Maiatzaren 24an herritarrek bozka eman eta gero, hautetsi berriek kargua hartuko dute larunbat goizean. Urnietan ziurtasun osoa dago alkatearen izendapenari dagokionez, Mikel Pagola jeltzaleak gehiengo osoa eskuratu zuelako.
Zinegotzien artean eskarmentu handikoek eta hasiberriek elkar hartuta ekingo diote agintaldi berriari. Maribel Vaquero (EAJ-PNV), Mikel Izagirre (EH Bildu) edota Consuelo Frutos (PSE-EE) zinegotziek ondo baino hobeto ezagutzen dute instituzioaren dinamika. Lehen aldia izango da, ordea, Jorge Segurado (EAJ-PNV), Itziar Artola (EH Bildu) edota Ivan Haro (PSE-EE) hautetsientzat.
ALDERDI BERRIAK ANDOAINEN
Andoainen hautetsi berriz gain alderdi politiko berriak sartuko dira udaletxetan. Ordezkari banarekin Udal politikagintzan murgilduko dira Ganemos eta Irabazi alderdiak. Andoainen ere eskarmentu handikoek eta hasiberriek elkarrekin lan egingo dute. Hasiberrien artean daude Jon Zulueta (EH Bildu), Alvaro Gonzalez (PSE-EE) eta Imanol Goenaga (EAJ-PNV). Esperientzia handiko gizonak dira, berriz, Agustin Alberro (EH Bildu), Daniel Garcia (PSE-EE) eta Iñaki Egibar (EAJ-PNV).