Aurreko eskolako baratzea Adunako kirol pista eraiki duten gunean kokatzen zenez, lekuz aldatu berri dute, kirol pista eta eskolaren artean, herriko aguazilek prestatu duten egurrezko itxitura dotorearen baitan osatuz. Iaz ekin zioten berriz ere ekimenari Udaleko, guraso elkarteko eta eskolako kideek elkarlanean eta gustura ari dira bertan lanean herriko haur eta gaztetxoak ere. Esti irakasle eta baratzezainak adierazi duen moduan, “lurrari duen garrantzia emanez, haurrek barazkiak nondik eta nola sortzen diren ikustea da helburua”. Lurrari buelta eman ondoren, herriko konposta erabili dute ongarri bezala eta Estiren esanetan, oso prozesu polita izan da. Euren baratzea ekologikoa da, hazi ekologikoak erein baitituzte bertan. “Ikasle baten aitonak hazi mordoxka ekarri zigun Errioxatik: babarrun txuria nahiz gorria, ilarra eta beste hamar bat barazkiren haziak. Hazi horiek poto txikietan aldatu genituen eta hazi ahala, landareak baratzean ereiten ari gara orain pixkanaka”. Baratzetik jasotako emaitza euren artean dastatzeko asmoa dute eta, esaterako, letxugak, ordurako hazten badira behintzat, eskolako jaialdiko bazkarian jateko asmoa dute, iaz bezala.
Aurtengoan ez dituzte barazkiak bakarrik landatu, baita dagoeneko beren burua erakusten ari diren hainbat patata landare ere.
Lurrarekin jolasean
2 urtetik 8 urtera arteko haur eta gaztetxoak nahasian aritzen dira baratzean lanean, adin aniztasuna landuz, talde ezberdinetan banatuta. “Ikasleak oso gustura aritzen dira baratzean, lurrarekin jolastea izugarri gogoko baitute. Xomorroak bilatzea ere gustuko lana izaten da haientzat”. Lanabesak hartuta, baratzera noiz joango zain-zain egoten dira, eguraldi ona lagun.
Ikasturtean zehar, gurasoen laguntzarekin, eskolako kideen ardura izan ohi da baratzea zaintzea, baina udako oporraldian ikasle eta gurasoak arduratzen dira txukun-txukun mantentzeaz.
Zetarrak tximeleta
Adunako eskolako ikasleek zetarren prozesua gertutik ezagutzeko asmoz, sei zetar ekarri zituzten aurrena eskolara, gero gehixeago. Egun ehundaka dituzte kaxa batean hosto artean bilduta. Adunako gaztetxoak zetarren prozesu osoa ikasten ari dira, txiki-txikiak direnetik tximeleta bihurtzen diren arteko pausoak gertu-gertutik jarraituz. Ioldi irakasleak azaldu duenez, haurrentzat esperientzia berezia izaten ari da. “Ikasleek egunero begiratu eta zaintzen dituzte zetarrak, aldaketarik ba ote den jakiteko. Zuhaitzetatik hostoak bildu eta jateko ematen dizkiete. Normalki masusta landarearen hostoa jaten dute zetarrek, baina guk hosto mota gehiago ere ematen dizkiegu, esperimentuak eginez”. Maiatzean ekarri zituzten zetarrak, baina abiadura bizian handitzen direla argitu du irakasleak, “izugarri jaten baitute”. Haurrek zentimetroaren laguntzaz neurtu egiten dituzte eta dagoeneko 5 zentimetroko luzera badute gehienek. Aurrez, 7 zentimetro zituela bihurtu zitzaien harra krisalida, haria sortzen hasiz. Tximeletak noiz hegaldatuko diren esperoan daude, beraz, Adunako eskolan. Oporrak hartu aurretik izatea espero dute gaztetxoek.
Naturarekin bat
Aduna, landa gunea izanik, naturaren ezaugarriak bertatik ezagutzeko ekimen ezberdinak bideratzen dituzte eskolan. Baratzearen eta zetarren berri jakitera bertara gerturatutakoan, eskola apaintzeko lore landaketa lan bete-betean topatu zituen Aiurriko kazetariak 2 eta 3 urteko gelako ikasleak. Landaketa lanak amaituta, ikasleek beraiek azaldu eta erakutsi zioten nola kotoi heze potoetan dilista haziak landatu eta iluntasunean utzi ondoren, landare “luze-luzeak” ateratzea lortu duten.