Kepa Junkeraren sorginak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 4a, 10:41

Umetan hasi ziren Maria Lasa zizurkildarra eta Garazi Otaegi asteasuarra panderoa jotzen.
Kepa Junkera musikari bilbotarrarekin batera ari dira orain, Sorginak taldea osatuta.

Trikitilari bikote gisa, txapelketaz txapelketa ibili dira urte askotan Maria Lasa eta Garazi Otaegi. Bide horri ere eusten dioten arren, abentura berrian murgilduta dabiltza egun; panderoa eskuetan, Kepa Junkera soinujole bilbotarrarekin “Trikitixaren historia txiki bat” diskoa grabatu zuten 2014an, eta kontzertuak eskaintzen dabiltza orain.
Duela ia bi urte hasi zen Maria eta Garaziren ibilbide berria. Mezu bidez iritsi zitzaien proposamena, lagun baten bitartez. “Kepa Junkera trikitixaren historiaren inguruko diskoa egiteko ekimena lantzen ari zen, eta neska gazte koadrila bat bildu nahi zuen panderoarekin aritzeko. Erronka handia zen guretzat, baina baita aukera paregabea ere. Jende gehiagorengana iristeko, eta asko ikasi eta esperientzia hartzeko modua zela ikusi genuen. Aurrera egin genuen”, azaldu dute.
Zazpi panderojole gaztek osatu zuten ‘Sorginak’ taldea, Kepa Junkeraren ekimenean murgiltzeko. Tartean dira Maria eta Garazi: “2013ko abenduan hasi ginen entseguekin eta 2014ko abuztuan egin genuen diskoaren grabaketa. Azaroan kaleratu zen emaitza, eta berehala eman genuen lehen kontzertua, Arriaga antzokian. Hortik aurrera, panderoa jotzeko modua aldatzen joan gara pixkanaka; geroz eta xehetasun gehiago sartu dugu eta, oraindik ere, bide hori egiten ari gara”.

Kontzertuetan, adi
Esperientzia berezia izaten ari da Maria eta Garazirentzat Kepa Junkerarekin jotzeko aukera. “Asko zaintzen ditu detaileak eta ikaragarrizko belarri ona dauka. Gure jotzeko modua hobetzen lagundu digu. Horrez gain, soinua jotzeko oso modu berezia du Kepak; inprobisatu egiten du eta gu ez geunden horretara ohituta. Kontzertuetan, oso adi egon behar izaten dugu beti”, azaldu dute.
Soinuak eta panderoak Euskal Herritik kanpora duten harrera beroa bertatik bertara sentitzeko aukera izan dute Mariak eta Garazik. Madril, Bartzelona, Murtzia, Sevilla, Granada..., toki askotan izan dira kontzertuak eskaintzen.
“Ez genuen pentsatzen hemendik kanpora trikitixa eta panderoaren munduak horrenbesteko arrakasta izan zezakeenik. Euskaraz abesten dugunean, jendea gurekin batera kantuan ari dela ikustea harrigarria egiten zaigu. Buruz ikasten dituzte hitzak. Kepa Junkera ikaragarri miresten dute, eta guri ere harrera beroa egiten digute. Oso pozgarria da hori”.
Ikasturte amaiera oso mugitua izan dute bi gazteek. Batxillergoko lehen maila amaitu berri du Garazik, eta selektibitateko azterketaren atarian dago Maria. “Entseguak, kontzertuak, azterketak..., batzuetan ez da erraza dena bateratzea, baina lortu dugu. Zazpi panderojole gara taldean, eta ez da beharrezkoa denak kontzertu guztietara joatea. Asko lagundu digu horrek eskolako premia eta gainerako eginbeharretara iritsi ahal izateko”. Uda iristean, hitzordu gehiago izango dituzte Sorginek: “Dinamarka, Italia eta Poloniara joango gara, kontzertuak eskaintzera. Oraindik ez dakigu zerekin egingo dugun topo, eta irrikan gaude”, amaitu dute bi gazteek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!