EAJ-PNVko Iban Agirre, Amasa-Villabonako alkate berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 15a, 15:49

Larunbat goizean, 10:00ak puntuan zirenean ekin zioten Villabonako udaletxean alkate berriaren kargu hartze ekitaldiari. EAJ-PNVk aldeko sei boto jaso zituen eta beste sei EH Bilduk. PSE-EEko ordezkariak zuri bozkatu zuenez, hauteskundeetan boto gehien eskuratu zuen alderdiarentzat izan zen alkatetza. Amasa-Villabonan EAJ-PNVk gobernatuko du datorren legealdian, Iban Agirre alkate delarik. Aurreko legealdiko Galder Azkueren eskutik jaso zuen aginte makila.

Argazkiak / Bideoa

Kronika:

Iban Agirre alkate berriak hitza hartu zuenean, helburu bat zeukala adierazi zuen: gertuko alkate izatea. Eskerrak eman zizkion lehenengo EAJ-PNV alderdiari, beregan konfiantza erakutsi duelako. Baita bozkatu zituzten nahiz bozkatu ez zituzten herritarrei ere. Proiektuak ahalik eta adostasun handienarekin aurrera ateratzen ahaleginduko dela adierazi zuen, villabonatar guztien alkate izanik. Seme-alabekin izandako pasadizoa ere azaldu zuen, Villabonara kotxez zetozela: "aita: badakigu alkate ona izango zarela. Aita ona zara gurekin eta badakigu ondo zainduko duzula herria ere". Seme-alaben adierazpen horrek ikaragarrizko poza eman ziola aitortu zuen, oso harro sentitu zela eta "amesten dugun Villabona guztion artean eraikitzen saiatuko naiz" esanez amaitu zuen lehen hizketaldia.

EH Bilduren izenean Nora Urbizuk euren aldeko hautua egin zuten herritar guztiei eta bozkatzeko eskubidea baliatu zuten gainerako guztiei eskerrak emanez hasi zuen bere hitzaldia, "herriarentzat hoberena desio izateagatik". Elkarlanean eraikitako oposizio eraikitzailea egiteko asmoa azaldu zuen, mahaian zeuden guztien akordioak lortzeko asmoarekin. "Erabakitzeko eskubidearen alde, gatazkaren konponbidean, euskararen normalizazio eta sustapenean eta, oro har, Amasa-Villabonaren etorkizunean elkarlanean aritzeko prest gaude", luzatu zuen zuen Norak. Amaitzeko, presoak gogoan izan zituen, "beraien eta beraien senideen eskubideen alde ere lanean jarraituko dugu", adierazi zuen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!