Trakets taldea, plazarik plaza musika eta dantza giroan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 13:37

Euskal Herrian herri gutxi izango da Trakets taldeak inoiz saiorik eskaini ez duenik. Aurten, taldea osatu zutela hogeita hamalau urte beteko dira, eta herriz herri dabiltza oraindik ere.

Lau musikariren artean osatu zuten Trakets taldea 1981eko urrian; Patxi Iturzaeta asteasuarra teklatuan, Xabier Etxeberria andoaindarra baxuarekin, Asintxio Barrenetxea hernaniarra bateriarekin eta Juantxo Agirre andoaindarra gitarrarekin. Xabier Etxeberria musika munduan murgilduta zebilen ordurako, eta ondo gogoan ditu taldearen hasierak: “Hernaniko Oialumeko semea zen Asintxio eta dantzaldiak antolatzen zituzten bertan igandero. Garrasi taldeko kide zen orduan Asintxio, eta haiek eskaintzen zituzten igandetako dantzaldiak. Garrasi taldea, ordea, banatu egin zen, eta igandetako dantzaldiari eutsi ahal izateko, beste musika talde bat osatzea erabaki zuen. Halaxe sortu zen Trakets. Urrian hasi eta ekainera bitarte, igandero-igandero jotzen genuen Oialume dantzalekuan, eta udaran berriz, herriz herri ibiltzen ginen, festarik festa saioak eskaintzen”.

Oialume, jaiak eta ezkontzak
Urtean 110 plaza egitera ere iritsi zen Trakets taldea. Loari orduak lapurtuz aritzen ziren garai hartan taldekideak. Patxi Iturzaetak gogoratu duenez, “astean bi entsegu egiten genituen, eta asteburuetan saioak eskaintzen genituen. Musikaz gain, bakoitza gure lanbidean aritzen ginen eta ez zen erraza dena bateratzea. Urtean 110 plaza egiteak, hiru egunez behin jotzea esan nahi du eta zenbait boladatan oso erritmo nekagarria zen. Gustura aritzen ginen, ordea, eta, gaztetasunaren indarra ere bagenuenez, eutsi egiten genion. Garai hartan oso ohikoa izaten zen herri bateko saioa amaituta, hurrengo urterako hitzordua lotuta uztea”.
Ekainetik aurrera, plazarik plaza ibiltzen ziren Trakets taldeko kideak baina, horrez gain, ezkontzatan ere jotzen zuten. “Larunbat askotan bi ezkontza ere izaten genituen. Orain aldaketa handia izan du ezkontzen mundu horrek. Dj-a ekartzen dute gehienek, merkexeago ateratzen zaielako, eta pixkanaka-pixkanaka, taldeen tokia hartzen joan dira. Oso ezkontza gutxitara joaten gara orain”, azaldu du Patxik.
Euskal Herriko txoko asko ezagutu dituzte Trakets taldeko kideek. Araban gutxixeago ibili izan badira ere, Euskal Herriko herri eta auzo gehientsuenak pasa dituzte. “Garai batean, errepideak ere kaskarragoak ziren, eta zenbait herritako jaietara joanda, egun bat baino gehiago pasatzen genuen. Huitzin edota Gorritin, esaterako, lauzpabost egun pasatzen genituen. Bertako baserrietan hartzen gintuzten lotarako eta otorduak ere bertan egiten genituen. Hango jaiak abuztuan izaten direnez, lanpostutik oporrak hartuta, gustura joaten ginen. 2000 urtean, omenaldi ederra antolatu ziguten Gorritin. Jendetza handia elkartu zen herriko pilotalekuan, eta oso polita izan zen”, azaldu du Patxik.

Oialume
Oialumeko dantzaldiek garrantzia handia izan dute taldearentzat. Hogei urtetik gora eman zituzten, urritik ekainerako igandetan saioa eskainiz. Umorez gogoratu ditu Xabierrek garai haiek: “Makina bat bikote osatu zen dantzaldi haietan. Asintxiok behin baino gehiagotan esaten zigun, umoretsu, kantu geldoak jotzea komeni zitzaigula. Musika geldoarekin bikote gehiago osatzen omen ziren eta hartara ezkontza gehiagotan jotzeko aukera izango genuela esaten zigun. Ehunka bikotek elkar ezagutu zuen igandetako dantzaldi haietan eta, oraindik ere, askotan aipatzen digute”.
Batere atsedenik gabeko lau orduko saioak eskaintzen zituzten Oialumen, denetarik joaz. Jaietako saioak ere halakoak izaten ziren, luzeak. “Askotan, baita egun osokoak ere. Nafarroako Madotzen, esaterako, etxez etxe kalejiran ibiltzen ginen goizez; bazkaldu ondoren, saioa eskaintzen genuen berriro eta, gauean, jo eta su berriz ere goizaldera arte”.

