“Etxekoen eta lagunen babes handia izan dut espetxealdian”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 10:45

Zaragozako Zuerako espetxetik atera zen Mikel Egibar maiatzaren 19an. Zain zituen etxekoak, lagunak eta herrikideak. Bizi berrira ohitzeko lanetan murgilduta dabil orain.

Ia hamar urteko kartzela zigorra bete duzu, 18/98 auziaren baitan. Beste dozenaka pertsonekin batera auziperatu zintuzten. Nola gogoratzen duzu epaiketa hura?
Garzon epaileak, Guardia Zibilarekin batera sortutako “dena ETA da” tesiaren inguruan muntatutako makroepaiketa izan zen. Makrosumario bat ireki zuten tesi haren inguruan. Eskubide zibil eta politikoen aurkako bortxaketa bete-betea zegoen horren guztiaren atzean. 1998tik aurrera, sumario hartan sartuta geundenetako batzuk atxilotu egin gintuzten. Nire kasuan, bi urte egin nituen espetxean, preso prebentibo gisa, eta bermepean atera nintzen, 2001ean. 2005eko azaroan hasi zen hamasei hilabetez luzatu zen epaiketa erraldoia. Epaiketaren garapen juridikoa benetan lotsagarria izan zen. Argi zegoen judikaturak ez zuela horrelako epaiketa erraldoi bati aurre egiteko gaitasunik, baina atzean zegoen egitasmo politikoa babestu zuten eta oso zigor gogorrak ebatzi zituzten; fiskalak eskatzen zituenak baino altuagoak. Nire kasuan, hamahiru urteko zigorra ezarri zidaten, fiskalak bederatzi urte eskatzen zituen arren. 2007ko azaroan atxilotu, eta espetxealdiaren bigarren zatia hasi zen. 2009an zigorrak jaitsi zizkigun Auzitegi Gorenak, eta azkenean, bederatzi urte eta erdikoa izan da nire espetxealdia; oso-osorik bete dudana.

Espetxe ezberdinak ezagutu dituzu bide honetan. Alde handia  sumatu al duzu espetxe batetik bestera?
1999an, lehendabizikoz atxilotu nindutenean, Soto del Realera eraman ninduten. Alabaren jaiotzarekin batera, Martutenera ekarri ninduten hilabete batzuetarako, eta berrogei eguneko gose greba gogorra egokitu zitzaidan bertan nengoela. Alcala Mecon amaitu nuen lehendabiziko espetxealdia. Bigarren aldiz atxilotu nindutenean, Alcalan bertan egin nituen lehen egunak, handik Algecirasera, eta azkenik Zaragozako Zuerara. Espetxean egindako urte guztietan, euskal preso polikooi ezarritako salbuespen egoera bere horretan mantendu izan da. Egia da, hala ere, espetxe bakoitzeko baldintzak ezberdinak izaten direla. Algecirasen, esaterako, ia bi urte eman nituen isolamenduan. Horrela bizi zitekeenik pentsatzea ere sinestezina egiten zitzaidan lehen egunetan. Patio txiki-txiki batean egoten ginen, zerua beste ikuspegirik ez genuela. Modu horretan zaudenean, iraun egiten duzu. Oso garai bortitza egokitu zitzaidan espetxe hartan, eta borroka handia egin behar izan genuen egoera hura aldatzeko; itxialdiak, gose eta garbitasun grebak..., modu horretan lortu genuen ohiko modulu batera aldatu eta baldintzak hobetzea.
Zaragozan egindako denbora osoa modulu arruntean pasa dut, beste kideekin batera. Beti, hori bai, lehen graduan sailkatuta eduki izan naute. Eguneko 18-20 ordu ziegan pasatzea esan nahi du horrek, eta gainerakoak patioan. Egoera horretan, alienazioaren aurkako etengabeko borroka mantendu behar da eta oso garrantzitsua da autodiziplina mantentzea. Preso bakoitzak bere irtenbideak bilatzen ditu; marrazkiak egitea, ikasketei heltzea... Horrez gain, kontuan hartu behar da kartzela barruan gorputza atrofiatu egiten dela eta oso garrantzitsua dela patioko orduak ariketa fisikoa egiteko erabiltzea. Modu horretan lortzen da nolabaiteko oreka mantentzea.

