San Millan eskolan gozatuz ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 10:12

Egitasmo berri bati ekin diote ikasturte honetan Zizurkilgo San Millan eskolako kideek. Euren bizipenak kontatu dituzte 5. eta 6. mailako ikasleek. Ikasturte ahaztezina.

Ikasturte honetan Zizurkilgo San Millan eskolan ikasteko modu berri bat frogatzen ari gara. Honi buruz beste artikulu bat atera zen azaroan aldizkari honetan. Oraingoan, guk bizitakoa kontatu nahi dugu ordea.
Aurreko artikuluan esan bezala tailerretan ondo pasaz ikasten dugu.
  • Aroztegi-mekanika tailerrean eskolan behar ditugun altzariak egiten ditugu, adibidez: gurdia gauzak frontoira garraiatzeko, apalategiak, erregelak gordetzeko ontziak, txorientzako jantokiak, erremintak txukun edukitzeko panela, ordenagailuentzako kaxak eta abar. Lan hauek guztiak egiterakoan matematikako eduki asko ikasten ditugu (neurtzen, eragiketak egiten, planoak eta bozetoak egiten…)
  • Arte tailerrean margotu, marraztu, eskulanak, arte-lanak… egiten ditugu. Lehengo urtean aukera eta denbora gutxiago genuen honelako ekintzak egiteko eta aurten gusturago gaude. Hasieran, ordea, beldurrez geunden gauzak gaizki egiteko eta ez ginen ausartzen eskulan zailak egiten, horregatik errazenera jotzen genuen. Pixkanaka, gure lanak inork ez zituela epaituko konturatu ginen eta ekoizpen zailagoak egiten hasi ginen, lasaiago.
  • Mugimendu tailerrean iaz baino aukera gehiago dauzkagu, adibidez: koreografiak, beroketak, lasaiketak, ibilbideak, dantza-gunea… Zaharrenok blokeekin jolasteko aukera dugu eta askotan hori oso ondo hartu dugu. Gainera, ibilbideak antolatu ditugu ikasle guztion etxeak bisitatzeko eta ikaragarri gustatu zaigu.
  • Zientzia tailerrean bakoitzak nahi duen gaia ikertzeko aukera du. Horrez gain, sukaldea, baratzea (iaz gutxitan ibiltzen ginen), animaliak (intsektu eta arrainak) ditugu eskolan. Kozinatzen prozesu batzuk ikasten ari gara (egostea, eskalfatzea, erretzea, frijitzea, karamelizatzea…) eta prestatutakoa denei eskaini eta dastatzea gustatzen zaigu. Gero, eskolan egindako errezetak etxean egiten ditugu.
  • Liburutegi tailerrean irakurri eta idatzi egiten dugu. Askotan, testuak itzuli eta gure hitzetan jartzen ditugu (ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz). Tailer honetan tertuliak ere egiten ditugu. Honetarako, bakoitzak liburu bat aukeratu eta denbora bat ematen digute irakurtzeko. Tertulia egunean gehien gustatu zaigun zatia irakurtzen diegu besteei, eta irakurtzea gomendatzen dugun edo ez esaten dugu. Tailer honen hasiera eta bukaeran maistrak ipuin bat irakurtzen digu dohain.
Irailean arraro sentitzen ginen, ez genuela ikasten uste genuen. Lehenago dena paperean egiten genuelako, batez ere eragiketak. Orain, berriz, badakigu gehiago ikasten dugula, baina praktikatuz.
Lehenengo egunetan ikasleok asko lagundu genuen tokiak hornitzen, baina modu honetan lanean hasieran arraro sentitzen ginen eta uste genuen DBHra prestatu gabe joango ginela. Gainera, ez genekien zer egin genezakeen eta zer ez. Izan ere, aurreko ikasturteetan irakasleek esaten ziguten zer egin eta ikasturte honetan erabakitzeko aukera eman ziguten hasieratik. Orain berriz, ideia gehiago bururatzen zaizkigu lanerako eta irakasleek ez digute oztoporik jartzen hauek aurrera eramateko. Guk ideiarik ez badugu, proposamenak egiten dizkigute eta baten bat gustatzen bazaigu, horri heltzen diogu.
Bestalde, aurten bi taldetan gaude banatuta adin guztiak sartuta (2-12). Hasiera batean txikiekin ez ginen ondo moldatzen, arreta gutxi jartzen zuten, zirikatu egiten gintuzten… Gainera, gure betiko lagun batzuk beste taldean egotea ez zitzaigun gustatu, baina pixkanaka ohitu gara eta orain berdin zaigu. Horrez gain, egunean aukera dugu elkarrekin egoteko: asanbladan, irakurketa-idazketan, zenbakikuntzan eta mekanika-aroztegiko saio batzuetan. Txikiekin genituen gora beherak ere asko aldatu dira, orain beraiekin egoten ikasi dugu, pazientzia izaten, laguntzen (arropa aldatzen diegu bustita daudenean, komunera, ura edatera…).
Esan behar dugu, baita ere, modu honetan lan eginez askoz gehiago mugitzeko aukera dugula, gela guztietatik pasatzen gara eta. Tailer bakoitzean gainera, ez gara derrigorrean eserita egoten, lanak hala eskatzen duenean bakarrik. Eta garrantzitsuena, aurten denok elkar ezagutzen dugu, harreman hobeak ditugu, elkarrekin bizitzen ikasi dugu.
2014-2015 ikasturtea  bikaina, mundiala eta ahaztezina izango da guretzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!