I. Manu Muriel memoriala atzo Arratzainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 8a, 13:42

Atzo, igandea, Arratzaingo futbol zelai berria jendez gainezka zela, joan zen urteko maiatzaren 13an ezustean zendu zen Manu Muriel oroituz, Billabona FKE-ko taldekide eta lagunek bere izeneko memoriala antolatu zuten, tartean senideei omenaldi bero bezain hunkigarria eskainiz:

Argazkiak

Goizeko 10:30etan ekin zitzaien infantil mailako partidei eta eguerdiko 13:00ak arte lehian aritu ziren Gipuzkoako 11 talde eta Nafarroako bat. Jarraitzaile ugari gerturatu zen futbolari gazteak animatzera.

Futbolarien ahaleginaz gain, memorialeko unerik goxo eta hunkigarriena eguerdian iritsi zen, Billabona FKE-ko kideek Manuren senitartekoei omenaldi beroa eskaini zietenean. Elkarteko futbolari nahiz ordezkariak, mailaz maila, ilaran atera ziren futbol zelaira eta Manuri hainbat hitz goxo eskaini ondoren, bere omenean Juantxo Garmendia asteasuar eskultureak eginiko eskultura aireratu zuten elkarteko nahiz familiako kideek. Manuren figura lanaren erdigunean irudikatzen da, elkarteko hamaika futbolari gaztez inguratu eta besarkatuta. Familiako kideei talde ezberdinen esker-oneko lore sortak eskaini ondoren, elkarteko bi futbolari gaztek dultzainaz jotako ohorezko aurreskua dantzatu zuten beste bi futbolarik. Ikusleek txalo zaparrada luzeak eskaini zituzten, Manu gogoan. Omenaldi goxo eta hunkigarria izan zen, Billabona FKE-ko kideek mimo handiz prestatutakoa.

Arratsaldean berriro ere futbol partidei ekin zitzaien, iluntzean banatu ziren sariak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!