1936ko Gerrako aztarnen bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 11:33

1936ko Gerra eta haren ondorio krudelak gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari dira azken urteotan. Herriz herri talde ugari sortu da iragana egunera ekarri eta biktimek bizitutako sufrimendua aitortu nahian.

Besteak beste, lan horretan buru-belarri murgilduta dabil Lasarte-Orian jaio, baina azken urte luze hauetan Asteasun bizi den Joxe Agustin Muguruza. Jaioterrian orain hiruzpalau urte sortu zuten Islada Ezkutatuak elkarteko kide da eta ez du zalantzarik, Euskal Herria garai berri bat bizitzen ari da: “urte luzetan baztertuta eduki den 1936ko Gerraren gaia pil-pilean dago egun. Hainbat politikari eta komunikabidek gertaera haiek euren komenentziaren arabera bertsionatuko badituzte ere, gurea bezalako taldeon zeregina gertatu zena aztertu eta plazaratzea da”. Muguruzaren ustez, Euskal Herriko bake prozesuaren testuinguruan hasi da gaia mugitzen eta aurrez 36ko Gerraren inguruan erakundeen aldetik omenaldi gutxi batzuk antolatu edota unibertsitate mailako ikerlarien eskutik hainbat azterketa egin bada ere, “badirudi politikari nahiz erakundeek gaiaren inguruan erantzungo duten unea iristear dela”. Joxe Agustini eginiko elkarrizketa hurrengo artikuloan: hemen

Auzolandegiak, Aiztondo bailaran
Orain bi urte hasitako bideari eutsiko diete aurten ere Aiztondo bailaran, izan ere, 1936ko Gerrako aztarnen bila jarraituko baitute gazteek uztailaren 6tik 18ra luzatuko den auzolandegian.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, auzolandegiak antolatu dituzte aurten ere Aduna, Asteasu eta Zizurkil herrien artean. 1936ko Gerraren inguruko datu gehiago eskuratu nahian, lubakiak arkeologikoki industen arituko dira gazteak. Garai hartan Aiztondo bailaran gertatutakoaren egia bilatu eta hedatu nahi dute antolatzaileek ikerketa lan honi esker, memoria kolektiboan txertatzeko asmoz. 18-30 urte bitarteko gazteek eman dezakete auzolandegietan izena, 19 partaiderentzako lekua izango da bertan. Interesa duen orok, jakin dezala ekainaren 26ra arte egongo dela izena emateko aukera zabalik hbravo@aranzadi.eus helbide elektronikora mezua idatzita. 50 euro ordaindu beharko da izen-ematea. Auzolandegiko materiala, hitzaldiak, bisita gidatuak eta egonaldiko mantenu osoa (loa eta otorduak barne), prezio horren baitan sartuko dira.

Aztarna berrien bila
Orain bi urte, Adunako Belkoain inguruko Marea trintxeran hasi zuten gazteek garbiketa eta, bigarren lubakia berreskuratzeari ekin zioten iaz. Aurten, mendi aldean geratzen diren trintxerak eta aztarnak garbitu eta arkeologikoki dokumentatuko dituzte. Aurreko urteetan bezala, mendiko lanarekin batera, 1936ko Gerrarekin lotutako hainbat ekimen izango dute arratsaldez gazteek: hitzaldiak, aurkitutako materialen garbiketa, film edota dokumentalen proiekzioak… Hitzaldien artean, besteak beste, testuinguruaren dokumentazio historikoaz edota Saseta defentsa sistemako protagonisten inguruan arituko da Karlos Almorza aditua. Inguruko lubakiak berekin ezagutzeko aukera ere izango dute gazteek. Era berean, Josu Chueca historialaria ere gerturatuko da auzolandegietara, Gurs-eko (Frantzia) kontzentrazio kanpamenduan egondako euskaldunen inguruan hitzaldia eskaini eta egun batzuetara, kontzentrazio eremua bertatik bertara ezagutzeko bisitaldia gidatuko baitu.
Asteasuko eskola auzolandegiko gazteak hartzeko aterpe bilakatuko da egun horietan zehar, baina Zizurkil eta Adunan ere ekintza ezberdinak burutuko dituzte uztaileko lehen bi aste horietan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!