Ana Carrere Andoaingo alkate izendatu zuten, ezusteko bozketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 13:17

Batzarraldi aretoan ezustekoa handia izan zen, bertan izan zirenek ahaztuko ez dutena. EH Bilduk alkatetza galdutzat ematen zuen, horixe adierazten zieten bertaratzen ziren kazetari eta herrikideei. Aginte-makila sozialisten eskuetara igaroko zela zirudienean, bozketan Maider Lainezek ez zituen jeltzaleen eta sozialisten boto guztiak lortu. Espero ez zen boto zuri bat izan zen bederatzi boto horien artean, Ana Carrereren bigarren agintaldia ahalbidetu zuena. Etsipena nagusitu zen orduan jarraitzaile sozialisten artean eta, aldiz, poza handia zen Bilduko kideen artean. 

Maiatzaren 24ko Udal hauteskundeetan EH Bilduk irabazi zuen, baina gehiengo osoa eskuratu gabe. Larunbateko kargu-hartze ekitaldian lehenik eta behin hautagaiak aurkeztu behar ziren, eta ondoren bozketari hasiera eman. 17 zinegotzietatik Ana Carrere eta Maider Lainez aurkeztu ziren alkatetzarako, jeltzaleen hautagai Marijose Izagirrek berea erretiratu zuelako.
 
Lehen bozketa horretan alkate izan nahi zuen hautagaiak 17 botoetatik 9 lortu behar zituen. Eta ez zen hori gertatu. Bozketa horren emaitza honakoa izan zen:
-Maider Lainez 8 boto. 
-Ana Carrere 6 boto.
-Jorge Mourinho boto 1.
-Zuriak 2.
 
Gehiengo osoa inork lortu ez zuenez, hauteskundeetan boto gehien eskuratu zuenak hartu zuen aginte-makila: Ana Carrerek, alegia. Zenbaketa emozioz beterikoa izan zen.
1. “Maider Lainez”.
2. “Maider Lainez”.
3. “Ana Carrere Zabala”.
4. “Maider Lainez”.
5. “Ana Carrere Zabala”.
6. “Ana Carrere Zabala”.
7. “Maider Lainez”.
8. “Blanco”.
9. “Ana Carrere Zabala”.
10. “Maider Lainez”.
11. “Jorge Mourinho”.
12. “Blanco”.

Ezustekoa hamabigarrenean  iritsi zen, hura bai kanpaikada! Kontaketarekin jarraitu zuen 17 Udal hautetsien artean edadetuena zen PSEko Daniel Garciak, baina dagoeneko bigarren zuri hori erabakiorra zen, alkatetza Bilduri ziurtatzen ziona. Begiradak eta keinuak gurutzatzen hasi ziren, eta ikusleen artean zurrumurrua berehala iritsi zen. 

13. “Maider Lainez”.
14. “Maider Lainez”.
15. “Ana Carrere Zabala”.
16. “Maider Lainez”.
17. “Ana Carrere Zabala”.

Zenbaketa amaituta, Daniel eseri egin zen eta Udal idazkariak zenbaketari ekin zion. Maider Lainezek 8 boto jaso zituen, Ana Carrerek 6, Irabaziko Mourinhok 1 eta zuriak 2. Gehiengo osorako 9 boto inork lortu ez zituenez, EH Bildukoek une horretan alkatetza eurentzat zela barneratu zuten. Idazkariak hitza hartu zuen orduan: “Beraz, Udal hautagaien artean legeak hala eskatzen duen gehiengo osoa (9 boto) inork lortu ez duenez, eta herrian hautagaitza bozkatuena 2112 botorekin EH Bildurena izan zenez, mahaiko lehendakaritzak Ana Carrereri dei egiten dio izendapena hartzen duen ala ez. Eta behin kargua hartu ondoren, alkate aldarrikatuko genuke”. Eta, noski, Anak baiezkoa erantzun zuen. 
 
Bertan izan zenak ez du berehalakoan ahaztuko batzar aretoan gertatu zena. Are gutxiago Ana Carrerek eta bere koaliziokideek. EH Bildukoek kanpo ikusi zuten euren burua, goizeko 09:30ak aldera jeltzaleen jakinarazpena jaso zutenean. Alderdiak hala erabakita, EAE mailako itunari eutsiko ziotela adierazi baitzieten. 
Bozketa egiteke zegoen, ordea. Eta ezuste galanta hor iritsi zen. Hamabigarrenean iritsi zen kanpaikada. Hots horrek, kanpaikada horrek, abiada bizia hartu zuen eta berehala estatu mailako hedabide digitalen lehen lerroan agertu zen.
 
