Ondo ezagutzen du gai hori Abi Labaien eta Agus Arandia senar-emazteak. Jaio zirenean lau seme zituztela uste bazuten ere, denborarekin horietako bat neska dela ohartu baitira. Naturaltasunez eman dituzte pausoak eta naturaltasunez ari dira euren egoera lau haizetara zabaltzen, egoera naturala delako. Hasiera batean Luken izena jarri zioten semea, Lucia alabatzat onartu dute; mutila zela uste zutena, lau urteko neskatila polit eta alaia baita. Pozik bizi dira Asteasun eta pozarren daude eskolan nahiz herrian Lucia den bezalaxe onartu dutelako. Bide luzea dute egiteko, baina gogotsu eta ilusioz begiratzen diote etorkizunari. Helburu garbi bat dute; pertsona transexualak, gainerakoak bezalaxe, oztopo eta mugarik gabe, zoriontsu bizi daitezen.
Chrysallis Euskal Herria elkartea
Agus eta Abi, bide horretan lanean ari den Chrysallis Euskal Herria elkarteko kide dira, Adingabe Transexualen Familien elkarteko kide, alegia. Estatu mailako elkartea zen abiapuntuan, baina elkargune autonomikoak sortzea erabaki dute egun, “osasungintza alorrean, esaterako, lekuan lekuko egoeraren eta baldintzen arabera, erosoago lan egin ahal izateko”. Osasungintza alorrean, pediatria zerbitzu guztietan esku-liburuak zabaltzea dute helburuetako bat, transexualitate egoeran dauden umeei nola lagundu jakinarazteko. Pubertarora iritsi diren gazte transexualen kasuei begira, berriz, indar handia egiten ari dira, “adin horretan behar bezalako erantzuna emateko aukera berma dadin”. Eta nola ez, dibulgazio lana ere bai. Ahalik eta leku gehienetan haur transexualen egoeraren berri zabaltzen saiatzen ari dira. “Guretzat ez da gustuko lana gure umeen intimitateak erakustea, baina kontziente gara gero eta naturalago zabaldu, erakundeetan indar handiagoa egiteko gai izateaz gain, gure seme-alabek gizartean harrera hobea izango dutela”, azaldu dute Abi eta Agusek. Izan ere, gizarte mailan kasu hauek badirela ezagutaraztea oso garrantzitsutzat jotzen dute. “Ume bati txikitatik halako kasuak badirela erakusten bazaio, naturaltasunez hartuko du. Esaten ez bada edo ezeztatzen bada, aldiz, ez”. Agiri ofizialetan izen eta sexu aldaketak bideratzea posible izan dadin ere, ahalegin berezia egiten ari da Chrysallis Euskal Herria elkartea. Gogoa edo interesa daukatenei zuzenduta ari dira lanean, informa daitezen.
Noiz eta nola jabetu zineten zuen alaba ez zela mutikoa eta benetan ari zela?
Abi: Txikitatik printzesen soinekoak eta panpinak gustatzen zitzaizkion, baina guk etxean ez genuen halako jostailurik. Berak eskatu egiten zituen eta guk, hasieran, jolas bat zela uste genuen. Gero, hiru urte bete zituenean eta eskolan neskek bulba eta mutilek zakila dutela azaldu ziotenean, aipamen arraroak egiten hasi zen; esaterako, mutilak futbolean jokatzen ikusi eta ‘horiek denak gorroto ditut, mutilak direlako’ modukoak. Ikasturte honen hasieran zer iruditzen zaizue ‘guapa’ edo ‘bonita’ esaten badidazue?, galdetu zigun. Aurrerago, berriz, ‘zakila daukat, guapa naiz, baina neska izan al naiteke?’. Garai horretan kasketa asko izaten zuen eta erraz erretxintzen zen, guk zergatirik jakin gabe.
