Ekialdeko dantzak, barru-barruko mundu irekia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 13:16

Maialen Urdapilleta Anza ekialdeko dantzak dantzatu eta sormenaren bidea landuz, Donostiako Samadhana eskolan nahiz Villabonako Kinpira eko-dendan irakasten ditu.

Nolatan egin zenuen bat ekialdeko dantzekin?
14 urte nituela, amaren bidez, Donostian ekialdeko dantzak irakasten zituen Ainhoa Izagirre irakasle bakarrarekin egin nuen topo. Probatu eta zeharo maitemindu nintzen musikarekin eta mugimenduen sinuositatearekin. Izugarri erakarri ninduten dantza haien bidez egin zitezkeen ondulazio guztiek. Aurrez ere beti egin izan nuen dantza: ballet-a, funky-a edo jazz-a…, estilo ezberdinak probatu nituen, baina ekialdeko dantzek harrapatu egin ninduten.

Zein pauso eman zenuen zure dantzari bideari ekiteko?
14 urterekin hasi eta lau urtez Donostian ikasten aritu ondoren, Madrilera jo nuen. Beste lau urtez aritu nintzen han eta Egiptora joateko aukera ere izan nuen gero.
Niri barrura begira dantzatzea gustatzen zait gehiago, barrutik dantza egiten erakustea, eta bide horri jarraitu nion.

Ekialdeko dantzen zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Oso dantza konpletoa da, mugimendu azkar eta mantsoak tartekatzen dituena. Baditu bere arauak, baina ez da beste hainbat dantza bezain zurrun edo rigidoa. Hainbat gizonek dantzatzen baditu ere, emakumeak aritzen gara nagusiki. Sormen aldetik aukera asko eskaintzen du, oso zabala baita. Nire berezitasuna, ekialdeko dantza tradizionala sormenarekin uztartzea da, halaxe erakutsi baitzidan irakasleak.
Ekialdeko dantzak sentsualitatearekin lotu izan dira nagusiki, 20-30eko hamarkadatan boom handia izan baitzuten filmetan, baina baditu beste ezaugarri batzuk ere. Besteak beste, mugimendu mantsoetan meditazioa landu daiteke.

Zehaztuko al zenuke ekialdeko dantzek meditazioarekin eta feminitatearekin duten lotura?
Batetik, barrua lasaitzen, askatzen, lotsa galtzen, sentimenduak azaleratzen edota sormena garatzen lagun dezakete. Feminitatearekin ere lotura estua dute. Badirudi dantza soziala dela, gizarteari eta bereziki gizonei zuzendua, baina nik barrukoa dela uste dut; norberari zuzendua. Bakoitzak bere buruarekin topo egiteko ariketa paregabea da.

Historia luzeko dantzak dira ekialdekoak. Non eta noiz sortu ziren?
Ez da jatorria eta garaia ziurtatzeko datu zehatzik aurkitu. Historiaurretik datozela esan ohi da eta gizarteak eboluzionatu bezala, egoera ezberdinetan dantzatu ohi zirela. Esaterako, naturarekin lotuta, euria egin zezan eskatuz… Ekialdeko dantzei lotuta, momentu historiko garrantzitsua izan zen Harenen garaia. Lurralde ezberdinetako emakume asko elkartzen zenez, batak besteari bere lurraldeko dantzak erakusten zizkion eta pixkanaka eboluzionatzen joan zen dantza tradizionala zena. Egun ekialdeko dantzak kultura askoren arteko fusioa dira, besteak beste, Persia, India edo Marokoko mugimenduak nahasten baitira.
Ekialdeko dantzen baitan murgildu nintzenean, gaiaren inguruko guzti-guztia jakin nahi nuen. Dantzen sorleku bezala Egipto aipatzen bada ere, hainbestetan inbaditu eta beste herrialde batzuetako eraginak tartekatu zirenez, ez da gauza jakina. Oso zaila da sorrera hura zehaztea.