Txalo zaparrada entzun zen alkateak aginte-makila hartu eta berehala. Udal hautetsien artean, sozialistek ere txalo egin zuten. Eta jarraian alkatea zoriontzera gerturatu ziren. Ikusleen artean zeuden sozialista gehiago ere gerturatu zen Ana Carrere zoriontzera, tartean Batzar Nagusietan orain arte kargudun izan den Rafaela Romero sozialista, Petri Romero Udal zinegotziaren ahizpa. Ika-mika txikiak izan ziren, Rafaela Romero tartean, tentsioaren eraginez bereziki. Ez zen gehiagora iritsi eta pixkanaka ikusleak batzarraldi aretotik atera egin ziren. Kazetariak adierazpen bila zebiltzan bitartean, EH Bilduko ordezkariek taldeko argazkiak egin zituzten aginte-makilarekin.
 
Ana Carrerek alkate bezala egin zituen adierazpenetan, beste politikagintza modu bat iragarri zuen: “Gauzak hobeto egiteko helburuarekin aurkezten gara gaurkoan, azken lau urteotan egin ditugun akatsak zuzendu eta gainontzeko alderdiekin elkarlanerako eta Andoainek behar duen egonkortasun administratiboa eta politikoa eskuratzeko jarrera positiboarekin”.
 
SOZIALISTEN KRITIKA JELTZALEEI
“Andoaingo EAJ-PNVk azpikeriaz, beldurrak eramanda eta apropos jokatu du. Politika mailan ausart izan behar dugu, ausart jokatu behar dugu eta zoritxarrez gaur ez da horrela izan. Gure aldetik argi daukagu beti bezala jarraituko dugula Andoainengan pentsatzen. Gure jokabidea norabide horretan joango da”. Horiexek izan ziren hedabideen aurrean Maider Lainezen adierazpenak, batzarraldia amaitu eta berehala. Maiatzaren 24az geroztik Andoain herriak aldaketa eskatu zuela aldarrikatu izan du.  
 
Kargu-hartze ekitalditik orduak igarota, gau horretan bertan, sare sozial ezagun batean esker ona adierazi zien egun osoan zehar elkartasuna eta gertutasuna agertu zieten guztiei: “Egun gogorra izan da, ezin dut ukatu. Baina eskerrak eman behar dizkiet maitasuna eta babesa eskaini didaten hainbat pertsonei. Horri esker eramangarria izan da. Jasotako elkartasun osoa eskertzeko hitzik gabe nago”.
Aiurri astekaria Lainezekin harremanetan jarri zen, baina oraingoz adierazpen gehiago ez egitea erabaki du. 
 
JOSEBA EGIBARREN ERANTZUNA SOZIALISTEI
Asteazken goizean, Euskadi Irratian Joseba Egibar GBBko lehendakariak Andoaingo afera hizpide izan zuen. Gasteizko kasua aipatu nahi izan zuen lehenik, “aldez aurretik elkarri babesa ematea adostuta genuen, baina PSE-EEk bazekien aldez aurretik guk arazoa Andoainen genuela. Birritan esandako kontua zen. Benetako gaia edo arazoa niretzat Gasteizen zegoen, goizeko 08:00etatik PSE-EEk dagoeneko Gasteizen babesa azaltzeko ezintasuna adierazi zuelako. PPk izugarri presionatzen zituela adierazi zuten. Eta Andoaingo plenoa 10:00etan hasi zen. Sozialistentzat Andoaingoa arazoa izango da, baina gehienbat aitzakia da”.
 
Andoainen EAJren baitan zailtasunak berretsi zituen, “2003an PSEk eta PPk albora utzi zutelako gure hautagaia eta beraiek atera zuten alkatetza. Hori herrietan ez da hain erraz ahazten”. Etorkizunari begira jarrita daudela adierazi zuen: “Olasagastik bere postua herri batzarraren esku utzi du, eta bukatu da”. Gaur gaurkoz herri mailako jeltzaleen esku dago zinegotziaren akta, eta bere etorkizuna zinegotzi modura. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!