Belar bolak egiteko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 10:10

Etxean ganadua dutenentzat, hilabete lanpetuak izaten dira udaberrikoak. Besteak beste, belar bolak egiten dituzte negurako prestatzeko. Jabier Urkola larrauldarrak eman ditu azalpenak.

Maiatza eta ekaina bitartean segadora hotsak eta belar usaina zabaltzen dira gure eskualdeko baserri inguruetan. Larraulgo Beobide Azpin dagoeneko eginak dituzte aurtengo negurako belar  bolak. Hala azaldu du bertan bizi den Jabier Urkolak:  “Maiatzaren 9an egin genituen. Eguraldiak lagundu egin digu aurten, eta nahiko garaiz egitea lortu dugu. Etxean badugu segadora txiki bat baina lan handi horiek egiteko, Oiartzungo gizon bat etortzen zaigu. Hark mozten du gure etxeko belarra. Eguraldiak laguntzen badu, egun pare batez uzten dugu belarra bertan, zimel dadin eta ondoren, bolak egin eta plastikoa jartzera etortzen dira. Pello Argaia zizurkildarra eta Asteasuko Illobategi baserriko Juan Mari aritzen dira lan horietan”.

Bolak, zulokoa, ondua
Hogeita zortzi bola egin dituzte aurten Beobide Azpiko kideek. “Belar bolak, zulokoa, belar ondua eta lastoa behar izaten ditut negua pasa ahal izateko. Etxean bertan egiten dut belar ondua ere. Gehienbat bi-belarra erabiltzen dut horretarako; belazeari emandako bigarren moztualdia, alegia. Bolak egiteko egokiak ez diren sailetako belarrak ere ondu egiten ditut; toki aldapatsuetakoa edo zuhaitz artean hazten dena, esaterako. Bero handia behar izaten da belarra ondu ahal izateko, eta uztaila-abuztua inguruan egiten dut lan hori, normalean”.

Idiekin
Garai batean bezala egiten du lan Jabier Urkolak belarra ontzean: “Belarra moztu eta zenbait egunez utzi behar da, guztiz lehortu arte. Eguraldiaren arabera, egun gehiago edo gutxiago behar izaten ditu prozesu hori bukatzeko. Ondoren, idi pareari gurdia erantsi, eta haiekin etxeratzen ditut belarrak. Mandiora igo eta hantxe pilatzen ditut neguan premia iritsi arte”. Makinaria handirik ez du Jabierrek etxean, eta idien laguntzaz egiten ditu baserriko zenbait lan: “Udaran belarrak etxeratzeko, neguan simaurrak ateratzeko..., eginkizun ezberdinetarako erabiltzen ditut idiak. Premia sortzen zaidanean, auzokoari eskatzen diot traktorea, baina orokorrean, ondo moldatzen naiz idiekin”.

Suitzak
Larre behiak dituzte Beobide Azpin. “Suitzak dira gehienak, Leondik ekarritakoak. Ganadu tratante batekin joan nintzen hara, eta bost behi erosita etorri nintzen. Zezena, berriz, limousina da. Asturianoa eduki nuen aurrez, baina mendi sailetan amilduta hil zitzaidan, eta limousina ekarri nuen ondoren. Garai batean esne-behiak ere izan genituen etxean, baina larre behiekin ari gara orain”.
Txekorrak gizendu eta saltzen ditu Jabierrek. Behiek jaten duten lasto eta belarraz gain, pentsua ere ematen die txekorrei, “gainerantzean ez baitago haiek gizentzerik”, azaldu du Jabierrek umoretsu. Larrean dabiltza orain Beobide Azpiko haziendak. Eguraldiaren araberakoa bada ere, “azaroa aldera sartzen ditut ukuilura eta apirila aldera larrera ateratzen ditut berriro ere. Oraintxe bertan, gizentzeko txekor batzuk eta behi bakarra dago etxeko ukuiluan”.

Belar bolen plastikoa
Plastikoa erabiltzen dute belar bolak biltzeko. Negua iritsi eta bola horiek behiei ematen hasten direnean, plastiko pila handiak sortzen dira baserrietan. Hondakin horren bilketa zerbitzu berezia eskaintzen du Tolomendik. Aurrez zehaztutako datetan, herriko zenbait puntu jakinetan uzten dituzte plastiko horiek baserritarrek, eta Tolomendiren kamioia pasatzen da horiek biltzera.

Etxeko sagardoa
Garai bateko tolarea dute Beobide Azpin eta sagardoa egiten dute, ia urtero. “Gustura edaten dugu etxeko sagardoa. Lan pixka bat ematen du, baina eutsi egiten diogu ohitura horri”, azaldu du Jabierrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!