Festa usaina gerturatzen ari da Zizurkilera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 11:37

Gurutze Goikoetxea Elbarrenako festa batzordeko kide da. Uztailaren 4an burutuko den Koadrilen eguna antolatzen buru-belarri lanean ari dira.

2003. urtean hasita, Zizurkilgo koadrila bakoitzak festetarako bere blusa du. Lehendabiziko blusa orain 37 urte egin zuen Or konpon koadrilak eta 2003an, blusa hura kaleratu zela 25 urte bete zirenean, festen aurretik herri giroa sortu eta egun polita igarotzeko helburuarekin Koadrilen eguna sortu zuen jai batzordeak. Geroztik, hutsik egin gabe urtero antolatu dute herritar ugari biltzen duen egun osoko festa. Lehen urteetan, koadrilen arteko bazkaria eta ondorengo jokoak izaten ziren. Gero, urtez urte ekimen gehiago tartekatzen joan dira. “Iaz, esaterako, sagardo probaketa antolatu genuen egitarauaren baitan eta giro polita sortu zen, nahiz eta lehenengo urtea izanik ez zen jende askorik gerturatu. Aurten arrakasta gehiago izatea espero dugu eta ekimenaren berri zabaltzen saiakera berezia egiten ari gara”, adierazi du Gurutzek. Aurtengo Koadrilen eguna, bada, uztailaren 4an izango da, larunbatarekin eta egitarau bete-betea dakar.

Egun osoko festa
11:30etan ekingo diote festari herriko plazan, sagardo probaketarekin. Gipuzkoako Sagardogileen elkartearen laguntzarekin antolatuko dute dastaketa eta zazpi sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatu ahal izango da. Sagardoarekin batera pintxoak ere eskainiko dituzte antolatzaileek. Nahi adina sagardo probatzeko edalontziak, –bi pintxorekin batera–, 3 euroko kostua izango du. Pintxo gehiago nahi duenak, bakarka erosteko aukera ere edukiko du euro bateko prezioan.
Sagardo dastaketaren ondoren, herriko Bukalai dantza taldearen emanaldia izango da eta 14:00etan koadrilen arteko bazkaria. Plazan bertan paella erraldoia egin eta hainbat sarrerarekin batera, paella-jatea egingo dute herritarrek. Bazkarirako txartelak aurrez salgai jarriko dituzte antolatzaileek Egarri tabernan. Bazkariaren ondoren ere izango da festan jarraitzeko aitzakiarik, musika izango baita dantzatu nahi duten guztientzat. “Herriko jendea elkartu ohi gara eta elkarren artean ezagutu nahiz herri giroan sakontzeko une polita izaten da Koadrilen eguna”, Gurutzeren ustez. Zizurkildarrei ez ezik, ordea, deialdi zabalagoa egiten dute, “herritarrei noski, baina inguruko herrikideei ere festara etortzeko gonbidapena luzatu nahi diegu, festa irekia baita”. Zizurkildarrak euren koadrilako blusa jantzita etortzen dira uztaileko festara eta iraileko jaietan errepikatu egingo dute berriz ere egun handia, “festetan koadrilen eguna errepikatu egiten da eta hura arrakastatsuagoa izaten bada ere, poliki-poliki indarra hartzen ari da jai nagusien aurreko egun hau ere”.

Iraileko festen antolakuntzan
Irailaren 3tik 9ra luzatuko diren Elbarrenako festak antolatzen ari dira dagoeneko jai batzordeko kideak. Orain bizpahiru hilabete hasi ziren antolakuntza lanetan, “tartean abuztua egokitzen denez, taldeak lortzeko aurrez mugitu behar baita”. Ari dira, beraz, aurtengo egitaraua pixkanaka lotzen eta aurrerapentxo bat egiteko eskatuta, festak urteroko ildotik osatu dituztela jakinarazi du Gurutzek, “urtero legez, txupinazoa, danborrada eta afariarekin abiatuko dira festak. Umeentzako jolasek nahiz urteroko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi arrakastatsuak ere ez dute hutsik egingo. Iazkoan zezensuskoak izan zuen erantzun ona ikusita, aurten berriz ere errepikatzeko asmoa dugu. Bestalde, erraldoi eta buruhandien konpartsak kide berria izango du aurtengoan: Pello Mari Otañoren irudiarekin osatutako erraldoia, hain zuzen”. Bestelako berrikuntzen artean, maiatzaren 16an Zizurkil goran aurkeztu zuten ‘Bazan behin herri txiki bat’ herri antzerkiaren proiekzioa eskainiko dute plazan.
Gainerakoan, aurten berriz ere, herritarren artean kaleratu izan duten dantza emanaldia berreskuratu nahian dabiltza. Herritarrek ingurutxoa dantzatzen ikasi eta festetako igandean kalez kale ibiltzearekin batera, plazan emanaldia eskainiko baitute. Gurutzek parte hartzera animatzeko deia luzatu die herritarrei, “azken urteetan ume asko gerturatu izan da ekimenera eta oso gustura hartzen ditugu, baina herritar helduei ere inguratzeko deia egingo nieke. Festa denontzat da eta denek hartu beharko genuke parte, lotsak alde batera utzita”. Dudarik gabe, herritarren parte hartzeak xarma eransten die festetako ekimenei. Animo, bada! Uztailean hasiko dira dantzak ikasteko entseguak.

Ateak zabalik
Koadrilen eguna nahiz iraileko festak antolatzeko, jai batzordeko kideak asteazkenero bildu ohi dira arratsaldeko 19:00etan Atxulondo kultur etxean. “Bilera irekiak dira eta ateak zabalik daude ideia eta proposamen berriak egitera gerturatu nahi duten guztientzat”, dei egin du Gurutzek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!