Ekainak 21, igandea. DONOSTIA
12:00 Donostiako bost zubi nagusietan Zubi-katea egingo da. Musika, kantua eta festa giroa izango da nagusi.
17:30 Estadioko ekitaldi nagusia. Urte guztian zehar lanean aritu diren jostunak izango dira protagonista, oihalak elkarren artean lotuz, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen hautesontzia irudikatuko dutenak.
*Egun guztian zehar ekimen ezberdinak eskainiko dira kalean: musikariak, dantzariak, konpartsak, tailerrak... Arratsaldeko ekitaldi nagusiaren aurretik, ume nahiz familiei zuzenduta, ekimen ezberdinak antolatu dira Ilunben: pailazoak, jolasak, musika, dantza... Anoetako estadioa ekitaldi nagusirako soilik irekiko da.
Estadiora sartu ahal izateko sarrerak erosi beharko dira: Bi urtetik beherako umeek ez dute ordaindu beharko, 3-15 urte bitartekoek 5 euro eta 14tik gorakoek 10 euro. Sarrerak zenbakituak direnez, estadiora taldean gerturatu nahi dutenek sarrerak elkarrekin erostea komeni dela gomendatu dute antolatzaileek.
Amasa-Villabonaren kasuan, lau gunetan egongo dira sarrerak eskuragarri: Amasa kafetegia, Larrea okindegia, Iru Aldeta eta Apatx tabernak.
Durango eta Iruñea lotu zituen giza-katearen egunean bezala, estadioan ere eskualde bakoitzak bere tokia izango du. Tolosaldeko herritarrak, beraz, gune berean elkartuko dira. Amasa-Villabonako herritarrak herritik elkarrekin abiatzeko nahia erakutsi zuten atzokoan antolatzaileek, herrian ere jaialdiak oihartzuna izan dezan.
Egunean bertan antolakuntzan parte hartzeko laguntzaileak behar dira eta ekimenarekin bat egin nahiz laguntzeko prest dauden herritarrei parte hartzeko deia luzatu zieten antolatzaileek. Ekainaren 21ean ekimena bideratzen lagundu nahi dutenek, beraz, Amasa-Villabonako Gure Esku Dago dinamikako kideengana jo behar dute.