Martin Rekondo, Larraulgo arraunlaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 13:39

Duela bost urte hartu zuen eskuetan arrauna lehendabiziko aldiz Martin Rekondo gazteak. Trainera barruan ikusten du bere burua etorkizunean. 

Tolosako Arraun Klubeko kide da Martin, jubenil mailako lehen urtea amaitzear. Astean bost egunetan izaten dituzte entrenamenduak, baina horrek ez du kikiltzen gazte larrauldarra: “Lotura pixka bat ekartzen du, baina ez zait gogorregia egiten. Astegunetan entrenamenduak izaten ditugu, eta asteburuetan estropadak. Ekaina ingurura arte luzatzen da gure denboraldia eta, atseden hartzen dugu udan. Ikasturtearekin batera ekiten diegu berriz ere entrenamendu saioei eta urtarrila aldera hasten gara lehiatzen”, azaldu du Martinek. Kirolari petoa da larrauldarra, eta Behobiatik Donostiarako lasterketa prestatzen du, denboraldia hasi aurretik gorputza zailtzen joateko.
Lagun baten gomendioz murgildu zen Martin arraun munduan, nahiz eta hasieran ez zen hori bere asmoa. “Bela egiten hasteko gogoa nuen, baina etxetik urruti xamar nuen horretarako aukera, eta ez zen erosoa. Tolosako Arraun Klubean zebilen lagun batek egin zidan arraunean hasteko proposamena, eta halaxe egin nuen. Horretan nabil geroztik, buru-belarri”.

Bateletik trainerillara
Aste Santuaren ondoren amaitu zuten batel denboraldia, eta trainerillatan ari da orain Martin: “Zarauzko taldeak emandako aukerari esker, trainerillatan lehiatzen ari naiz. Bateletan, lau arraunlari eta patroia izaten gara ontzi bakoitzean, eta trainerillatan, berriz, sei arraunlari. Arraun egiteko modua ezberdina da eta baita distantzia ere, 2000 metroko estropadak izaten dira bateletan, eta 3500 trainerillatan. Denbora tarte bat behar izaten da aldaketa horietara ohitzeko”.
Tolosako Oria ibaian egiten dituzte entrenamendu saioak urtean zehar, baina batel denboraldia amaituta, Oriora joaten da larrauldar gaztea: “Hantxe entrenatzen du Zarauzko taldeak. Tolosako Arraun Klubeko kideekin egiten ditugu joan-etorriak. Gure entrenatzaileak Zarauzko trainerako arraunlariak dira, eta haiek eramaten gaituzte eguneroko entrenamendu saioetara”. Gipuzkoako Ligako lehiarekin amaituko da trainerilla denboraldia, udaberri amaieran.

Hogei zentesima
Infantil mailako bigarren urtean jokatutako estropada bat buruan iltzatuta dauka Martinek. Espainako txapelketako finaletara iristea lortu zuten, eta estropada hartan, hogei zentesimako tarte txikiagatik geratu ziren podiumetik kanpora. “Gogorra izan zen. Urte hartan, bigarren postuan geratu ginen Euskal Herriko txapelketan, hogei zentesimako alde berarekin. Lehiakortasun handiz joan ginen Espainiako txapelketara, eta amorrazioa eman zigun emaitza hark. Ikaragarrizko giroa sortzen da Espainiako txapelketatan. Galiziako zaletuek oso gertutik jarraitzen dute arrauna, eta giro berezia jartzen dute”, azaldu du Martinek.  
Arraun mundua indarra hartzen ari da lehorreko herrietan ere. Martin da kirol horretan dabilen larrauldar bakarra, baina eskualdean badira arraunlari gehiago: “Asteasuarrak, Villabonako gazte bat..., geroz eta jende gehiago animatzen da froga egitera. Gazte pila bat dabil Tolosako Arraun Klubean. Froga egiten duenak, jarraitu egiten du eta, gainera, lagunak egiteko aukera polita ematen du kirol honek”.

Etorkizuna
Aurrera jarraitzeko gogoz dago Martin. Datorren urtea izango du azkena Tolosako klubean. “Senior mailako talderik ez dago Tolosan, beraz, beste talderen batera jo beharko nuke. Tolosako taldeak berak laguntzen du bide hori egiten. Zarauzko taldean oso gustura nabil eta primerakoa izango litzateke bertan jarraitzeko aukera izatea. Donostiarra ere egokia izango litzateke; etxetik hara joatea nahiko erosoa delako eta gustukoa dudalako”, azaldu du.
Trainera handirako jauzia egiteko, teknika lantzeko premia izaten dute gazteek eta horretarako, hiru urte inguru behar izaten direla azpimarratu du Martinek. “Arraun egiteko modua ezberdina da, eta baita estropadetako distantzia ere. Gorputzak ohitu egin behar izaten du horretara guztira, eta kosta egiten da”. Trainera handian sartzeko garaia iritsi bitarte, estropadak gertutik jarraitzea gustatzen zaio Martini. “Ahal dudan guztietara joaten naiz, familiarekin, taldekideekin, lagunekin..., asko gustatzen zait estropadak ikustera joatea”.

Tolosaldeko Arraun Kluba

Tolosako Zerkausiaren azpian ditu azpiegitura nagusiak. 2005ean sortu zuten elkartea eta Oria ibaian egiten dituzte entrenamentu saioak. 2009an jarritako presa puzgarriak ematen die horretarako aukera.

Telefonoa: 607 845 282

e-maila: tarte@tarte.es
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!