“Desinformazioaren prozesua hamarkadatan zehar luzatu da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 11:31

Joxe Agustin Muguruzak Islada Ezkutatuak elkartearen baitan egiten ari diren lanaren inguruan hitz egin du, ekainaren 21ean Zubietamendin egingo duten ibilaldi gidatura gerturatzeko gonbitea luzatuz.

Nondik datorkizu 36ko Gerraren inguruan sakontzeko zaletasuna?
Nire kasuan prozesu bat izan da; ikertu ahal izateko ezagutzeko beharrak eta ezagutu ahal izateko ikertzeko beharrak uztartu eta gaia sakontzera bultzatu bainaute. Ez dago beste biderik; sakondu ezean ez da inoiz gertatu zenaren gertuko ezagutzarik izango. Gainerakoa epika da, nahia eta sentimendua.

Eta nondik ejertzitoen estrategia militarrekiko edota armamentuarekiko zaletasuna?
Ikertzeko beharrak bultzatu ninduen horretara ere. Esaterako, arakatzen ari garen Zubietamendin aurkitutako bala-zorro edo militar erako azpiegiturek informazio zehatza ematen dute. Ahal den neurrian informazio hori irakurtzen jakin egin behar da, gainerakoan oso zaila baita duela 80 urte gertatutakoa ulertzea.
Kasu honetan gertatzen den moduan, armamentuaren arrastoen desberdintasunek, golpisten eta gobernukoen artean zegoen izugarrizko aldea agerian uzten dute. Pistola batekin edo Winchester karabina batekin ezer gutxi egin ahal izango da Mauser edo metrailadore baten ondoan. Alde hori ulertzeko gai izanez gero, kokaleku zehatz honetan gertatu zenaren eta pasatu zutenaren ideia egin ahalko da. Alde horrek, era berean, golpisten eztabaidaezinezko ‘garaipen’ batzuen zergatia ere azaltzen du, errepublikarren bitartekoen eskasia erakustearekin batera.

Nola baloratzen duzu Islada Ezkutatuak taldea Lasarte-Orian burutzen ari den lana?
Oso positibotzat. Kasik desagertuta zeuden lubakien 140 metro baino gehiago altxatu ditugu eta liburu gutxitan datatuta dagoen defentsa posizioa aurkitu dugu. Gainera, oraindik sakontasunez aztertzeke dauden era guztietako arrastoak ere aurkitu ditugu: bala-zorroak, platerak, sardexkak…

Zer aurkitu duzue, zehazki, Zubietamendin?
Ia 80 urte geroago orandik bizirik irauten duten gerrako arrasto ugari aurkitu dugu: lubakiak, borroken aztarnak… Hori guztia txatar-biltzaileen eraginaren ostean, esan beharrik ez baita garai hartan txatar-biltzaileak fronteak errepasatzera joaten zirela maiz, material ugari aurkitzen baitzuten bertan: burdina, letoia…

Zer zekiten gaiaren inguruan Lasarte-Oriako herritarrek orain artean? Zer jakitea lortu dute orain zuei esker?

Denetarik egongo dela pentsatzen dut; batzuek asko jakingo zutela, gutxiago beste batzuek eta batere ez zekitenik ere egongo zela. Errealitatea poliedrikoa da eta-ikusi, sufritu edo azaldu zietenaren arabera-, egia haren zati bat ezagutzen dute herritarrek. Guk garai hartaz hitz egin nahi izan dutenen eskutik zer edo zer badakigu; ezertxo ere ez, ordea, hitz egin ez dutenengandik edo hitz egin nahi ez dutenengandik.
Gure azterketen ondorioz zer edo zer jakin dute herritarrek ere, baina oraindik ez dugu gure ondorioen hedapen zabalik egin.

Zenbaterainoko garrantzia dute zuen aurkikuntzek Gipuzkoako frontea ulertu eta gehiago jakiteko?
Urte luzetan, Gipuzkoan garai haietan gertatutakoak garrantzia handirik ez zuela pentsatzeko joera izan da. Irungo fronteak oihartzuna izan bazuen ere, nire ustez, nahikoa oharkabekoak izan dira gainerakoak, behar bezala aintzat hartu gabeak.
Izan ere, Gipuzkoaren zati handiena hilabete baino gehiagoan gudaroste golpistarengandik aske mantendu zuen frontearen bizkarrezurra Iramuñotik (Larraul) Mendizorrotzera doan fronte-ilara izan baitzen.
1936ko irailaren erdialdean, gudaroste eta milizia golpistak berrantolatu ondorenean, frontearen sektore horren aurka borrokan hasi zirenean, Gipuzkoaren zoria jokoan zegoen. Gobernuaren aldekoek beldurrak hartuta bertan behera utzi zutenean, Gipuzkoako frontea erori egin zen eta faxistek, Eibarrera bitarte jarraitu zuten euren bidea, ia atsedenik ere hartu gabe.
Oria bailara bereganatzeko zutabeak Iruñeatik abiatu zirenetik bereganatu zuten arte bi hilabe luze igaro ziren. Tolosa hartu ondorenean, golpistengandik libre zeuden Gipuzkoako zatirik handienaren defentsa bideratu zuten, beraz.