Agus: Berehala ohartu ginen hasieran jokoa zirudiena ez zela jokoa eta egunerokoan eragin egiten ziola. Orduan gaiaren inguruko informazioa jasotzen hasi ginen eta identitate sexuala (neska edo mutila sentitzea) 2-4 urte artean finkatzen dela eta orientazio sexuala, berriz, (neskak edo mutilak gustatzea) pubertaroan zehazten dela jakin genuen. Informazio ugari jaso ondoren, transexualitate kasu baten aurrean geundela jabetu ginen.
Nola erantzun zenuten zuen alabaren kasua ezagutzean?
Abi: Haurrek oso garbi jakiten dute neska edo mutil diren; gurasoak gara azken batean zalantza egiten dugunak, jolasa den edo ez aztertuz. Guk ez diogu sekula arazorik jarri panpina hartuta edota printzesaz jantzita kalera atera nahi izan duenean. Baina izena aldatzea eskatu zuenean beldur handiagoa sumatu genuen hasiera hartan.
Agus: Beste familiekin hitz egindakoaren arabera, askotan, zakila duten umeei panpinarekin jolastea erreprimitu egiten zaie ‘mutila’ izateagatik. Kasu horietan umeak batzuetan atzera egiten du eta gero oraindik eta indar handiagoarekin kanporatzen zaio bere nahia. Gure kasuan, nahi duen jolasarekin jolasteko debekurik izan ez duenez, askoz ere naturalagoa izan da bidea beretzat, eta anbiguoagoa guretzat.
Abi: Prozesu naturala izan denez, askoz hobeto bideratu dugu guztiok. Baina egun batetik bestera ‘neska naiz’ aldarrikatu ez zuenez, ez zen hausturarik egon eta zalantzaz beteta aurkitu ginen bolada batean, aurrera egin edo ez jakin gabe. Umeak argi esaten zigun neska zela, baina beste kasu batzuk entzunda, guk beste frogaren bat behar genuen hasieran. Berak ez.
Agus: Bete gintuen lehen definizioa Chrysallis elkartean jaso genuen: ‘Pentsa ezazue agian zakila duen alaba duzuela’. Behin hori ulertutakoan, gainerako pausoak segidan etorri ziren.
Egoera onartuta, zein pauso eman zenuten aurrena?
Abi: Eskolako kideekin hitz egin genuen lehenik eta tutoreak egoera aztertzeko ardura hartu zuen. Asoziazio ezberdinetan okerreko informazio ugari jaso eta gero, Chrysallis elkartera jo genuen. Gure egoera berdinean aurkitzen zen familia askorekin egin genuen topo bertan. Banakako kasu pertsonalez gain, hainbat profesionalekin: medikuak, abokatuak, sexologoak… Informazio eta erantzun ugari aurkitu ondoren, gure egoera bideratzen hasi ginen. Jasotako material hura eskolara bideratu genuen.
Zuen umea neska bezala onartu zenutenetik sumatu al duzue aldaketarik beragan?
Abi: Bai, izugarria. Goizero kasketan jaiki beharrean, oso pozik esnatzen hasi zen. Baita eskolara gogotsuago joaten ere. Oso ume alaia da, baina batzuetan, barruan dituen beldurrak askatu eta baretu bitartean bolada okerragoak izaten ditu.
Agus: Bolada on eta txarrak, beste edozein umek bezalaxe. Baina bere kasuan, askotan jendeak galderak egiten dizkio -intentzio on edo txarrarekin- eta jakina, hainbat egoeraren aurrean gaizki pasatzen du.
Abi: Berak onartuta dauka zakila izanagatik neska dela, baina norbaitek bizarra aterako zaiola esaten dionean purrustan eta sutsu jartzen da. Gu, ahal dugun heinean, azalpenak ematen saiatzen gara eta ulertzen duen neurrian lasaitu egiten da.
Nola erantzun dute anaiek edo eskolako lagunek egoera berriaren aurrean?
