Iturriotz, oihartzun eta iragan luzeko benta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 19a, 10:06

Andazarratetik bi kilometrora aurkitzen den Iturriozko bentak Aia, Asteasu, Larraul eta Errezil herriak mugatzen ditu.

Ernio mendiaren magalean kokatuta, XVI. mendearen amaieran eraiki zen Iturriozko benta, mendetan jende askoren aterpe nahiz atsedenleku izandako gune entzutetsua. Garai batean, Donostia eta Hernani lotzen zituen antzinako bidea igarotzen zen bentaren ondotik, eta bereziki garrantzitsua izan zen kosta eta barrualdea lotzen zituen bidearen bidegurutzean zegoenez, mendetan zehar batetik bestera zihoazen bidaiarien ezinbesteko geldiunea izan zelako. Iturriozko bentaren paretek hitz egingo balute, izango lukete zer kontaturik. Besteak beste, 1535eko abuztuan bidaiari ospetsu baten bisita jaso zuen; Paristik Azpeitiarako bidean zela, Loiolako San Inaziok gaua pasa baitzuen bertan. Anonimoki eta batere zaratarik egin gabe etorri eta joan omen zen, baina garaiko bizilagunen artean izugarrizko oihartzuna izan zuen gertaera hark eta efemeride hark aparteko sona eman zion bentari. San Inaziok lo egin zuen logela giltzaz itxita mantendu izan da geroztik, urtean behin garbiketarako soilik zabalduz.
Usadio, ohitura eta, dudarik gabe, historiaren garai luze baten oinordeko den eraikinari Kultur Ondasun izendapena eman zion Eusko Jaurlaritzak 2002. urtean.

Iribar Agote ahizpak, azken biztanleak
Eugeni, Joana eta Mertxe Iribar Agote ahizpak izan ziren bentako azken biztanleak, bertan jaio eta bizimodua hantxe egin zutenak, haien guraso, aiton-amona nahiz haien aurreko belaunaldiek bezalaxe. Iribar ahizpak bizi zirelarik, azken urteetan dagoeneko ez zuten lotarako bisitaririk hartzen, baina Asteasu aldetik Erniora abiatzen ziren mendizale askoren topaleku eta atsedenleku izaten zen eta hamaiketako nahiz mokadu ugari prestatzen zuten ahizpek haientzat, zer esanik ez iraileko erromeria garaian.
Urteko beste data garrantzitsua Sanjuanetakoa izan ohi zen, Iturriozko bentari lotuta San Juan Iturriotz baseliza aurkitzen baita eta, gaur egun bezala, iraganean batik bat, San Juan egunez jende asko hurbildu ohi zen baseliza ingurura debozioagatik. Besteak beste meza ondorenean benta inguratuz prozesio txikia egin ohi zen eta baita egun oraindik mantentzen den haur bedeinkatzea ere.
Iribar ahizpak zendu zirenetik, ez da inor bizi bentan eta egunerokoan ateak itxita baditu ere, ilobek zaintzen dute eraikin berezia. Besteak beste, Sanjuanetan bertako ateak zabaldu eta iraganeko erabilera eman ohi diote, jateko nahiz edatekoak eskainiz.

Sanjuanak Iturriotzen
Aiako gazteen eskutik
 

  • Ekainak 18, ostirala
    XXII. Mus txapelketa.
  • Ekainak 20, larunbata
    09:00    Auzoko baserrietara bisita.
    22:30     Izer, Alabier eta Lutxurdiorekin erromeria.
  • Ekainak 21, igandea
    14:00     Bazkaria Izurtzu jatetxean, trikitilari eta bertsolariek alaituta.
  • Ekainak 24, asteazkena
    10:30    Meza (ume eta loreen bedeinkapena).
    Ondoren, herri kirolak auzoko gazteen artean.
    Jarraian, Irazu eta Soto bertsolariak / Tapia eta Leturia nahiz Epelde eta Lutxurdio trikitilariak.
    Segidan, bazkaria.
    21:30 Tapia eta Leturia nahiz Epelde eta Lutxurdiorekin erromeria.
  • Ekainak 25, osteguna
    12:00 Meza (ekaitzaren aurka eta auzoan hil direnen alde).
    Ondoren, hamaiketakoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!