Donostian Samadhana izeneko akademia zabaldu zenuen duela zazpi urte. Kontaiguzu…
2005 urtean Madrildik etorri eta 2008an Samadhana dantza akademia ireki nuen Donostiako Gros auzoan. Aurrez, Carmen Garmendia, Fagoaga, Mundaiz Gym, Loiolako Kultur Etxea nahiz Kandela aretoan aritu nintzen dantza irakasten. Samadhana, ekialdeko dantzak soilik eskaintzen dituen Donostiako akademia bakarra da eta dantza tradizionaletik haratago zabaltzearen berezitasuna du. Hutsetik hasita, maila ezberdinak eskaintzen ditugu eta 80-90 ikasle artean biltzen da guztira. 30 urtetik aurrerako emakumeak gehienak, 40 urteren bueltakoak asko. Adin polita da hori, beren barrua landu nahian gerturatzen baitira. Emakumeek euren lekua aurkitu ohi dute ekialdeko dantzak dantzatzen. Horretarako ez da zertan gazte eta argala izan beharrik. Adinak ez du axola, 50 urteko dantzari asko etortzen da. Eta probatzen duenak normalean jarraitu egiten du, gustura sentitzen direlako.
Poliki eta ondo erakustea gustatzen zait niri, bakoitzak bere gorputzaren ezaugarriak onartu eta kanpora ditzan.
Bestalde, asteazkenen goizetan, hirugarren urtez, Villabonako Kinpira eko-dendan ere eskaintzen ditut dantza eskolak.

Zein teknika erabiltzen duzu dantza irakasteko?
Taldearen mailaren arabera antolatzen ditut eskolak, dantza eta teknika ezberdinak uztartuz beti. Hasierako mailatan pauso tradizionalak lantzen ditugu batez ere, gero pixakanaka sormena lantzen hasteko. Musika ezberdinak erabiltzen ditugu eta gorputza mugitzeko teknikak ekialdekoak izanagatik, ekialdeko pausoak beste musika mota batzuetara ere egokitzen ditugu. Bi urtez behin, eskolan ikasitakoarekin jendaurreko emanaldiak eskaintzen ditugu.

Zer ikasi duzu zuk ekialdeko dantzetatik?
Mundu ireki bat topatu dut dantzan. Dakidana dantzari esker ikasi dut.

Zer eskaintzen dizu?
Pribilegiatua sentitzen naiz gustatzen zaidan hori egiten dudalako. Lan handia eskatzen du dantza eskola bat zuzentzeak, baina gogoko lana dut eta oso gustura egiten dut. Hasieran ez zen batere erraza izan hartu nuen bidea, baina arriskatu egin nintzen eta bere fruituak eman ditu. Jendea gustatzen zaion hori egitera animatzen dut nik beti. Nire abiapuntua gogorra izan zen, baina gurasoen babesa jaso nuen eta oso eskertuta nago. Inoiz ez da jakiten zer ekarriko duen etorkizunak eta beti sor daiteke nahi duzun horretan aritzeko aukera.

Gipuzkoako Profesionalen Dantza Elkarteko zuzendaritzako kide ere bazara. Zein lan egiten duzue?
Dantzaren inguruan ekimen ezberdinak antolatu ohi ditugu Gipuzkoan barrena urtean zehar: Ikastaroak, saioak, sariak edota galak… Besteak beste, elkarteko bazkideei zuzendutako emanaldia, ‘Dantza kalean’ ekimena Donostiako Alderdi Ederren, azken urteotan oihartzuna hartu duen ‘La barandilla de la Concha’ ballet-eko dantzarien elkargunea nahiz Dantzaren Nazioarteko Egunean, atzerrian bizi diren bertako dantzarien emanaldiak… Orain artean, dantza klasiko eta garaikidea landu izan dira elkartetik batik bat, baina denborarekin beste diziplina batzuk tartekatzeko asmoa ere badugu: besteren artean, ekialdeko dantzena.


Tradiziotik haratago
Dantza irakasle izateaz gain, taula gainean aritzea izugarri gogoko du Maialenek eta ikuskizunak eskaintzen ditu noizean behin antzoki ezberdinetan, “leku txikietan ere aritu izan naiz, baina nahiago ditut argiteria egokiarekin argiztatutako areto zabalak. Gauzak ondo egitea gustatzen zait”, azaldu du. Musikari lotuta, Hossam Ranzyren doinuak edota Omar Farukenak oso gustuko ditu, baita Stellamara kanadiarrarenak ere, baina hortik aurrera ere oso zabal jokatzen du, doinu ezberdinei lekua eginez. Tolosako Leidor antzokian eskainitako ‘Espiral’ proiektua berezia izan zen beretzat, emanaldi hari esker muga asko haustea lortu zuelako. Andoaingo Bastero Kulturgunean aurkeztutako ‘Eleutheria’ proiektuak, berriz, bere bidea finkatzen lagundu zion, “prozesu pertsonal askea, tradizioarekin moztu eta sormen berrietara ateak zabalduz”.

Tailer irekiak
Ekainaren 28an, igandearekin, bi orduko dantza tailer irekia antolatu du Samadhana eskolan, ekialdeko dantzak ezagutu eta probatu nahi dituen pertsonei zuzenduta. 

Informazio zabalagoa:
www.samadhanadanza.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!