Carlos Garciaren sendia Andoainen izan da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 5a, 14:38

Bisitan izan dira 2015eko otsailean Italian atxilotu zuten Carlos Garciaren neska-laguna Carola Gottschers eta bien seme Leon. 16 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Garciari 2000an, eta Espainiara estraditatua izateko arriskuan dago une honetan. Jasotako elkartasunarekin hunkituta itzuli dira Milanera.

Zer moduz Andoainera egin duzuen bisitatxoa?
Carola Gottscher: Oso aberasgarria izan da biontzat. Animoz gainezka goaz Milanera!
Andoainen bizi den Carlosen familiarekin egon gara lehenengo eta behin, eta Leonek bere amona eta aitona-ordea ezagutzeko aukera eduki du. Herrian, berriz, egundoko elkartasuna jaso dugu. Jende pila hurbildu zait, Carlosen adiskideak, ezagunak... Topaketarik bereziena, agian, Mikel Goenaga apaizarekin izan dugu; aparteko harremana eduki izan dute beti, eta oraindik gutunak idazten dizkiote elkarri.
Agudo joan da egonaldia, eta etorkizunean baliagarri izango zaizkigun hainbat datu jaso eta eskarmentua dutenen pertsonak entzuteko denbora izan dugu. Izan ere, hemengo abokatuekin egon gara batetik, eta bestetik, nirearen antzeko kasuan dauden emakumeei  makina bat galdera egin ahal izan diet. Denbora laburrean izugarri ikasita noala iruditzen zait.

Zein egoeratan dago Carlos?
C.G.: Milango presondegian dago. Euskal preso bakarra da Italian, egun. Isolamendu egoeran daukate, eta patiora ordu- betez irten liteke; ezin du inortxo ere ikusi. Familiarren bisitak soilik jaso ditzake, hilean sei eta ordubetekoak. Oso pertsona tinkoa da nortasunez, eta horri esker ondo darama egoera.

Zein egoeratan bizi zineten Milanen atxiloketa gertatu aurretik?
C.G.: Beste edozein famili baten bizimodua geneukan hirurok. Lagunekin, lantokian, kalean..., bizitza normal-normala egiten zuen Carlosek.

Elkartasunik erakutsi al dizue Italian?
C.G.: Adiskideen eta ikastetxeko gurasoen babesa jasotzen ari gara. Carlos ezagutzeko parada eduki dutenek, ez diote erreparatzen estatuek erabili ohi duten terminologiari. Badakite ez dela terrorista. Orain arte zenbait elkarretaratze eta antzeko ekitaldiak antolatu izan dira, eta maila politikoan, Italiako ezkerreko bi diputatuk bisita egin diote Carlosi; bere egoerari buruzko txostena osatzen ari dira.

Espainiako gobernuak eskatua dauka estradizioa. Italiako epaileek Carlosekin zer egin noiz erabakiko dute ?
C.G.: Ekainaren 23an bi erabaki hartu behar dituzte; batetik, atxilotua dagoen bitartean etxean egon ahal izatea ala ez, eta bestetik, estraditatu ala ez. Terrorismoko delituagatik zigortu zuten Espainian, banketxe bati su eman izana leporatuta 16 urteko zigorra betetzea exijitzen diote, baina Italian delitu horri sua nahita eragitea deitzen zaio. Abokatuak saiatuko dira arrazoiak azaltzen, baina aurrekariak ikusita, ez zaigu itxaropen handiegirik geratzen. Estatuen arteko politikak eta logikak funtzionatzen du, gainerako gogoeta juridikoak eta giza eskubideen ingurukoek baino gehiago.

Zer adierazi dizute hemengo abokatuek?
C.G.: Espainiarren eskuetan uzten baldin badute, errekurtsoa zertan oinarrituko duten azaldu digute. Nahiko apartekoa baita Carlosen kasua. Andoaingo Laboral Kutxako sukurtsalaren erreketan parte hartzea leporatu zioten, baina berak dena ukatu egin zuen hasiera-hasieratik. Auzoko bi lekuko agertu ziren; batek ez zuela ezer ikusi adierazi zuen. Bigarrenak, baina, ibilerengatik txanodunetako bat Carlos izan zitekeela adierazi zien ertzainei. Epaiketan, ordea, ez zuen hasierako deklarazioa berretsi. Angela Murillo zen epailea, eta honek soilik aurreneko deklarazioa hartu zuen kontuan. Sententzian aitortu zuen bildutako frogak ez zirela nahikoak Carlos errudun jotzeko, baina lekukoak ertzainen aurrean adierazitakoan oinarri zitekeela. Abokatuak adierazi digu oso testuinguru jakin batean gertatu zela dena: kale borrokako ekintza ugari gertatu zen, eta sententzia eredugarriak eman behar zirela zioen ideia zabaldu zen eremu mediatiko, politiko eta judizialetan.
Gaur egun, zorionez, jurisprudentzia sortzen ari da. Poliziaren aurrean egindako deklarazioak jada ez dira lehen bezala kontuan hartzen. Azken aldian epaitutakoak absolbitu dituzte, poliziaren aurreko hasierako autoinkulpazioari balio juridikoa kendu zaiolako. Bestalde, bere aurkako frogatan hamaika irregulartasun topatu dituzte. Arrazoi guzti horiengatik, itxaropentsu egoteko esan digute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!