Zenbaterainoko garrantzia du zuenaren antzeko herri taldeak osatzeak?
Handia, dudarik gabe. Garai hartan gertatutakoaren desinformazio ofizialaren prozesua hamarkadatan zehar luzatu da. Historiaren arlo horrek jazotako manipulazio eta abandonuak bere memoria galbidean jarri du. Horri guztiari, gobernuko azpiegitura frankistetatik populazio galtzaileari eragindako beldurra oinarrian hartuta, hamarkada luzetan gaia baztertu duten alderdi politiko demokratikoen utzikeria ulertezina gehituz gero, gertatutako hark guztiak ikerketa objektibo, sakon eta zabala behar duela ondoriozta daiteke. Maila akademikoan nahiz hainbat idazle klasikok garai hura aztertzen saikera berezia egin bazuten ere, orain urte gutxira arte oso baztertutako gaia izan da. Herrietako taldeek errealitate ezberdinak ezagutarazten lan handia egin dute eta bereziki, baita gaiaren transmisioan ere.

Zer erakutsiko duzue ekainaren 20an Zubietamendin antolatu duzuen ibilbide gidatuan?
Islada Ezkutuak taldeak urteotan egin duen lanaren berri erakutsiko dugu. Interesa duten eskualdeko herritar guztiei gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi diet.

Nola ikusten duzu azken urteotan 36ko Gerrako memoria historikoaren berreskurapena eskualdean, Gipuzkoan nahiz Euskal Herri mailan?
Alde batetik, esperantzaz. Gaiarekin lotuta hamarkada luzetan zabaldu diren gezurrak ezagutarazi eta herritarren irudimenean bizirik egon diren mitoak desegiteko gai izan behar dugu. Eta bereziki, garai hartako biktimei, erakunde eta herriko kulturan beharrezkoa duten duintasuna itzuli behar zaie duten garrantzia.
Bestalde, beldurrez. Garai berriak bizi ditugu egun. Alderdi politiko, talde boteretsu nahiz erakundeak ere konturatu dira horretaz. Egoera sozial eta politiko berri honen harira, gertatu zenaren inguruko zentzuzko kontaketa egin behar dute, euren jokaera justifikatu eta euren erakundea errealitate berri honetan kokatuko duena. Beldur naiz –dagoeneko egiten ari ez badira behintzat–, gertaera guztiak bertsionatzen saiatuko ez ote diren, euren buruak zuritu eta gizartearen babesa eskuratzeko. Izan ere, herritarrek ‘onartutako’ gertaeren bertsioa eginez gero, eragin ona jasoko lukete. Eragin onek botoak emango lizkiekete eta botoek boterea.
Aukera hau galtzen ez uzteko, betiko legez, pertsonen eta herritarren sen onean konfiantza izan behar da, datozen belaunaldiek gertaera historiko haien egiazko adierazpenak jaso ditzaten.
Gertatutakoa, gerra irekiaren tamaina hartu zuen huts egindako estatu golpea izan zen. Tamalez, legez kanpoko eta lege konstituzional, demokratiko nahiz legalki ezarritakoa hautsi zutenek irabazi zuten gerra hura. Errepublikaren erregimenak.



Gerra gordin, Asteasun
Aurrez aipatu bezala, Joxe Agustin Asteasun bizi da azken urte luzeotan. 1936ko Gerrak Asteasu herria ere gogor astindu zuela agerikoa da, “Asteasu herri txikia izanagatik, eragin handia izan zuen gerrak. Sei herritar fusilatu zituzten guztira. Astebeteko epean desagertu ziren herritik. Bertako emakume batek esan zidanez, ‘isiltasuna’ nagusitu zen egun haietan. Beldur handia”, adierazi du.

Zubietamendiko parajea ezagutu nahi?
Islada Ezkutatuak elkarteak bisita gidatua antolatu du ekainaren 20an, larunbatarekin. Lasarteko Okendo plazatik abiatuko dira goizeko 09:00etan. Interesatu oro dago parte hartzera gonbidatuta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!