Garagardo azoka ekainaren 11tik 14ra, Arrate pilotalekuaren ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 8a, 11:03

Datorren ostegunean arratsaldeko 18:00etan irekiko dute Garagardo azoka, Arrate inguruan.

Aurreko urteetako joerari eutsi eta beste urte batez garagardo bereziez eta garagardotegietako menuaz gozatzeko aukera izango da Andoainen. Datorren asteko ostegunean hasi eta iganderaino zabalik izango da Arrate pilotalekuaren kanpoaldean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, “garagardo bikaina eskainiko dugu eta ukondo eta saltxitxa goxoak dastatzeko aukera izango da. Haurrentzat menu berezia ere eskainiko dugu”.
Udaren eta San Juan jaien atarian, hitzordu interesgarria da Ontzerrik antolatu duena.
Garagardo azokarekin batera, aipagarri dira antolatu dituzten hainbat hitzordu osagarri. Ostegunean bertan arratsaldeko 19:30ean hasita pilota desafioa egingo dute Arrate pilotalekuan. Alde batetik Jon Eskudero eskuz arituko da, eta aurrez aurre izango ditu Alaine eta Elixane Jauregi palaz.
Ostiral iluntzean maila handiko palistak arituko dira Arraten. 20:30ean hasita, Iturzaeta memorialaren finalaurrekoak jokatuko dira.
Larunbat eguerdian Ontzerri futbol taldeko kideek denboraldi amaierako bazkaria egingo dute. Arratsaldean zestan arituko dira Arrate pilotalekuan. 16:00etan gazteen mailako zesta kiniela jokatuko da, eta 18:00etan afizionatu mailakoena.
Larunbat gauean garagardo azokatik gertu, Andoaingo Rock Jaialdiaren edizio berria ospatuko da. Udalak antolatuta, maila handiko taldeak igoko dira Nafarroa plazako taula gainera: Flamin' Groovies, The Muffs, Johnny Casino & The Secrets, Lie Detectors eta Juarez.
Igande goizean Berria txapelketako final aurrekoak jokatuko dira. Herriarteko sistema berbera erabiliz, baina partida bakarrera, aurrez aurre arituko dira Andoaingo Gazteleku eta Usurbilgo Pagazpe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!