Abi: Gelan oso ondo hartu dute. Batzuek umeak krudelak direla diote, baina guk lientzo txuriak direla esaten dugu beti. Umeak esponjak dira eta azaldutakoa ulertzeko gaitasun handia dute. Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak badirela azalduz gero, lehen egunean galderak izango dituzte, baina bigarrenetik aurrera egoera onartu egingo dute. Helduak gara guztia zalantzan jartzeaz gain, aurreiritziak ditugunak eta umeak kutsa ditzakegunak. Gure kasuan, eskolako lagunez gain, anaiek ere ondo erantzun dute. Noski, beren gora-beherekin; anaia zaharrenarentzat batik bat ez baita erraza hainbat esames entzutea. Asteasun bizi gara, baina herri txikia izanagatik momentuz ez dugu inolako arazorik izan.
Agus: Eskolako kideen, pediatraren nahiz herritarren edo ingurukoen jarrera oso ona izan da momentuz. Jende asko gerturatu zaigu galderak egitera.
Abi: Guk ez daukagu inolako arazorik jendeari erantzuteko eta gustura hartzen ditugu, egoera uler dezaten nahi baitugu. Hasieran beldurra bagenuen ere, jendeak umea babesten duela nabari dugu eta oso gustura gaude. Eskolaren jarrera ere oso ona izan da eta buelta eman behar izan diete hainbat irakasbideri. Orain artean bi edo hiru urteko gelan, neska edo mutila, bi fitxa bazeuden bat aukeratzeko, jada sistema horrek ez die balio. Beste errealitate edo dibertsitate bat badagoela entzun eta ikasteko gogoa erakutsi dute.
Egungo gizarteak naturaltasunez onartu eta kaleratzen al du transexualitatearen gaia edo oraindik ere ezkutatu egiten dira kasu horietako asko?
Abi: Ezkutuan eta isilean egon da, baina oihartzuna hartzen ari da egun; transexualitate egoeran bizi diren umeen gaia kaleratu delako. Umeen inguruko edozein gaik sentsibilitate handiagoa pizten du eta badirudi gizarteak modu irekiagoan erantzuten duela. Oraindik, hala ere, asko dago egiteko. Orain artean, transexualitatea persona helduekin lotzen zen batik bat, eta normalean, transexualaren konnotazioa negatiboa zen: droga eta alkoholarekin nahastuta. Orain pixkanaka, transexualitatea haurtzarotik datorrela eta ez dela gaitz mentala ulertzen hasi da gizartea.
Agus: Orain artean gaiaren inguruan egin diren ikerketa guztiek, transexualitatea pertsona helduekin lotzen zuten; beren egoera onartu ez zaielako, haurtzaro txar eta traumatikoa izan dutenekin. Gaur egun, urtetan gaia aztertzen ari den Joserra Landa sexologoak adierazten duen bezala, egoera hori erabat aldatzen ari da: Ume transexualen gurasoek egoera hori onartu, babestu eta kaleratzen duten lehen belaunaldia baita oraingoa eta benetan ez baitakigu belaunaldi hau heldu bihurtzen denean zer gertatuko den. Orain arte transexualitate egoeran bizi izan diren pertsona gehienek ebakuntza egitea bazuten helburu, ikusi egin beharko da zer gertatzen den aurrerantzean.
Transexualitateak homosexualitatea lantzeko moduarekin antzekotasunak baditu. Orain 30-40 urte homosexualitatea sendatu beharreko gaixotasuntzat hartzen zen. Gaur egun ia inork ez du babesten homosexualitatea gaixotasuna denik eta tratatu egin behar denik. Transexualitatearen gaiak oraindik behar bezala eboluzionatu ez duenez, batzuek patologia moduan ikusten dute.
Abi: Guk argi adierazi nahi dugu transexualitatea ez dela gaixotasun bat, beste aniztasun adierazpide bat baizik.
Umetan, gaztetxotan, heldutan…, zein garaitan da ohikoa halako sentimenduak kanporatzen hastea? Orduan eta goizago hobeto, ala?
