Izarne Maiz: “Denei gomendatzen diet horrelako esperientzia”
Enjoy English! Egitasmoa Ikastolen Elkarteak antolatzen du eta aurten, ikastolako ikasle ohi Izarne Maizek koordinatuko du programa Zubimusun. Ez zaio Enjoy English! harrotza egiten. Duela bi urte bere etxean hartu zuten begirale bat eta esperientzia ahaztezina dela dio. “Oraindik harremana dugu Charlotekin. Charlotte Senior du izena. Hau programa martxan jarri zenetik laugarren urtea da eta nik, adinagatik, ikasle gisa ez dut inoiz parte hartu ahal izan. Baina ikusi genuen familiaren egoerak ahalbidetzen zuela gure etxean hango begirale bat hartzea eta animatu egin ginen”, dio Izarnek. Eta guztia borobil atera zen.
“Egia esan –jarraitzen du- hasieran kezka apur bat ematen du. Pentsatzen duzu etortzen den pertsonari begira pasa beharko duzula eguna. Ez da horrela. Euren planak dituzte eta zuk ere bai zureak. Partekatu edo ez bakoitzaren nahien arabera dago”.
Hizkuntza ere ez omen zen oztopo izan. “Hiru anai-arreba gara eta guk ingelesa menderatzen genuen gutxi gorabehera baina gure gurasoek ez. Eta primeran konpontzen ziren gu ez geundenean ere, inolako arazorik gabe. Benetan, gomendatzen dut esperientzia”.
Mapi Ugalde: “Begirale natibo batekin Villabonan bertan ingelesa ikasteko aukera izatea, paregabea dela uste dut”
Aurten, Mapi Ugalderen bi seme-alabek hartuko dute parte Enjoy English!en. Txikiarentzat lehenengo urtea da, ez ordea, arrebarentzat. Mapi Ugalderen iritziz, aukera ezinhobea da: “Pentsatuta bakarrik nola ibili ginen gu ingelesa ikasteko! Hemen, Villabonan bertan, aukera izatea begirale natibo batekin egoteko, apartekoa iruditzen zait. Oraindik txikiak dira eta badute nahikoa, nik ez nituen klaseetara bidali nahi udan, baina Enjoy English!en jolastuz eta konturatu gabe ikasten dute eta hiztegia hartzen dute. Urte batean alaba etorri zitzaidan esaten oso ondo pasatzen zuela baina ez zela ezer ikasten ari. Bera ez zen jabetzen baina hiztegia barneratzen ari zen. Hango baten intonazioa edo ahoskera ez da hemengook dugun berdina eta txikitatik hartzen joaten badira, ba hori irabazten dutena!”.
Mapik berak ere aprobetxatu nahi izan zuen ingelesa praktikatzeko aukera bere etxean begirale bat hartuz. Hain harreman ona egin zuten, asteazken honetan bisitan datorkiela. “Senarrarekin eta seme-alabekin hitz egin nuen eta Kate etxean hartzera animatu ginen. Nik argi neukan norbait etxean hartzekotan etxeko bat bezala hartuko genuela. Egon naiz au pair gisa eta nire kasuan, esperientzia ez zen oso positiboa izan. Katekin dena oso ondo joan zen. Berehala egokitu zen etxeko arauetara, inolako arazorik gabe. Noski, hilabete motza egin daiteke edo luzea, gauzak ondo edo gaizki joaten diren arabera”.
Mapik onartzen du norbait etxean sartzea beti dela endredoa, errutina hausten duelako baina bere kasuan pena merezi duela dio. “Etorri zenean erdaraz egun onak ematen ere ez zekien”. Aurten esperientzia errepikatzea pentsatzen ari da.