Etxetik kilometro askora bete duzu espetxealdia. Nola bizi izan duzu egoera hori?
Kanpoko komunikazioa oso mugatua izaten da espetxe barruan; astean bost minutuko zortzi dei egin ditzakegu eta berrogei minutuko bisitaldia ere izaten dugu, lokutorioan. Hilean zehar bi bis a bis ere izaten ditugu. Barruan zaudenean, ikaragarrizko indarra ematen dizute bisitaldi horiek. Etxekoen eta lagunen babes handia izan dut espetxealdi osoan zehar, eta hori oso garrantzitsua izan da.
Bisitaldiek, ordea, beldurra ere ekartzen dute. Errepidez egin beharreko kilometroak tartean direnez, bisitaldiaren aurreko eta ondorengo orduak urduritasunez bizitzen dituzu. Bisita ez da amaitzen telefono bidez guztiak ondo iritsi direla jakiten duzun arte. Alde horretatik, sakabanaketaren aurkako jarreran, ez dago erdibiderik. Izan ere, errepidean kilometro gehiago edo gutxiago egin behar dutenek, beti izango dute istripua izateko arriskua. Sakabanaketarekin amaitu beharra dago.

2012an, sakabanaketaren ondoriorik latzena bizitzea egokitu zitzaizuen. Bisitalditik itzuleran, auto istripu larria izan zuten etxekoek. Nola bizitu zenuen egoera hura espetxe barrutik?
Bisitan etorri zitzaizkidan Mila emaztea eta Eñaut eta Irati seme-alabak. Arratsaldeko 19:30ak aldera, etxera deitu nuen zer moduz iritsi ote ziren jakiteko eta emaztearen ahizpak hartu zidan telefonoa. Etxekoek istripua izan zutela esan zidan. Bost minutuko deiaren ondoren, ziegan sartzeko ordua iritsi zen, eta espetxeak ez zuen nirekin inolako salbuespenik egin. Telebista eta irrati bidez datu gehiago biltzen saiatu nintzen. Egun horretan, ordea, beste auto istripu bat ere gertatu zen, eta familia bereko hiru kide hilik suertatu ziren. Komunikabideek nahastu egin zuten informazioa. Nire etxekoak hilda zeudela sinestu nuen. Bi ordu egin nituen ziegako bakardadean, emaztea eta seme-alabak hilda zeudela pentsatuz. Gauean jakin nuen, Euskadi Irratiaren bitartez, ez zela horrela.
Istripuaren ondorengo egunetan, ospitalean bisita berezia egiteko baimena eman zidaten. Orduan ere, preso politikooi etengabe ezartzen diguten salbuespen egoera mantendu, eta eskuak bizkarrean lotuta nituela egin nuen bisita. Mila eta Eñaut zainketa berezien gelan zeuden eta Irati gela arruntean. Hamar minutu egin nituen bakoitzarekin, baina ezin izan nituen laztandu edo besarkatu. Ikaragarri gogorra izan zen hura.

Zure espetxealdiak iraun duen bitartean, aldaketa nabarmenak izan dira Euskal Herrian. Nola egin diozu jarraipena horri guztiari?
Komunikabideen bidez, bereziki Berria eta Gara irakurriz jarraitu ditut albisteak, nahiz eta atzerapen handiz jaso. Telebistako teletestoa ere asko erabiltzen da espetxe barruan. Barruan zaudenean, momentuko albisteen freskotasuna falta duzu, baina ikuspegi zabaleko azterketa egiten ikasten duzu. Alde horretatik, oso garrantzitsua da osatu duzun ikuspegi hori kontrastatzea. Asko hitz egiten dugu presoen artean, iritzi edo ikuspegi orokor bat osatu ahal izateko. Han barnean, asko erabiltzen da intuizio politikoa eta esango nuke, askotan asmatzen dela.