Abi: Oro har, hitz egiten hasten direnetik adierazten dituzte umeek beren sentimenduak. Beste gauza bat da gaiarekiko zein erresistentzia eduki duen helduak egunerokotasunean eta zein indar duen erresistentzia horri aurre egiteko.
Sentimendu horiek ahalik eta azkarren kanporatu eta onartzea oso garrantzitsua da, gainerakoan ez den pertsonaren azalean biziko baita eta ez da batere erraza antzerkia eginez bizitzea.
Agus: Identitatearen inguruan haurrei ematen zaien arrazoi bakarra ‘zu mutila zara zakila duzulako eta zu neska bulba duzulako’ izan ohi da eta ‘hala izango zara bizitza guztian zehar’. Horrek alde batetik umea argumenturik gabe uztea eragiten du eta baita ume horiek gerora beraien genitalak gorrotatzea ere.
Haurtzaroak aurrera eginda, pubertaroa garai gogorragoa izango da neska-mutil horientzat…
Abi: Gorputzeko aldaketak gertatzen direnean oso garai gogorra izaten da. Zakila duten nesken kasuan, bizarra ateratzen hasten denean edo genitalak handitzen. Bulba duten mutilen kasuan, berriz, oso gogorra da lehen hilekoa etortzea.
Chrysallis elkartearen bidez, pubertaroko ezaugarriak gelditzeko pausoak ematea lortzear gara. Batetik, blokeadoreen bidez; pubertaroko ezaugarriak agertzen hasten direnean, hormonak sortzea geldiarazten duten botikak hartuz nolabait esan. Botika errebertsibleak dira, hartzeari uzten zaienean, berriro beren gorputzeko ezaugarriak martxan jartzen direlarik.
Agus: Gerora, ordea, hormona gurutzatuak ematen hasten dira, beraien kanpoko itxurari eutsi eta adinaren arabera gorputzean sortzen diren aldaketak orekatzeko. Kriterioa hormonatzen joatea da, beren adineko gizon edo emakumeen itxurari eusteko.
Abi: Pubertaroa garai zaila izan ohi da beti, baina are eta gogorragoa norberaren gorputza nahi ez den eran aldatzen ari denean eta nahiko litzatekeen gorputza lortzen uzten ez dizutenean. Zailtasun asko batzen da, dudarik gabe.
Agus: Adin hori gainera, harreman intimoak sortzen hasten diren garaia ere bada eta beste muga erantsi bat izan daiteke.
Abi: Horregatik, oso garrantzitsua da antzeko kasuez ahalik eta azkarren konturatzea. Inguruak onartzen dituela ikusita, aldaketa horiei aurre egiteko gero eta prestatuago egongo baitira. Beren gorputzetan aldaketak gertatzen ari diren garaian trantsizio soziala egitea oso zaila da, baina hiru urte dituztenean egoera onartuz gero, urte asko dauzkate beren buruak indartzeko.
Agus: Orain artean ebakuntza irtenbide bezala ikusi izan da eta asko idealizatu da gaiaren inguruan, baina azken finean, tapakia besterik ez da. Egoera ideala bakoitzak bere kanpo genitalak diren bezalakoak onartzea litzateke.
Zertan da norberaren sexua agiri ofizialetan onartzeko auzia?
Abi: Komunitate batzuetan izena aldatzea lortu da, baina eguneroko erabilera argudiatuta; baldin eta pertsona horrek denbora tarte batean beste izen bat erabili duela frogatzen bada. Sexuaren atalean, berriz, dagokien generoaren aurkakoa ageri ohi da. Horrek eragin ezkor ezberdinak izan ditzake, bai kiroletan lehiatzerakoan, bidaiatzerakoan edo baita egunerokotasunean ere.
Agus: Transexualitate egoeran dauden umeei lagundu ahal izateko protokolo eta legeak behar dira sail ezberdinetan: hezkuntzan, osasungintzan, erregistroetan…