Hastear da XIII. Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 15:40

Zizurkilgo Ziotza Kirol Elkarteak hamahirugarren urtez Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa antolatu du. Zizurkilgo elizari atxikita dagoen frontoi berezi horri bizia emateko sortu zen txapelketa herrikoi hau eta erabat errotutako txapelketa da jada. Iaz 15 bikotek hartu zuten parte:

Aurreko urteko argazkiak

Iritsi da aurtengorako izena emateko garaia ere. Ekainaren 14era arte egongo da zabalik horretarako aukera. Bete beharreko baldintza bakarra esku pilotan aritzeko gogoa izatea da. Izen- emateak, bikote bakoitzeko 10 euroko balioa du, baina sariak ere ez dira nolanahikoak izango. Irabazleak, txapela, kopa, 100 euro eta afaria bereganatuko ditu. Azpitxapeldunak, kopa, 50 euro eta afaria. Hirugarren eta laugarren geratzen diren bikoteek, afari bana irabaziko dute. Lehenengo bikote zizurkildarrak, berriz, 30 euro eskuratuko ditu. Izena emateko telefono hauetara dei daiteke: 616-96-11-53 edo 695.752.962

Anjel Usabiaga, Malli gogoan

Txapelketa antolatzen hasi zen lehen urtetik bidelagun izen den pertsona bat faltako da aurtengoan, joan den abenduan ezusten hil zen Malli. “Albizu Kirolak-ekin batera, Anjel Usabiaga Malli-ren Usabiaga igeltseritza izan dira urtez urte txapelketa lagundu izan dutenak. Izan ere, Malli zenak oso gogoko zuen txapelketa zen, pilota zalea izanik behin baino gehiagotan agertzen zen partidak ikustera”, gogoratu du Aratz Alkorta kirol zinegotzi eta antolatzaileak. Hori dela eta talde antolatzaileak erabaki du Zimiterioko pilota txapelketa Malli memoriala izendatzea. “Malli gogoratzeko modu polita iruditzen zaigu, herri giroan hainbeste lagundu zuen pertsona hari egindakoa eskertzeko modu bat”.

Frontoi berezia

Zimiterioa frontoi berezia da. Jatorriz Zizurkilek pilotan ibiltzeko zuen txokoa. Alturaz baxuagoa da, bost kuadro besterik ez ditu, eta atzeko pareta erdiraino soilik iristen da. Alboetan bi poste daude gainera, pilotarien jarduna baldintza dezaketenak. Nahi duen edonork aukera paregabea izango du datozen asteetan frontoi honen xarmaz gozatzeko.

Kanporaketa partidak larunbat arratsaldetan izan ohi dira eta finala, berriz, ohi bezala, Zizurkilgo Amabirjin jaietan jokatuko da, aurten, abuztuaren 14an. Badakizue, ez zalantzan egon. Animatu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!