Maiatzaren 19an atera zinen Zuerako espetxetik. Etxekoen, lagunen eta herrikideen harrera jaso zenuen egunean bertan. Zeintzuk izan ziren zure sentipen nagusiak?
Talka handia eragiten du espetxe barruko burbuila atzean utzi eta kaleko errealitatearekin topo egiteak. Etxeko eta lagunek asko lagundu zidaten horretan. Hogeita hamar bat lagun joan ziren Zuerako atarira eta elkarrekin pasa genuen eguna, Nafarroa inguruan. Ordu batzuk izan nituen Zizurkilera iritsitakoan eskaini zidaten ekitaldirako prestatzen joateko. Harrera ekitaldi hura ikaragarria izan zen; jendetza hurbildu zen eta goxotasun eta hurbiltasun handia erakutsi zidaten. Maitasun adierazpen polita izan zen, bai nirekiko, baita euskal preso politikoek osatzen duten kolektibo osoarekiko ere.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure asmo nagusiak?
Gure epaiketa eskubide zibil eta politikoen bortxaketan oinarrituta zegoela kontuan hartuz, nire hitzak neurtzen ari naiz elkarrizketa honetan zehar. Oraindik ere ez dago bermatuta adierazpen askatasuna, eta adibide gisa, hortxe dago Joxe Mari Olarraren kasua.
Euskal Herrian, egoera hori kudeatzeko, ideia eta planteamendu berriak martxan jarri dira. Subirotasunerako euskal bidea eta bakerako euskal bidea dira normaltasun politikoa ekarriko duten bi bide nagusiak.
Nazioartean ibili izan gara gu beti; beste herrietako prozesuak ikusi eta gurera ekartzeko moduak aztertuz. Gaur egun lantzen ari den bidea, ordea, oso ezberdina da; gure errealitatetik sortutako prozesua baita. Denbora gehiago beharko dugu gure helburura iristeko, baina bide honetan sakonduz emaitzak jasotzen hasiko garela uste dut. Nire kasu pertsonalean, lurra hartzen joan behar dut. Jende askorekin hitz egin eta jendartearen klabea nondik doan berrikasi behar dut nire ekarpena egin ahal izateko.

Besterik gehitu nahi al zenuke?
Urte hauetan jasotako elkartasuna eskertu nahi nuke. Bereziki, senideek eskaini didaten denbora eskertu nahi nuke. Ia euren bizia ere galdu zuten. Orain, espetxetik aterata, ikaragarrizko zorra dudala sentitzen dut, eta ez dakit nola ordaindu niregatik egin duten guztia. Lehen urrats gisa, lerro hauek aprobetxatu nahi ditut eskerrak emateko. 


Ikuspegia

Itzuleran, aldaketa handiak sumatu al dituzu?
Bi aldaketa nagusi azpimarratuko nituzke. Alderdi positiboari begira, belaunaldi berri baten sarrera gertatu dela nabaritu dut. Beste ikusmolde batekin iritsi dira; egoera politikoa aztertzeko modu berria dute gazteek, eta hori oso positiboa da.
Alderdi txarren bat aipatzekotan, harrituta eta kezkatuta nago teknologia berriek duten eraginarekin. Pertsonen arteko komunikazioa eta harremana ahuldu egin dela iruditzen zait. Jendeak, eta bereziki gazteek, espiritu kritiko eskasarekin erabiltzen dituzte teknologia berriak, eta kontsumismo-tranpa batean erori garela iruditzen zait.
Zizurkili dagokionez, Udal-taldeak egindako lana azpimarratu nahi nuke. Bereziki, zaborra kudeatzeko eman den urratsa azpimarratu nahi nuke. Badakit ika-mika handia sortu duen gaia dela, baina hartu beharreko erabakia zen.

Espetxetik irten eta berehala izan dira Udal eta Foru hauteskundeak. Jarraipenik egin al diezu?
Oso datu interesgarriak eman dituzte hauteskunde hauek. Nafarroa garaiko emaitzak, esaterako, historikoak izan dira lurraldetasunari begira. Gipuzkoako egoera aztertzeari ekiten badiogu, irudipena daukat askotan gipuzkoarrok gure zilborrari begira bizi garela, Euskal Herriko egoera orokorrari begiratu gabe. Emaitzak, hobeak izan zitezkeen, baina lanean jarraitzeko aukera mantendu dugu.
Eraldaketa politiko soziala bilatzen duten politikek legealdi bat baino gehiago behar dute. Jendarteak, denbora behar du aldaketak barneratzeko eta horixe da Gipuzkoako emaitzak ikusiz ateratzen dudan ondorio nagusia. EH Bilduk planteatu dituen proposamenak bat datoz errealitatearekin: demokrazia gehiago behar da, estatus sozial handiagoa eta baita berdintasuna ere. Hiru kontzeptu horien inguruan lan handia egin dutela ikusi dut, baina jendarteak ez du horrela ulertu eta EAJ-k urrats horiek desitxuratzen asmatu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!