Mintzola lantegia, buru-belarri lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 10:26

Mintzola ahozko lantegiak, Bertsolaritzarekin lotutako ikerketa-lanak egiteko deialdiak eta VI. Ahoa Bete Hots jardunaldiak jarri ditu abian.

Mintzolaren helburuetako bat bertsolaritzaren ikerketan sakontzea da eta ikerketarako beharrezko dokumentuak eskura jartzeaz gain, informazioa ematea ere bada haien ardura, unibertsitateak laguntzaile dituela. 2011-12 urteen artean ikerketa bultzatu zuen Bertsozale Elkarteak eta ikerlerroen zerrenda zehaztuta, 2013an bertsolaritzari buruzko lehen doktore-lana jarri zen abian, Miren Artetxe burutzen ari dena. 2014 urtean, berriz, bertsolaritzari buruzko hiru ikerketa-lan abian jartzeko laguntzak eman zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Fundazioak elkarlanean: Bertsolaritza eta generoa, Bertsoa kolorez jantzi zenekoa  eta Emakume bertsolariek plazan izan duten bilakaera lanak burutzeko. Bada, bideari jarraipena emanez, bi deialdi berri egin dituzte oraingoan. Bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egiteko batetik eta bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen eta master-amaierako lanen proiektuak sustatzeko beste hiru deialdi eginez, bestetik. Doktore-tesirako eskariak egiteko epea irailaren 11 arte luzatuko da. Master-amaierako edo ikerketarako hiru lanak egiteagatik, bestealde, bakoitzari 2000 euroko laguntza emango zaio. Lan horiek egin ahal izateko eskariak aurkezteko epea  irailaren 11ra arte luzatuko da. Lana aurkezteko epea 2016ko irailaren 30ean amaituko da. Informazio zehatzagoa: www.mintzola.eus / www.ehu.eus/laboakatedra.

VI. Ahoa bete hots jardunaldiak
Mintzola ahozko lantegiak, Bertsozale elkartearen, Euskal kantuzaleen elkartearen, EHAZEren nahiz Ipuin kontalari taldearen babesarekin, VI. Ahoa Bete Hots jardunaldiak antolatu ditu uztailaren 1etik 3ra Subijana etxean, ‘Emozioak eta umorea ahozkotasunean’ ardatz izango dutenak. Bost urte eta gero, ondo sustraitutako ekimena dela uste dute antolatzaileek, urtez urte matrikulazio kopuruak gora egiten duelako eta parte hartzaileen balorazioa ona izaten delako. Irakasle, kantari, antzezle, ipuin-kontalari, aurkezle, guraso, begirale nahiz jendaurrean aritzen den edonorentzako jardunaldi egokiak dira aurtengoak. Emozio ezberdinak askatu eta zabaldu nahi dituzte saioetan eta, dudarik gabe, ondo pasa. Izena emateko epea: Ekainak 22, astelehena. www.mintzola.eus / 943 693870. Matrikula arrunta: 70 €. Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin kontalari edo Bertsozale elkarteetako bazkideak: 50 €. Aiztondoko biztanleak: 50 €. Ikasle, langabetu eta erretiratuak: 50 €.

Egitaraua
Uztailak 1, asteazkena
08:30-09:00 Harrera. Agiri banaketa.
09:00-09:15 Sar hitza.
09:15-10:15 ‘Emozioen kontrola jendaurrean’, Amaia Vazquez psikologoaren eskutik.
10:15-11:15 ‘Ipuingintzaren emozioak’, Itziar Zubizarreta Bularretik Mintzora proiektuaren arduradun eta Galtzagorri ekarteko kidearen eskutik.
11:15-11:45 Atsedenaldia.
11:45-12:45 ‘Euskal Irria’ Asisko Urmeneta marrazkilariaren eskutik.
12:45-13:30 Marrizkirriatutako bertsoak: Bertsoa eta marrazki saio berezia. Marrazkilaria: Asisko Urmeneta. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga.
Aurkezlea: Kantuzale elkarteko Juan Luis Aranburu.

Uztailak 2, osteguna
09:00-10:00 ‘Bertsolaritza praktika emozional gisa’, Jone Miren Hernandez EHUko antropologia irakasle eta ikertzailearen eskutik.
10:00-11:30 Umorea eta bertsolari txapelketak: Lorea Arburua (Bardoak txapelketa), Imanol Epelde (Putzuzulo txapelketa), Oxan Altuna (Tabernetako txapelketa).
11:30-12:00 Atsedenaldia.
12:00-13:00 ‘Demodé quartet: kantagintza eta umorea uztartu dituen esperientzia’ hitzaldi kantatua, Joli Pascualena kantariaren eskutik.
Aurkezlea eta moderatzailea: Itziar Irigoien, Ahoa Bete Hotseko batzorde kidea.

Uztailak 3, ostirala
(Eroso jantzita etortzea gomendatzen da)
09:00-11:00 Clown tailerra: Umorea eragiteko ariketak, Iosu Florentino clown-aren eskutik.
11:00-11:30 Atsedenaldia.
11:30-13:30 ‘Nola landu emozioak antzerkian’ tailerra, Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariaren eskutik.
13:30-13:45 Amaiera. Ziurtagirien banaketa.
Aurkezlea: Eñaut Gantxegi, EHAZE elkartea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!