Santiotako pilota partidak aste honetan zehar abiatuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 9a, 12:13

Gaur, asteartearekin, hasiko dira Villabonako Santio Txapelketako pilota torneoen lehen partidak. Behar Zana pilota taldeak antolatuta, lau modalitate ezberdinen txapelketak jokatuko dira: Eskuz binaka nagusien afizionatu mailakoa, pala gomaz binaka, frontenis banaka eta pasaka binaka. Behar Zana pilota elkarteko kideek Santiotako pilota txapelketen berri jakinarazi dute:

Afizionatuen mailako txapelketan, 24 bikotek parte hartuko dute, guztiak gonbidapen zuzenez jokatuko dute eta partidak Santio jaiak iritsi bitartean asteartero eta ostegunero jokatuko dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Euskal Herri osotik etorriko dira jokatzera: Bikote arabarrak, bizkaitar, nafar, gipuzkoar zein iparraldekoak bertan izango baitira.

Txapelketa honen irabazleak, beste sarien artean, Gabonetako IV. Antton Pebet elite mailako txapelketan parte hartzeko zuzeneko postua irabaziko dute.

Partida guztiak Villabonako Bearzana pilotalekuan jokatuko dira.

Txapelketa honekin batera, Bearzana pilotalekuan eta datorren astetik aurrera, pala gomaz binaka txapelketa jokatuko da. 14 bikotek hartuko dute parte txapelketan eta astelehen eta asteazkenetan jokatuko dira partida hauek.

Era berean, datorren astetik aurrera, frontenis banaka eta pasaka binaka txapelketak Olaerderra kiroldegian jokatuko dira. Frontenisean 21 lagun ariko dira eta astelehen, asteazken eta ostiraletan jokatuko dituzte partidak, arratsaldeko 18:30etatik aurrera eta pasaka partidak berriz astearte eta ostegunero ordu berdinetik aurrera.

Pasakan 9 bikotek hartuko dute parte eta maila oso oneko txapelketa espero da modalitate honetan.

Beraz, nahiko pilota izango da ekaina eta uztailean zehar Villabonan. Egunero eta arratsaldero, 20 metroen barruan dauden bi pilotalekuetan pilotaz gozatu ahalko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!