Duela urtebete giza-kate historikoa egin ostean, datorren igandean erabakitzeko eskubidearen alde egingo dute euskal herritarrek oihal katearen eta hautetsontzien irudikapenaren bidez. “Ekitaldi nagusiak, eguerdiko oihal katea eta Anoetako ekitaldia izango dira. Erronka handiena, hala ere, Anoeta estadioa betetzea izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
Mugikortasun arazoak dituztenek sarrera Internet bidez eskura dezakete. Gainera, oraindik saretze txartela bete eta oihal zatia marraztu ez duenak, aukera dauka Ernaitzan, Keinun eta Li dendan.
Herritarrak Donostira koral koloreko kamixetekin joatea animatu dituzte, jaia antolatzako gastuei aurre egiteko. Horretarako, Gure Esku Dago taldearekin harremanetan jarri edo ziurrenik larunbatean jarriko duten postura gerturatu beharko dute.
Bestalde, garraio publikoa erabiltzera bultzatu dute, eta egun horretarako zerbitzua indartuko dute.
Oihal katea 12:00etan
Eguerdian, herriz herri jositako oihal guztiekin Urumea ibaia inguratuko da sei zubiak lotuz. Andoain eta Urnietako herritarrak tren geltokiaren ondoan kokatuko dira, Maria Kristina eta Santa Katalina zubien artean, Astigarraga eta Hernaniko biztanleekin batera “Hernanialdea” izeneko gunean. “Oihal katean parte hartzeko, herritarrei aldez aurretik garaiz joatea eskatzen diegu”, azaldu dute antolatzaileek.
Ekitaldi nagusia Anoeta estadioan
“Gaur hautentsontzia, bihar erabakia” leloari jarraiki, 17:30ean Donostia, Iruña, Bilbo, Gasteiz eta Baionan hautetsontziak irudikatuko dira. Horrez gain, koroak, musika bandak, danborradak, erraldoiak, dantzariak... izango dira. “Partehartzaile guztientzat une ahaztezina izango da”, iragarri dute.
Ekitaldia baino ordubete lehenago irekiko dira estadioko ateak. Andoainen 17. ateko sarrerak saltzen ari dira, beraz, ate horretatik sartu beharko dute.
EKAINAK 21, IGANDEA
EGITARAU OSOA
Ekitaldi nagusiak:
12:00 Oihal katea.
16:30 Anoetako ateen irekiera.
Alde zaharra:
12:30 Bulebarrean herri dantzak.
12:30 Kalez kale kantu jira, kaskarinak eta Donostiako txistulariak.
Anoeta ingurua:
11:00 Gunearen irekiera. Jateko eta edateko aukera: sagardo dastaketa, txekor errea, taloak, kaxuelitak, edariak...
Miniestadio ingurua
(Anoetaren ondoan):
11:30-00:00 Kontzertu maratoia. Txosnak ere jarriko dira: ogitartekoak, taloak, edariak…
Ilunbe familia gunea:
12:30 “Ilunbe izarrez argitu” ikuskizuna: pailazoak, suhiltzaileak, Gu ta gutarrak, Irrien lagunak… Ikuskizun hau ikusteko 5 euroko sarrera ordaindu beharko da.
12:30 Ilunbeko kanpoko eremuan puzgarriak, tailerrak, abentura, parkea, tirolina, apar festa.... jarriko dira. Mahaiak eta aulkiak ere jarriko dira nahi duenarentzat etxetik eramandako bazkaria jan ahal izateko.
14:00 Irri bazkaria
15:30 Dantzaldia: Txantxariak eta Irrien lagunak.