Ikastetxeen ikasturte amaiera, albistez beteta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 8a, 11:02

Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, azken proiektuak eta balorazioak egiten ibili dira aste hauetan bertako ikasle zein irakasleak. Andoaingo Aita Larramandi Ikastolan, Ondarretan eta La Salle Berrozpen, hainbat proiektu eraman dituzte aurrera: Nazioartetik ikasleak etorri dira hona, elkartasun ekimenak burutu dira eta kanpotik izendapen esanguratsuak iritsi dira.

Europako ikasleak Andoainen
“Comenius” ekimeran baitan, Irlanda, Alemania, Belgika, Polonia, Eslovakia, Eslovenia eta Hungariako 60 ikasle eta 21 irakasle Aita Larramendi Ikastolan izan ziren maiatzean bost egunez. Ikastolako ikasleen etxeetan hartu zuten ostatu, eta bai andoaindarrentzat bai atzerritarrentzat, esperientzia bikaina izan zela azaldu dute ikastetxeko kideek.
Lankidetzan eta elkartrukean oinarritutako hainbat ekintza egin zituzten. Esate baterako, eguzki energia erabiltzen duten kotxeen lasterketa egin zuten eta saguak harrapatzeko tramankuluak erabiliz, kotxe bat mugitzen ere ahalegindu ziren ikasle taldeak. Ekintza horien artean, herri kirol erakustaldiak egin zituzten: sokatira, esku pilota, txingak, lokotxa bilketa… Aitor Iriondo zuzendariak azaldu zuenez, herri kiroletan atzerritarrak ikustea oso gauza “kuriosoa” izan zen.
Ikastolako ekintzez gain, hamaika ekintza egin zituzten. Egonaldiaren lehen egunean atzerritik etorritako ikasleei Andoaingo udaletxean harrera ekitaldia egin zieten, eta ondorengo egunetan, Andoaingo inguruez gain, Donostia, Getaria eta Zumaia ere bisitatu zituzten.
 “Ikasleak hartu dituzten familiak oso gustura egon dira eta irakasleek ere oso ondo baloratu dute proiektua”, adierazi du Aitor Iriondo zuzendariak. Gurasoei “oso positiboa” iruditzen zaie euren seme-alabak ingelesez hizketan ikustea. Aurtengoak amaituta, hurrengo ikasturteko truke proiektuetan buru-belarri murgilduta dago jadanik Ikastola.

Minbizia duten haurrei
laguntza eman die La Sallek

La Salle Berrozpeko erdi mailako zikloak egiten dituzten ikasle talde baten eta hauen irakasleen laguntzaren eskutik, elkartasun proiektu bat abian jarri zuten ikasturte hasieran, bildutako latak prentsatuz eta txatartegi bati salduz lortutako dirua minbizia duten haurrei emateko asmoz.
Lagundu Laguntzen izeneko proiektu honetan, bidelagun izan dituzte latak eman dizkieten ikastetxe edota erakundeak. Izan ere, proiektuak herritarren elkartasuna eskatu diete; Gipuzkoako La Salle Berrozpeko ikastetxe desberdinetan eta beste zenbait erakundetan (Real Sociedad, Urbil, Hernaniko Gizakia Helburu…) latak biltzeko edukiontziak jarri baitzituzten.
Ekimen honetatik lortu den diru guztia Gipuzkoako Minbizidun Haurren Guraso Elkartearentzako izan da, minbizia duten haurrek ospitalean egiten duten denboraldia eramangarriago egiteko. Hala, maiatzaren 17an, Andoaindik Donostiara ibilaldi bat egin eta elkarteari zenbait material eman zioten, DVDak eta elkartasun jokoak, besteak beste.

Aldaketak eragiteko abilezia
aitortu diote Ondarretari

Ondarretari mundu mailako “Changemaker” izendapena eman dio Ashoka fundazioak. Fundazio hau pertsona, erakunde edo gizarte bezala arrakasta lortzeaz eta aldaketak eragiteaz arduratzen den sarea da. Ashokaren oinarria egun gertatzen diren aldaketetara egokitzean eta egungo erronkei irtenbideak bilatzean datza. Hori horrela izanik, “changemaker” edo euskaraz esanda, aldaketa-egileak izendatu ditu munduan zehar. 120 ikastetxe aukeratu ditu “changemaker school” izateko eta horien artean daude Amara Berri sareko eskolak.
Amara Berriko hezkuntza sistemak ikasleak aldaketa-agenteak izateko ahalbidetzeagatik eman diote izendapena. Sistema hori 19 zentrotan lantzen dute; horien artean, Andoaingo Ondarreta ikastetxean. Ikastetxetik adierazi dutenez, adin nahasketa lagungarria da; batetik, bizitzaren hainbat momentutan “txikia izaten” eta laguntza bila ibiltzen direlako, eta bestetik, “handia izaten” eta laguntza eskaintzeko aukera ematen duelako.
Horrez gain, ikasgaiak testuinguruen bidez lantzen dira. Hau da, bizitza erreala geletara sartzen da: elkarrekin erlazionatzen dituen testuinguruak diseinatzen dituztelako eta jolasa eta esperientzia praktikoaren bidez ikasten dutelako. Gainera, eskola publikoa, irekia eta ikasleria anitzekoa dela adierazi dute, “desberdintasuna ezaugarritzat” jotzen dutelarik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!