Ekainak 21, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 10:31

Erabakitzeko eskubidearen aldeko jaialdi erraldoia antolatu du Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 21ean Euskal Herri mailan, ‘Gaur hautetsontzia, bihar erabakia’ lelopean.

Iaz Durango eta Iruñea lotzen zituen giza-katea antolatu eta gero, euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea berma dadin, Donostia, Baiona, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeako estadio nagusietan ekitaldi masiboak antolatu ditu Gure Esku Dago dinamikak datorren larunbatean. Hiriburuz hiriburu, egun osoko jaiak burutuko dira eta urte guztian zehar jostunek josi dituzten oihal zatiak euren artean lotu eta hautetsontzi erraldoiak irudikatuko dituzte.

Ekainak 21, igandea. DONOSTIA
12:00etan Donostiako bost zubi nagusien arteko zubi-katea egingo da, Urumea ibaiaren inguruan. Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo herritarrak Tolosaldearen baitan, Mundaizen azpialdean kokatuko dira. Andoaindarrak, berriz, Lasartealdea eskualdearen baitan, tren geltokiaren ondoan. 11:30etan bere lekuan egon beharko dute parte hartzaileek. 12:00etatik 12:30etara luzatuko da zubi-katea. Eguerdian, Alde Zaharra girotzen ibiliko dira musikari, kantari nahiz dantzariak eta zubi-kateak irauten duen bitartean ere ez da festa girorik faltako.
Ospakizunaren erdigunea arratsaldeko Anoeta estadioko ekitaldia izango bada ere, festak ez du etenik izango egun guztian zehar Anoeta estadioaren inguruan. Hiru gune prestatu dira: Anoeta ingurukoa goizeko 11:00tan zabalduko da. Jatekoa eta edatekoa eskainiko da; sagardo dastaketa, txekor errea, taloak… Beste hainbat ekintzen artean, 20:00etatik aurrera bertan burutuko da ospakizun erromeria. Miniestadio inguruan ere jateko nahiz edateko aukera izango da eta 11:30etatik aurrera kontzertuen maratoiari ekingo zaio. Familia gunea Ilunben kokatuko da: gaztetxoenentzako puzgarriak, abentura parkea, tirolina, apar festa edota tailerrak, Irrien bazkaria nahiz dantzaldiak izango direlarik. Ekintzaz betetako eguna izango da eta, besteak beste, Gipuzkoa osoko danborraden nahiz erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa ere egin nahi dute.
17:30etan hasiko da Anoeta estadioko ekitaldi nagusia, erabakitzeko eskubidea eskatuz. Estadiora sartzeko sarrera beharrezkoa da. Haurrek 5 € eta helduek 10 €. Aurrez sarrera erosi ez dutenek, geratzen badira behintzat, bertan eskuratzeko aukera izango dute. Estadioan ez ezik, miniestadio inguruko gunean ere ekitaldi nagusia pantaila bidez zuzenean ikusteko aukera izango da. 16:30etan zabalduko dira estadioko ateak.


Harrera beroa eskualdean
Amasa-Villabonako Gure Esku Dago ekimenak 40 tutoretik gora elkartu eta, ondorioz, herritarren artean apaindutako 40 oihaletik gora jaso du, guztira ia 800 saretze edo erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar bilduz. Villabonako Gure Esku Dago ekimeneko kideak pozik agertu dira herrian egin den lanarekin nahiz jasotako erantzunarekin. “Erabakitzeko eskubidea denon ahotan egotea lortu eta aurrera begira ere lanean jarraitu behar dugu”, azaldu dute ekimeneko kideek eta ekainaren 21eko jaialdiaren ondoren, ekimenak etorkizunean hartu behar duen norabidea zehazteko herritarren arteko lan bilera irekiak antolatuko dituzte irailetik aurrera.
Andoainen, 400 bat atxikimendu lortu dituzte. Asteasun herritarrek apaindutako 13 oihal jaso dituzte, 200 lagun baino gehiagok ekimenarekin bat egin dutelarik. Eskualdeko gainerako herrietan ere harrera ona izan du ekimenak eta  guztiei Anoetako estadiora gerturatzeko gonbidapena luzatu diete ekimeneko bultzatzaileek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!