehendakaria aipagai izan zituen, kanpainan haien hutsunea sentitu zuela nabarmenduz, “alderdikideen laguntzari esker aurrera irtetea lortu dugu. Florentino, animo, segi egoskorra izaten gaixotasunari aurre egiteko. Eta zuri berriz, Josu, zauden tokian egonda ere ziur nago hemendik bidaltzen dizugun besarkada iritsiko zaizula. Eskerrik asko guztioi eta gora Urnieta!”. Malkotan amaitu zuen alkateak. Txalo zaparradarekin erantzun zioten bertan zirenek.
IXIAR MARTIARENA, EH BILDUKO HAUTAGAIA
“Eskerrak eman nahi dizkiegu gure alde bozka eman dutenei. Zorionak EAJri gehiengo osoa lortu duelako. Zorionak PSE-EEri ere”. Herritarren parte hartzea eta inplikazioa hizpide izan zituen, “ez da egun batetik bestera egiten den gauza. Heziketa kontua da, lanketa behar duena, herri anitzagoa eta aberatsagoa izatera eramango gaituena. Azken lau urteotan errespetuz lan egin dugu, denok landu dugu bizikidetza. Kanpainan marra gorri asko zapaldu dira gure ustez. Etorkizunean joko garbiagoa espero dugu. Eraikitzaile jokatu dugu, Langardakoa horren adibide da”. Datozen lau urteetan euren lana gobernu taldeari Udala herritarrena izan behar duela gogorarazi zuen. Neurrien artean, honakoak: “Parte hartzeari bideak ireki behar dizkiogu, gardentasuna aldarrikatu, herritar guztien ongizatea bilatu, murrizketa sozialei aurre egin eta erabakitzeko eskubidearen alde egin”.
CONSUELO FRUTOS, PSE-EEKO HAUTAGAIA
“Alderdi sozialistaren aldetik esker ona guregan konfiantza erakutsi duten urnietar guztiei. Gure esker ona ere alderdikide eta etxeko guztiei, hartutako lan guztiagatik. Ez dizuegu hutsik egingo. Argi dagoenez, oposizioan gaude, baina hala eta guztiz ere urnietar guztien onuraren alde lan egiten dela ziurtatuko dugu. Guk kanpainan landutako egitasmoen alde lan egingo dugu, egitasmo horiengan sinesten dugulako. Errealitatearen gainean eraiki ditugu. Uneoro gure ideiak eta proposamenak defendatuko ditugu. Eta urnietarren beharrak asetzen dituzten gainerako proposamenak ere babestuko ditugu. Sekula ez interes partidistei erantzuten dietenak, edota herritarren beharretatik urruntzen direnak. Mikel Pagola jauna, gehiengo osoa baduzu ere, sozialisten proposamenak kontuan hartuko dituzula espero dut. Zorionak alkate jaunari eta zinegotzi zareten guztioi”.