Aldaketa nabarmenak
Hogeita hamalau urteotan, asko aldatu da jaietako giroa, “ez du zerikusirik. Garai batean, leporaino beteta egoten ziren plazak, eta bertaratutako guztiak dantzarako gogoz egoten ziren. Egun, ohiturak aldatu egin dira eta plazako giro hori asko jaitsita dago. Guk urtean hogeita hamabost plaza inguru egiten ditugu, lehen baino bost aldiz gutxiago. Urte hauetan guztietan hutsik egin ez dugun plaza bakarra Zizurkil goikoa dela esango nuke; oso maitea dugu eta urtero deitzen gaituzte. Zizurkilekin batera, Igeldo, Egia..., asko izan ditugu oso gustukoak”, azaldu du Patxik. Nolanahi ere, azken urteotan gazteen dantzarako gogoa pizten ari dela nabaritu dute Trakets taldeko kideek. “Donostia aldean, bereziki, gogotsu aritzen dira, eta baita Nafarroako zenbait herritan ere. Poza ematen du horrek”.
Patxi Iturzaeta asteasuarra da hasierako Trakets hartatik geratzen den kide bakarra. Asteasuko apaizarekin hasi zen soinua jotzen ikasten, eta Tolosako Manolo Yaben-en akademian jarraitu zuen aurrerago. “Soldadutza amaitu eta berehala hasi nintzen Traketsen. Huraxe izan zen nire lehen taldea eta hogeita hamalau urte pasata, hortxe ari naiz gaur egun ere. Mikel Alvarez, Xabier Oskoz eta Xabier Garcia de Iturraspe aritzen gara orain taula-gainean. Oraindik ere, astean bitan elkartzen gara entseguak egiteko, Oialumen bertan. Gogorra egiten da neguan horrenbeste entsegu egitea; uda lanez lepo pasako bagenu beste ikuspegi bat izango genuke ziurrenik, baina orain ez dago garai bateko konturik”.
Xabier Etxeberria ere umetan murgildu zen musika munduan. “Ikaragarri gustukoa izan dut beti. Klarinetea ikasten hasi nintzen hamaika urte nituela, eta Andoaingo bandako kide izan nintzen desagertu zen arte. Hantxe amaitu zen nire klarinetista ibilbidea. Gitarra bat erosi nuen aurrerago, eta talde ezberdinetan aritu izan naiz geroztik; Los Zafiro, Los Rubi, Oinarri... Trakets taldearekin hogeita lau urte inguru egin nituen eta egun oraindik, harremana mantentzen dut taldekideekin”.

Euskara, ardatz
Euskarazko kantuak eskaini izan dituzte beti Trakets taldeko kideek. Hitzak euskaratzeko ahalegin berezia egin behar izan zuten zenbait garaitan, eta Aitor Mendiluze bertsolariaren laguntza ere jaso izan dute lan horiek egiteko. Patxi Iturzaetak adierazi duenez, “euskarak garai gogorrak bizi izan zituen duela zenbait urte eta zonalde askotan ia galduta ere egon zen. Euskaraz aritzen ziren taldeak eraman nahi izaten zituzten jaietara, gure hizkuntzak bere tokia berreskura zezan. Pixkanaka, jendea euskara ikasten joan zen, eta hor, guk ere gure apurtxoa jarri genuela esan genezake”.
Urte oparoenetan, milaka eta milaka kilometro egiten zituzten urtean Trakets taldeko kideek. Furgoneta edo kamioi txikiak erabiltzen zituzten horretarako. “Beti zaharrak, nolabaitekoak. Trastez karga-karga egin, eta herri batetik bestera ibiltzen ginen. Etxera itzulita, Oialumen uzten genuen furgoneta, trasteak bertan zituela, hurrengo egunean beste herriren batera joateko prest”.

Musikarien ibilerak
Hogeita hamalau urtetako ibilbidean, bitxikeria ugari gertatu zaie Trakets taldeko kideei. Xabier Etxeberriak gogoan ditu garai bateko eszenatoki baldarrak eta baldintza kaskarrak: “Argi-indarra behar izaten genuen gure saioak eskaintzeko, eta ahal genuen moduan moldatzen ginen. Kablea luzatu eta edozein tokitatik hartzen genuen argi-indarra. Makina bat karranpa jasotakoak gara. Horrez gain, askotan egokitu zaigu euripean, musika tresnak eta gainerako aparatuak tapatu ezinik ibiltzea. Baita gaixorik jo behar izatea ere. Sukarrak jota, aulkian eserita baxua jotzen aritu izan naiz ni, eta berdin beste guztiak ere: hagineko minez, istripu baten ondorioz besoa hautsita... Ahal genuen moduan joaten ginen saioetara, hutsik ez egiteko. Atzera begiratuz, harrigarria egiten zaigu nola ibiltzen ginen pentsatzea, baina ikaragarri gustura aritu izan gara; oso bide aberasgarria izan da”.

Lapurreta Orion
Orioko hondartzako denboraldi amaiera ospatzeko saioa eskaintzen ari ziren gau batean, ezustekoa izan zuten Trakets taldeko kideek. Afari mokadua egitetik itzuleran, zenbait musika tresna falta zitzaizkiela ohartu ziren. “Gitarra falta zen eta baita eszenatokian zeuden zenbait kable eta tresna ere. Saioa hasteko ordua gerturatzen ari zen, baina ez genuen horretarako modurik, noski. Ertzainei deitu eta zain geunden bitartean, Asintxio taldekidea konturatu zen hondartzako gune batean, hondarrak kolore ezberdina zuela. Ilunagoa eta hezeagoa. Bertaratu, eta segituan konturatu ginen gertatutakoaz; lapurrek hondartzan lurperatu zituzten gure tresnak, beranduago eramateko. Guztia hondarraren azpitik atera, eta eszenatokira itzultzeko moduan izan ginen”, azaldu du Xabierrek. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!