Nagore Aritzagaren agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 15:43

Bera Berako jokalariak eskubaloia uztea erabaki du. Ederki kosta zaio erabaki hori hartzea, baina ez omen du eduki beste erremediorik izan. Donostiako taldearekin Espainiako ligako txapeldun hirugarren aldiz bihurtu berritan, eta 23 urte betetzeko atarian dela, Aritzagak Aiurrirekin hitz egin du.

Behin betikoa al da erabakia?
Nagore Aritzaga:
Bai. Kostatakoa, baina ez dut beste biderik ikusi. Ez nuen uste horren goiz gertatu behar zuenik, baina hala etorri da. Pena izugarria ematen dit, baina ez naiz damutzen erabakiarekin. Taldeko agintariek urtebeteko kontratuaren luzapena eskaini didate, baina berehala ulertu dituzte nire arrazoiak. Etxekoak ere bat egin dute nire erabakiarekin.

Zer dela eta agurra?
N.A.:
Bera Beran hasi nintzenean banekien gogorra egingo zitzaidala ikasketak eta lana bateragarri egitea. Ahalegindu naiz, eta sakrifikatuz nahiko ondo atera zait orain arte, baina jada erizaintzako ikasketak amaituta, zailagoa, ezinezkoa egin zait kirolarekin jarraitzea.

Poliklinikan eta Osakidetzan lan egiteko aukerak sortzen zaizkit, eta horietan lan orduak aldatu egiten dira; txandaka ibili beharra daukat, asteburuak barne. Gauzak horrela, ezingo nuke entrenamendu eta partiden dinamika seriotasunez jarraitu.
Lan merkatua dagoen bezala dago, eta ezin diet ezetzik esan irekitzen zaizkidan ateei. Emakumeen eskubaloitik ezin da bizimodua atera eta, etorkizunean pentsatu beharra dago. Eskubaloiarekin jarrai nezakeen 34-35 urte bete arte, baina asko zailduko litzaidake hortik aurrera lan merkatuan sartzea...

Gogorra zara zeure buruarekin, kantxa barruan nahiz kanpoan...
N.A.:
Ez da erraza nork bere burua definitzea, baina esango nuke jokalari teknikoki bikaina baino, dena ematen saiatzen den horietakoa izan naizela. Txiki-txikitatik argi eduki dut zer nahi nuen, eta horretarako sakrifizio pertsonalak egin behar nituela. Etxean ere gurasoek ondo zuzendu nautela esango nuke bide horretatik.
Gainera, izaeraz, beti egoeren alderik baikorrena azpimarratzen saiatu izan naiz.

Ez al duzu pentsatu exijentzia maila txikiagoa eskatuko dizun talde batean jarraitzea eskubaloian?
N.A.:
Eskaini didate halako aukera, baina guztiz uzten dut eskubaloia. Etorkizun hurbilean, behintzat, lanean modu finko batean hasi nahiko nuke eta horrez gain, oposaketak datozkit. 

Elitean jokatu duzu, talderik onenean, baina hala ere hortik ezin dela bizi diozu...
N.A.:
Inolaz ere ez! Halakoxekoa da emakumeen kirola! Ikusi besterik ez dago gizonezkoen aldean, komunikabideetan-eta zenbat agertzen garen, gizartean zenbateko oihartzuna duten gure garaipenek...
Frantziako egoera daukagu gertu, baldintzak alderatzeko, eta esaterako, hango lehen mailako ligara joatea erabaki dute Espainiako selekzioan jokatzen duten Patri Elortza eta Maria Nuñez taldekideek. Eskubaloitik bizimodua atera nahi dutelako erabaki hori hartu dute.

Ligako txapeldun hirugarren aldiz Bera Berarekin. Zenbat andoaindarrek jakin dute balentria hori? Zenbatek zoriondu zaituzte?
N.A.:
Zenbatek dakiten, hori ez da erraza asmatzen. Baina zoriondu, etxekoek, lagunek eta ezagunen batek kalean, ez askok.

Andoainen ez dago palmares hori lortu duen kirolaririk. Esaterako taberna edo elkarteren batetik eskatu al dizute sinadura daraman zure kamisetaren bat marko batean zintzilikatzeko, futbolariekin edo pilotarekin gertatu ohi den antzera?
N.A.:
Ez. Baten bat etorriko balitz, pozik egingo nioke harrera, baina ez zait halakorik gertatu oraingoz.

Eskubaloian egindako ibilbidean, une gaziak eta gozoak zeintzuk izan dira?
N.A.:
Gazien artean, argi daukat: Zortzi hilabete geldirik egon nintzenekoa, sorbaldatik operazioa jasan eta gero. Bestetik, kirolari guztiek bezala nik ere jokatzea dut gogoko, eta agian pena daukat minutu gehiago ez jokatu izana...
Gozoen artean, noski, bost urte horietan jokalarien artean eduki dugun giro jatorra aipatuko nuke, zalantzarik gabe; partida aurretik edo ondoren gustura asko ibili izan gara elkarrekin, kafea hartzeko, afaltzera joateko... Lehengo egunean eduki genuen despedida, esaterako, erabat hunkigarria izan zen.  Are gehiago, lortutako titulu handien gainetik jarriko nuke elkarrekin bizi izandakoa.
Aldi berean, ez nituzke ahaztu nahi Leizaran taldean igarotako urteak. Horiek ere nirekin gordeko ditut betirako. Talde horrek emandako guztiari esker iritsi naiz iritsi naizen tokira.

Etorkizunean kirolarekin lotuta jarraituko al duzu?
N.A.:
Bera Berako partidatara joateko asmoa daukat. Badakit urduri jarriko naizela, kantxan baino urduriago... Bera Beran tokatu izan zait hiru-lau egun kirolik egin gabe egon beharra, eta ez naiz izan erraz eramatekoa egoera hori! Adrenalina askatzea eskatzen dit gorputzak.
Etorkizunean, argi daukat orain arte galerazita nituen jarduerak praktikatuko ditudala: arriskuko kirolak (raftinga eta abar), eskia... Behobiako lasterketarako izena emana daukat mutil lagunarekin.

Kirolaz gain, bazterrean utzitako jarduera gehiagori helduko diozu, noski...
N.A.:
Makina bat bai! Lagun giroan ibiltzea, hondartzara joan eta patxadan etzanda egotea... Parrandaren bat edo beste egiteko ere prest nago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!